kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Ni, Vera / Itxaso Martin / Elkar, 2012

Ero? Iratxe Esnaola / Berria, 2012-05-06

Itxaso Martin donostiarraren lehen eleberria da esku artera iritsi zaigun hau, aurrez ez genion argitaraturik, behintzat, lanik ezagutzen. Bi atal nagusitan banatu du eromenaren pertzepzioaz jardun nahi duen eleberria. Lehenengoa, Martina pertsonaiari bigarren pertsonan zuzentzen zaion narratzaileak gidatutako narrazioa da, bost trantzetan banatua. Ez da kasualitatea izenburuak trantze izena hartzea. Martina sufritzen agertzen zaigu, bere osasun mentalarekin kolokan, edo, hobeto esanda, erotzat hartuko duten beldurrean. Dardara batean bizi den pertsonaia da. Ez zaigu esaten zer den gertatzen zaiona, baina askotarikoak dira jasaten dituenak: kaleari beldurra, ezin bakarrik egona, gorputzari agindua eman arren ezin mugitua, ezin hitz egina, haluzinazioak. Horrez gain, gorputzari min emateko tentaldiak ditu, eta buruaz beste egiteko ideiak. Horrenbeste gauza direla eta, pertsonaia zehaztea eta fokatzea zail gertatzen da, gain informazioagatik. Baliteke manual psikiatrikoren batek araututako jokabidea pausoz pauso jarraitu izana, baina narrazioan gehituz doazen mailek ez dute eskailera zuzenik osatzen. Uste dut idazleak iradoki nahi ziguna gaixotasun diagnostikatuei izan diezaiekegun beldurra dela, eta, aldi berean, erotasun hitzari zaion beldurra, bai eta besteek erotzat hartuko ote gaituzten ikara ere. Gogoeta interesanteak denak, baina pertsonaiak ez dizkigu zeharka baizik transmititzen. Beharbada, transmisioan ondoen asmatzen den unea pertsonaiak ordenagailuan idazten duenekoa da. Ahotsarekin ezin, eta idazkeraren bitartez norbere zalantzen argitzea etorriko den esperantza du.

Tramaren segidak hala eskatuta, psikiatrikoan egon zen bere birramonaren ikerketan barneratzen da Martina, aktiboki, bisitak eginez eta peskizak jarraituz (aipatu aurrekariekin sinesten zail samar izan arren). Liburuaren bigarren zati horrek idazkera joriagoa du, Martinaren birramona izan zenak lehenengo pertsonan bere bizitzaren errepasoa egiten digunean psikiatrikoan zergatik eta nola sartu zuten agertuz. 40ko hamarkada da, eta garai hartan emakume bat psikiatrikoan sartzearen arrazoien atzetik joan nahi du idazleak, nik uste. Zer emakume mota sartzen zuten, eta zer arrazoiri jarraiki? Vera izeneko birramona, eragindako abortu bat zela medio sufrimendu isil batean barneratu eta etxeko lanak eta seme-alaben zaintza bazterturik, bekatari sentituz eta buruaz beste egiten saiatu ostean, zoroetxean sartzen dute. Ereduei jarraitzen ez dieten emakumeak giltzapetzeko modua izan daitekeela iradokitzen da. Atal horren interesa eroetxearen egunerokoaren deskribapenean dago, baita eroaren gain jausten den estigmaren gaineko gogoetan ere, Verak urte luzeetan bisitak ez jasotzearen arrazoiez pentsarazten baitigu. Bi kasuetan espazioa, bi emakumeena, itxiturarena da. Narrazioak erakusten du garai bakoitzean gaixo edo ero deiturikoa nola alda daitekeen, instituzio medikuen diskurtsoek eta jendarteak egin irakurketaren arabera, nahiz ez zaidan iruditu medikuntzaren diagnostikoen aurkako aldarria ere.

Kohesioari dagokionez, bi emakumeen arteko paralelismoa nabarmena izanagatik, bi atalek aldi ezberdinetan idatziak dirudite, eta zatiek ez dute gorputz bakar bat osatzen. Asmoa asmatzen zaio kontakizunari, baina nago pertsonaiei beste modu batean helduz istorio hau hobetuko litzatekeela. Liburuaren kontrazalak dio Itxaso Martin emakumeari eta psikiatriari buruzko doktorego tesia prestatzen ari dela. Harexen zain geratzen gara.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak