« Erdibitutako mundua | Azkenik ere, maitasunaren garaipena »
Zu zara orain txoria / Mikel Etxaburu / Elkar, 2011
Ni naiz orain txoria Ainara Maia / Gara, 2011-11-26
“Mila eta bat aukera ikusten ditut, baina ez dago lekurik aukerarentzat. Harengandik urrundu nahia modu zibilizatuan onartu beharreko ikasgaia da, eta gainerako guztia askatasun hitzaren pean ezkutatutako askatasun gabezia da. Egia da hutsminaren izuak joak gaudela eta lasaitzen gaituela kateak”. Gizakiak ez du askatasunik nahi.
Thomas Bernhardt-en aipa horrekin hasi du Alcala-Mecoko kartzelatik idatzitako poema-liburu hau Mikel Etxaburuk, eta kartzela honetara iritsi da azkenean bere hitz zaparrada. Mota askotako kartzelak baitaude bizitzan. Bernhardt-ek zioen gizakiok benetan ez dugula askatasunik nahi, baina Etxaburuk diost xirulirulika saiatzeko aske izaten, maitatzen. Orain ni naizela txoria diost, eta hori idatzi didanez gero bertso-lerro poetiko hunkigarrietan airatu naiz gora.
Goitik so egiten dizuet irribarretsu zoriontsu zaretenoi inbidiaz, eta maitasunezko muxu zaparrada eroriko al da nire begiotatik! Beharbada amets bat baino ez da askatasuna, eta ez dugu asko behar bizirik irauteko, baina zoriontsu izatea ere ez da hain zaila; norberaren burua maitatu ondoren, bestea, zu, maitatzea da zoriontasuna, ala?
Aitor dezagun: kateek pisatzen dute, baina konpainia ere egiten. Hala ere, kaiolan ohartzen da txoria zein aske eta ez aske zen, eta askatasun ezaren baitan askatasun zentimetro koadroak bere buru eta eskuen indarraz sortzera eraman dute poeta. Botila hutsik dirudienean botilari arretaz begiratu eta han behean oraindik ere tanta bat dagoela ohartu naiz Mikel Etxabururen poema-liburu intimista irakurri ondoren. Poeta armiarmekin jolasten da eta haurtzaroari deitzen dio, haurtzaro xume bezain zoriontsu hari, berriro ere zoriontsu izan gaitezen.
Kartzelak ez-lekuak direla esaten dit Etxaburuk pio-pioka, egunero txoria agertzen baita ziegako leihora “orain zu zara txoria” esatera, eta barroteetatik ezin dugunez atera, jolasean hasten gara, txikitan bezala, haur gineneko kantuak ateratzen zaizkigu paretetako zirrikituetatik. Bakoitzak bere zama dugu bizkarrean, iraganak bultza egiten gaitu etorkizunera norabait, orainean, inon ez gauden honetan. Ez-leku hauetan poetak haurtzaroko zirkuko pertsonaiak ditu gogoan, eta akrobatekin ibiltzen da oreka mantendu nahian bizitza ez seguru honetan.
Ez, ez dugu asko behar bizitzeko orain, ez-leku eta ez-denbora honetan; berba goxo bat soilik, eta akaso esperantza amiñi bat, agian. Zama honek hiru kintal pisatzen omen du, eta bizitza badoa hogei hasperenek bultzaturik. Lau horma zuri hauetan ezintasuna beti da bat gehiago, baina bakarra malkoa. Negarrez nagoen arren bakarminez, olerki itxaropentsu hauek irakurriz hemen, lau pareten artean, salbu nago, nahiz eta ez den maitasun-gutunik iristen hona, nire maitasun-gutunen erantzun gisa. Azken txokolate-ontza bat eman dit eskuera poeta honek LASTER ARTE begiekin esan didanean, eta nik begiak itxiko ditut poetaren utopia irudikatzeko; ez-lekuetan leku pribatuak gutxi direlako, ni aurkitu nauzu, poeta! Mila eta bat gau pasatu ditut bertso hauek irakurtzen zuk nirekin topo egin arte, eta atzo erakutsi zenidan pailazoaren gisa irribarre egiten, negar egiten dugun aldioro.
Ni naiz beharbada pailazoa, eta palazioa haizezkoa eraikiko dugu itsasoetan. Zaila da agur esatea euria ari duen arratsaldeetan, argia joaten den gauetan, eta “maite zaitut, laztana” esan behar zidanean, nire ideia ere eten zen. Eten da jada gure arteko harremana, udazkena jadanik udatik negurako etena denez gero. Hitzik esan gabe joan zela oroitarazi didazu, niri ere MAITE ZAITUT hura haizean dilindan gelditu zitzaidan, eta gaur oraindik badut esperantza hori entzuteko berriro, haizean hegaka nabilenez gero. “Ni naiz orain zoria, hegaka, lurrera inbidiaz begira, ilargian berriro damutzeko zain gaudenon kartzelak baitira izarrak, eta zori-onak hegan etortzea omen da ez-ohikoa joan ondoren, eta datozenean ausart eta indartsu airatu behar da lur hotz honetatik bihotz epelagoetara”.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez