kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Baita hondakinak ere / Iñigo Astiz / Susa, 2012

Bizitza legez Igor Estankona / Deia, 2012-05-05

Kontrazaleko poema irakurtzea nahikoa da ohartzeko Iñigo Astizek astiro, sakon, zehatz, polito idazten duela. Baina batez ere zintzo idazten du, zurikeria poetikorik gabe. Harrapatu egiten du irakurlea bere tonu etengabe grabearekin, eta poema amaitu eta iraun egiten du halako nostalgia indartsu batek, iraun soiltasunagatik, iraun, harritu egiten zaituelako oharkabean aurrean jartzen dizun ispilu horrek.

Neure burua ikusi dut islaturik Astizen hitzetan, gogoratu naiz bihotzaren beldur nahita ahaztuez. Esate baterako, nor garen ez jakitearen laborria: “Bigarrenez sakatu diot argiari, geldi, / ezin asmatuz zer beste unerengatik / sakrifikatu behar nukeen hau, / zer beste lekutan pentsatu nauten, / eta zer beste bizitza amestu didaten”.

“Norbait ezagutu dugula” iruditu zitzaion Lander Garrori liburua bukatu zuenean —azala berak diseinatu zuen—. Deskribapen ona dela otu zait, poemario zabala baita Baita hondakinak ere. Liburu honetan igartzen da idazlearen helburua zein den, nora iritsi nahi duen, zer konpartitu gura duen gurekin: “Hau guztia bukatzen den egunean / objektuak izango dira gutaz eta / gure ordez mintzatuko direnak”.

Astizen ametsak poesia dira, baina istorio luze bat bezala iristen zaizkigu, kontakizun intimo baten antzera, ipuin mingots txikietan diosku argonauta dela mundu arrotz eta erdipurdiko honetan, zeina guk bihurtu behar baitugun bizitzeko moduko, eta hiltzeko egoki: “Zuhaitz bat haz dezaket nigan, / eta metafora beharrik gabe / izan naiteke inoren gerizpe. / Konkista nazakete, alokatu, edo, / agian, baita bakean utzi ere, / garrantzi estrategikorik gabeko irla bat nola; / izan ditzaket sustraiak, banderak, / eta biztanle gutxi gorabehera zoriontsuak. /(…) atsegina ere bada geografia izate hau: / pertsona bezain leku sentitze hau”. Poema berean biltzen dira baikortasuna eta iluna, eta collage-aren bitartez, polifoniari esker, irudien aberastasunarekin, egiatik askoz hurbilago dagoen efektu interesgarria lortu du idazleak: batera kontatzen ditu batera sentitzen dituen hainbat gauza, nahastea dela onartzen du, ugaldu egiten zaizkio diskurtsoaren planoak, Iruñean bizi du Elizondo. Halako jokoekin eta abstrakziotik gauza konkretuetara eroateko daukan gaitasun harrigarriari esker, Astizek dakar diskurtso bat eguneroko gauzetan errotua, baina modu berezian. Alde batetik beti bezain itsusia da dena, baina beste alde batetik magikoa da; batzuetan amorragarria izan daiteke denbora hil hau, eta beste batzuetan miragarria bizirik egote hutsa.

Saltoa eman du poetak, plazaratu ditu bereak indartsu, eta ezin saihestu ahal izan duen arren behartutako esperimentazioa zenbait lore-jokotan, orokorrean naturaltasun itzelarekin harilkatzen ditu aspaldian irakurri ditudan hibrido onenak: ironia eta patetismoa, barrea eta negarra. “Sekula guztiz heltzerako badoan / presentzia lauso bat baino ez da / iraultzaren ideia nahasia hemen”. Bestelako sentimentaltasun bat da Astizena. Ez da bihotza eskuan idazten duenaren nabarmenkeria, ez da esperientziaren poesia hotza, ez da pribatua eta itxia, ez da publikoa eta esplizitua, ez da kasualitatearen fruitu, ez da aurrez pentsatutakoa, ez da lirikoa… baina mundu honetako kontraesanei, edertasunei, erreparatzen die.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak