« Hilketa baten aztarnetatik errautsetara | Igelak benetan hiltzen dira »
Etxekalte / Harkaitz Zubiri / Susa, 2012
Urradura Iratxe Esnaola / Berria, 2012-04-22
Harkaitz Zubiriren lehen literatur lan argitaratua Zakur kale ( Susa, 2007) izeneko ipuin bilduma izan zen. Orduko hartan kritikak pertsonaien artean eta pertsonaiok elkar gurutzatzen zuten enpresan izan ustelkeriak nabarmentzen zituen, baita donostiar anitzen erretratua egin izana ere. Ezaugarriok herrestan ekarri ditu bost urte geroago, baina Anaitasuna SA enpresak eta Donostiak lotzen dituen bost pertsonaia berriok, oraingoan, eleberrian eta narratzaile orojakileaz lagundurik datoz. Hogei kapitulu eszena laburrez osatuekin egiten du aurrera kontakizunak, eta txandaka pertsonaia bakoitzaren barrunbeak ezagutzen ditugu. Hogeita hamar urte inguru dituzten belaunaldia da Josu, Nora, Aingeru, Herrera eta Etxebe bikotearena. Anaitasuna enpresan (izenen hautaketa ez da inoiz kasuala, eta ironiaz bustiak datoz) lan egin zuen aita hil berri zaio Josuri. Enpresa berean dirau Josuk lanean eta aitaren heriotza amiantoa eta asbestoa erabiltzeak sortu zuelako zantzuak ditu. Enpresako datuak bilatzen hasiko da lankideei laguntza eskatuz, sindikatuekin elkartuz, testigantzak bilatuz, justu enpresan hitzarmen kolektiboa negoziatzen ari direla. Horraino aurreikusgarria den trama.
Zorionez, Josuk ez du gorpuzten borrokalari sozial arrakalarik gabearen heroikotasunik. Amaiera arte bere asmo onen zalantza izango du irakurleak. Tira, bere asmoena eta gainerakoenena. Intentzio on askorik geratzen ez den mundua marraztu digu egileak, norberekeriara emana, garratza eta lehiakorra gehienean. Sindikalisten ustelkeria, lankideen arteko labankadak, solidaritate falta eta mesfidantza. Aldi berean, asmo eskuzabalak dituztenen erredura eta urradura, tantakakoa, zein behin betikoa. Bereziki azpimarratzen da aita-seme harremana. Josu semearentzat berak izan ez duen bizi-maila nahi du aitak, eta asmo horrekin nor izateko zer egin behar den errepikatzen dio. Horrek semeagan sortu duen auto balorazio eskasak, aitarekiko ezinikusi eta lehiakortasunak, aita-seme harreman orokorrago baten trazadura konfliktozkoa iradokitzeko adina indar du.
Eguneroko arazoekin literatura egiten daki Harkaitz Zubirik. Hipotekarekin arazoak dituzu eta etxea eta autoa ordaindu beharrak oinak kakaztu dizkizu? Diru beharrean zaude eta gurasoen eskuzabaltasunaren mende jarraitzen duzu? Langabeziaren beldurrean eta prekarietatearen mugetan bizi den donostiarra aurkituko duzu, Bidebietako sindikalistaren alaba eta fabrikako langilearen semea. Liburuaren bigarren atalean, pertsonaia ezberdin bat agertuko da, Aingeru, Anaitasuna SA enpresako zuzendariaren semea. Donostiar dirudun pijoen ikuspuntua txertatzen du, eta asko eskertzen da, enpresaburuen hitzik ez delako ageri, bestela (narratzailea beraiekin ez doan neurrian). Ezer izatekotan gabezia horixe luke, enpresako beste begiratuaren falta sumatzen da, jabearena, nahiz Aingeru semearen bitartez bera zertan den bihurtzekoa iradokia geratu. Baina, inondik ere, egileak ez darabil joera manikeorik, eta zikoizkeria klase kontua baino, norbere ardura moduan erakusten du.
Bada garraztasun gehiago, oraindik, eleberrian. Lagunartea galtzeak uzten dituen zauriak. Laguntasunaren trena ospa egiten duen trena da, eta, badoalarik, kirrinka mingarria egiten du trenak. Bikote harremana ez gutxitan kolokan jartzen da eta geroz eta bakartuago gaude bizian. Horixe ba, erretratua. Urratua uzten duen eleberria da. Jendarteko injustiziak, kideen labankadak, norberaren zikoizkeriak koktel gordintxoa dakarkigute. Hona hemen amets zapuztuak, asmo kolektibo transformatzaileak porrotera eramanak. Urradura sentipena utzi dit liburuak, baina ona da hori, irakurtzea merezi duen eta ukitu nauen seinale.
Sorbatza
Markel Sanchez
Asier Urkiza
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Nagore Fernandez
Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo
Amaia Alvarez Uria
Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi