kritiken hemeroteka

8.683 kritika

« | »

Hutseaniko hazkurria / Joxemiel Bidador / Pamiela, 2010

Ongarri hau lurraren hazkurri Ainara Maia / Gara, 2011-06-11

Azken denboran ondutako poemategia dela jakinarazten digu Joxe Angel Irigaraik aitzin solasean, poeta hil ondoren eman baita argitara, lurraren ongarri, irakurleon hazkurri. Barneko harrak ernegaturik eta etsiturik botatzen ditu hitzok Bidador olerkari nafarrak, lurrazpiko arbaso zaharren ahotsa jakinarazi nahian bertsoz bertso, historia eta mitologia elkartuz. Lurrazpiko harrak bizirik sentitzen zituela zirudien, eta bere nortasuna balantzan jarrarazten: nor naiz ni, ni hau edo beste ni hura?

Zalantzan jarri zituen olerkariak Euskaltzaindiaren arau zuzenak, eta bihotzak erran ziona idatzi zuen, hutsean sortutako elikadura norberarengan baitu sorburu. Hutsean eroritakoari eusten saiatu da poeta, eta abiapuntu horretatik aitzina segitu du Hiztegi Batuan agertzen ez diren hitz egokiak idatziz, barkamena eskatu ondoren.

Hutsetik erori dira hitzok ene barnera sakon eta iraunkor, eta kritika hau idatzi dut, poetak berak ez duela irakurriko jakinik, edo agian bai? Edo zuretako? Zertarako idatzi dut kritika hau? Hutsean jausitako ale hauek fruituak eman nahian lurrean, beharbada ardo gorri nafarrean labaindurik argiago ikusi dute begi lausoek iragana etorkizunaren oinarri dela. Ardoak biziarazi zuen poeta, eta erabat ardotu arte ez zuen onik izan. Orain hutsean zegoenaren ongarri bilakatu dira hitzok. Erdipurdikokeriaz inguraturik gaudela identitategabearen negarra iritsi zait, eta dardaraka neure buruari galdetu diot: izan ala egon? Hor dago koska, Bidador! Nire aita zenak ere ez zidan etxerik eskaini, baina hala ere badakit ene baitan zer ez naizen, jakinik non nagoen. Naizen hori ere izan nahi dudana ote da? Zein da niago, lainoz honatago dagoen hau, ala ezkutuan dagoen beste nia?

Poeta bera sexuaz mintzo zaigu, plazera izanik ere, porrotaren estaltzeko ez da nahikoa, eta poetak egungo euskal poesia postmodernoan nia ez dela agertzen adierazten du etsiturik. Gaurko poetek niaren proiekzio faltsua besterik ez omen dute erakusten, inor ez dela biluzten, inor ez dela larrutzen, eta poesia kontsumista dela nagusi, poesia komertziala, azaleko poesia, fast food poetikoa; Joxemiel Bidador hori ez egiten saiatu da.

Memoriaren bidez kanpo etsaiaz mintzo zaigu poeta, eta heriotza txikitzat ditugun orgasmoen aitzinean isiltasunaren garrantzia aldarrikatzen du olerkariak. Urte berri bakoitzeko beste kandela bat pizten dugu sistema alternatibo bat eskatuz etsiturik.Olerkariak bere musikaz diost ez dagoela lehenaldirik ez gerorik, betikotasun izpiak soilik, baina urak ez dakar urak daroana, eta lehen zena, orain ez da, eta ez da izanen. Horregatik ardo bat, mesedez, iraganak ez baitit balio, eta oraina hutsala zaidalako niri ere, orain gibelera itzuliz hasten zaigu. Ezkortasunez, etsiturik, beretzat idatzi zuen olerkariak, arauari ez zekion zor, eta bere burua erakusten du fin, baina jakinik poema onenak paperera gabe direnak direla.

Ez dakit liburu-kritika hau Joxemiel Bidadorrek berak irakurriko ote duen, baina haren bitartez Txurregiko kaskoa etorri zait berriro gogora, eta oraingoan ahalik eta kritikarik objektiboena egiten saiatu naizen arren, nire nia atera zait berriro ere. Barkatu, irakurle, eta barkatu ene bihotzeko lagunok gaizki erranak, baina berriro mindurik irakurri dut, eta hau bihotzeko zauriak erabat itxi gabe idatzi dut.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak