kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Hilobiko isiltasuna / Arnaldur Indridason (Julen Gabiria) / Alberdania-Erein, 2010

Garai ilunen indusketa Iker Zaldua / Gara, 2010-11-12

Arnaldur Indridason aukera dute Alberdania eta Erein argitaletxeek, elkarren artean sortu duten Batera sailaren apalategia literaturaz hornitzen hasteko. Idazle islandiarra da, Reykjaviken sortua, eleberri beltzaren lagun eta sortzaile.

Hilobiko isiltasuna (Grafarþögn) 2001ean argitaratu zuen eta bederatzi urte behar izan dira Islandiatik Euskal Herrirainoko bidea egiteko. Esan bezala, eleberri beltza dugu aurrez aurre, poliziakoa, Reykjaviken kokatua. Horrenbestez, leku eta pertsonaia guztien izenak islandieraz ematen dira eta irakurlea trabatu egiten da ezinbestean, errepikaren errepikaz ezagun egin arte. Dena den, komeni da horri dagokionez aipu labur bat egitea, izan ere, idazleak jolastu egiten du izenekin, irakurleari (islandiera menderatzen duenari, noski) pistak ematen dizkio izenetan ezkutaturik. Adibide batera, eleberriko pertsonaia nardagarrienak Grimur izena du, basatiren baliokide dena. Bestalde, bada Grafarholt izeneko muino bat, islandieraz muinoko hilobi esanahi duena. Azkenik Erlendur aipatu behar, protagonista nagusia, eleberrian zehar sakabanatzen diren hari guztiak batzen dituena, Zuberoan erabiltzen zen “manexa” litzateke inspektorearen izena.

Hala ere, Erlendurren esanahia ez dugu soilik liburu honetan bilatu behar, Indridasonek 1997an sortu zuen pertsonaia hau eta liburu poliziako guztietan agertzen zaigu, liburuz liburu eraikitzen den pertsonaia da. Hilobiko isiltasunean beste bi inspektorerekin ikusiko dugu, Grafarholt muinoaren hegal batean eraikitako auzoan agertu diren hezur batzuen miran, haien jatorri iluna argitu nahirik.

Hori da aitzakia, XXI. mendea zabaltzearekin batera lurraren azpitik altxatu den eskeletoa, norena den jakitea. Hala, idazleak bi istorio sortzen ditu, paralelo izan nahi dutenak, amaieran elkartu egingo direla nahikoa ageriko kontua dirudien arren. Alde batetik, XX. mendeko lehen erdira egingo dugu atzera, Bigarren Mundu Gerrak Islandia harrapatu zuen garaia zapaldu arte, orduan jazotakoak bigarren istorioan ikergai dira, XXI. mende hastapenean.

Horrenbestez, ez nuke intriga azpimarratuko, baina erritmoa sartzerakoan asmatu egin dela esango nuke. Batetik besterako jauziak egiteko disimulurik ez du, badakigu noiz gauden gerra garaian eta badakigu noiz haiek aztertzen. Gainera, pertsonaia bakoitzak badu bere istorio txikia eta luzamendu gehiegitan ibili gabe garatzen ditu, istorio nagusia ahantzi gabe. Dena den, zenbaitetan eztabaidagarria ere izan daiteke ildo nagusia krimena argitzea ote den, horregatik erabili dut aitzakia.

Izan ere, genero-indarkeriak garrantzia nabaria eta berariazkoa du eleberrian, indarkeria fisiko eta psikologikoa Grimurren hatzaparretatik irteten dena eta tratu txar psikologikoa Erlendurrek eragin eta jasan duena, bere istorio pertsonalean. Alde batetik, inspektore tristearen emazte zein alabak isiltasun eta hitz pozoituak oparitzen dizkiote, gorroto plastikotan bilduak. Baina, beste alde batetik, gozoki maltzur horiek zerbaiten buelta direla dirudi, nahiz eta idazleak Erlendur gizajoaren aldeko epaia eman.

Liburua ustekabe txiki batekin amaitu arren, irakurleak aurreikusi egin dezake azken puntuak zer gordetzen duen, ustekabeak zein bide egingo duen, nahiz eta agian, bete-betean ez asmatu, arestian aipatu dut intriga ez dela giro horretan hegan dabilen txoria.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak