kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Biodiskografiak / Iban Zaldua / Erein, 2011

Gure taldea zure bizitza izan zitekeen Leire Lopez Ziluaga / Berria, 2011-05-01

Iban Zalduak Ipuinak. Antologia bat bilduma bikaina argitaratu zuen iaz, ordura arte plazaratutako ipuinak jasotzen dituena. Biodiskografiak da ordutik argitara eman duen lehen ipuin liburua; hogeita hemeretzi ipuin laburrez osatuta dago —hiru orrialde ingurukoak dira gehienak—, eta disko batekin lotuta dago ipuinetako bakoitza. Lehenago ere azaldu da musikarekin lotutako elementurik Zalduaren ipuingintzan, eta Nabarra aldizkarian ere idatzi ohi zuen diskoei buruz, baina, kasu honetan, liburu osoa oinarritu du musikaren eta fikzioaren konbinazioan. Topikoa da Nick Hornbyren erreferentzia aipatzea, baina bera izan da tematiena pop musikak fikzioan zati garrantzitsua izan dezakeela erakusten. Badira beste adibide batzuk, baina horrelakoetan zenbait egile erromantizismo nostalgikoak jan ditu, eta liburu honetako pertsonaia batek dioen bezala, “badakizu musika dela nik erromantizismoa onartzen dudan esparru bakarra; pop-a da maitasunak existitzen jarraitzen duela sinestarazten digun fikzio ia bakarra, egun”. Kanta baten hitzen eta literaturaren arteko aldea izan daiteke lehenengoari onartzen diogula bigarrenari onartuko ez geniokeen erromantizismo ergela. Egile asko kutsatu da hitzen erromantizismo horrez musika fikzioan txertatzerakoan, baina Zalduaren liburuan ez dago horren izpirik.

“Gure taldea zure bizitza izan zitekeen”, zioen Minutemen taldeak. Ez dakit bizitza bat markatu gaituzten diskoen bidez konta daitekeen. Erraza da horrelako proiektu bat soilik idatzi duenari interesatzen zaion zerbait bihurtzea. 36ko gerran edo 80ko hamarkada miresgarrian izan ez ginenontzat, norberaren disko kutunei buruzko kalaka aspergarriek betetzen dute sasoi hobeei buruzko hitzaspertu errepikakorren lekua. Zorionez, egileak ez du diskoen aitzakia erabili irakurleoi bere bizitza kontatzeko, edo disko jakin bat berarentzat zer izan den esateko. Edo agian bai, baina fikzioaren bidez egin du eta, beraz, Iban Zaldua hezur-haragizko indibiduoaren biodiskografia izan beharrean, edozein irakurlerena izan daiteke Erein argitaletxeak argitaratu duena. Izan ere, musika bizitzako hainbat alderdi erakusteko bidea da hemen: giza harreman beti konplikatuak, obsesio gaixoak eta abar. Hamasei disko 80ko hamarkadakoak dira eta horrek nostalgia puntu bat ematen dio liburuari, sasoi bateko diskoak berreskuratzeak haiei lotutako oroitzapenak berreskuratzea baitakar. Dena dela, ipuin hauetakoren bat musikaz ez diharduten ipuinez inguratuta argitaratu izan balitz, ez genioke gehiegi erreparatuko musikaren presentziari, musikak ez baitu hemen ipuina jaten, irakurleak ez du sentitzen disko bat aipatzeko egileak maniobra berezirik egin duenik, ezta diskoei buruzko informazioa elkarrizketetan sartzen duenean ere —eta ez da erraza—. Horrek ez du esan nahi musikari buruz esaten direnek baliorik ez dutenik; ikasteko aukera ematen du liburuak —baten batek esango du aukeratutako disko batzuei buruz ikastea ez duela gehiegi merezi, baina aukera pertsonalak dira—, baina horren gainetik, musikazaleak irudikatzeko abilezia azpimarratuko nuke. Gainera, musikak liburu osoa zeharkatzen duen arren, ez da errepikakorra egiten, ipuinen gaiak —musika ez delako gai nagusia ipuin gehienetan— eta ipuinak narratzeko erabilitako teknikak askotarikoak baitira.

Arrisku bat du liburuak: bigarren mailako liburutzat jotzea Iban Zalduaren lanean; musikazale baten apeta dela pentsatzea, musikazaleentzako liburua baino ez dela. Edo haren alde literarioa kontuan ez hartzea. Baina lehen mailako ipuin liburua da, hasieran aipatutako antologiaren parekoa.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak