« Balizko munduak | Mendiak ahopeka »
Laugarrenak lau / Gabriel Korta / Autore-editore, 2010
Flashback Uhin Berrira Igor Estankona / Argia, 2010-07-25
Ekainean Mikelazulon aurkeztutako liburuan bildu ditu Gabriel Kortak, 1951n Donostian jaiotako oreretarrak orain arteko lanak —zuzenduta eta egokituta— eta poema berri zenbait. Laugarrenak lau honen barruan kabitzen dira, honenbestez, Isiletik, Okaranak eta Harri hautsiak zaharrak, eta Testigantza zati berria. Koldo Cadiernoren marrazkiekin dator liburua.
Berezko autonomia duten lau poemategi dira, terapia egiteko lau ahalegin, lau ukendu bizitzaren kolpeen kontra, lau kantu naturari eta esperantzari. Puntu kardinalak batzen dira lan honetan: poesia lirikoa, deskriptiboa, filosofikoa eta soziala. Egituraz sotila eta hizkuntza aldetik musikatua, Gabriel Kortaren poesia anti-formalista da, nahiz eta Artzeren ondoren kontzeptu horrek asko ez duen balio: azkenean, Artzeren forma hartzen zaio guztiari.
Uhin berri mitikoaren uberan idatzia iruditu zaigu Laugarrenak lau, erretorika arean ahaztu horren arrastoan ondutakoa, behinola abangoardista eta beti konformismoaren kontrakoa eta barnera begirakoa. Naturak berak ere bat egiten du gogo-aldarte espiritual honekin, liburua zipriztintzen duten hainbat aipamenetan: “Izarrak kontatzen dituzu / haiei so, / morrontzan, / bare kantatzen duzu / bakardadezko hari hotzean, / galaxia isilen misterioa/ zutaz jabetzen denean (…)”.
Unibertsoaren aurrean erantzunaren aiduru dagoenak “jainkoa” edo haren lekuan jar daitekeen beste edozein kontzeptu gura du ulertu. Gabriel Korta behin baino gehiagotan aurkitu dugu izarrei beha, baina bista munduko gauza txikietan ere pausatzen du maiz: “Maite dut Hondarribiko / uraren zurrumurrua, / txalupatxoen kulunka, / uraren zurrumurrua… / Maite dut, / maite dut”. Halako poemen soiltasunak eta ariman kilimak egiteko daukaten gaitasunak harriturik utzi naute, kenduz-kenduz handitzen den zuloa bezalakoak iruditzen zaizkit, eta poeta gutxi da gai hain zimitz finekin egiteko sentimendu sakonei habia: barruan sustraitutako hitzak darabiltzalako ateratzen zaizkio idazleari, apika, hain kontzeptu gutxi, eta hain indartsuak.
Sentimendu sakonak eta poesiak soilik erantzun ditzakeen galderak lau koadernotan. Gabriel Kortaren dialektika bere buruarekin da, bakarrizketa gogorrean ari da, zuria eta beltza, argia eta itzala, justizia eta ilunpea aztertzen ditu bere burua aztertzen duenak bezala, sufritzen du eta maite du bihotza zabalik. Poesiaren formak behar bada iraungiko dira, baina espiritu hori ez da inoiz modaz pasako.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez