« Patu hitsak harrapatuta | Vera Candidaz dakidana »
Etxekalte / Harkaitz Zubiri / Susa, 2012
Begiztak, lakioak, tranpak Aritz Galarraga / Deia, 2012-04-28
Literatur aurrekari bakarra ezagutzen genion Harkaitz Zubiriri, Zakur kale, 2007koa. Ipuin bilduma izan zen hura, nabarmengarria; behar baino laburrago esateko, narrazio haietan agertzen zituen gaiengatik —lan munduko auziak eta bestelako gatazka sozialak—, nahiz gai horiek narrazioetan txertatzeko aukeratutako ikuspegi, estilo eta teknikagatik. Topikoak esaten duena badakigu, ordea: bigarrenak erakusten duela maila, bigarrena dela benetan zaila; lehenak ezarritako langa berdintzea ez dela inondik samurra, batez ere lehena izan bada, Zakur kale hura izan zen bezala, “freskoa eta ausarta”, “txukuna eta interesduna”, “oso irakurgarria eta trebea”.
Ipuinen aldean, nobela ekarri digu oraingoan Zubirik, Etxekalte, bost urteren buruan ondua eta argitaratua. Hala ere, lehen liburu harekin erkatuta, antzekotasun bat baino gehiago aurkituko dugu liburu berri honetan. Esaterako, enpresa munduan girotutako narrazioa dela, enpresa bateko langileak direla eleberriko pertsonaia eta ardatz. Gehiago zehaztearren: Josu dugu, batetik, aita ustez amiantoak hil dion langilea; Herrera eta Etxebe, bestetik, ustez lankideen egoera hobetzeko txostena egiten ari dena bigarrena, bigarrenaren bikotekidea lehena; Nora ere badugu, gero, Josuren bikotekide-edo izandako enpresako langilea; eta Aingeru, azkenik, nobelaren bigarren partean tupust agertuko den enpresako buruaren semea. Ez dira bakarrak, noski, baina bai akaso bereizgarrienak, narrazioa beren bizkarretan aurrera daramatenak. Bikain xehetuak guztiak ere, pertsonaiak dira Etxekalte honetako puntu indartsuenetako bat.
Beste bat izan daiteke korapiloa. Amiantoa aipatu dugu. Eta aipatu behar dugu amiantoak pizten duela sua. Anaitasuna S.A. (ja, ze sarkasmoa) enpresaren nola-halako oreka hausten hasiko da Josuren aita amiantoak hil duelako susmoa hazten hasten delarik. Hortik aurrera, gehiago jakin nahi dute batzuek, jakin daitekeena estali nahi dute besteek, eta bada ur horien artean atzera-aurrera ibiliko denik ere. Plazera da, hartara, ikustea nola hariak egin eta desegiten diren, estu lotu eta korrokoildu batzuen eta besteen artean. Bikain xehetuak baitaude hari horiek ere eleberri honetan zehar.
Eta enpresa mundua aukeratu du Zubirik. Enpresa ez akaso txikia, ez seguru erraldoia, familia enpresa zergatik ez, aitak semea zuzendaritzan koloka dezakeen horietakoa, Etxekalte nobelaren paisaia gisa. Oso da asmo azkarra eta oso ezohikoa, enpresa baten mikrokosmosa harrapatu nahi izatea, geure jendartea den makrokosmosa hobeki ulertu ahal izateko. Lan mundua, egunean, urtean, bizitza batean ordu gehien ematen ditugu bertan, bertan garatzen ditugu berezi eta bakar diren harreman pertsonalak, eta aldiz zer gutxi erabiltzen dugun literaturarako, akaso literatura —gaur ezagutzen dugun moduan— asmakizun burgesa izanik, langileen egunerokoa urrun nahi duelako.
Ahantzi gabe, ordea, paisaiak paisai, gizaseme eta alaben arteko begiztak, lakioak, tranpak xehetzea duela nobelak hondar helburu, zeinen gaizto bihur daitekeen zauri bat, zeinen bakarrik gauden, zeinen erraza den berandu iristea, tronpatzea, desagertzea, zeinen gaitza gertatzen zaigun duintasun apurra ez papurtzea. Oraingoan ere literatur lan txukuna eta interesduna bildu baitu Harkaitz Zubirik bere estreinako nobelarekin.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi