kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Vikingoen sorterrira / Xabier Mendiguren / Elkar, 2010

Dena da politika Leire Zubeldia / Gara, 2010-07-16

Liburu mardula ireki eta Vikingoen sorterrira. Istorioak irakurri dut sarrerako orrietariko batean. Istorioak edo ipuinak baino, esango nuke zazpi nobelatxo idatzi dituela Xabier Mendiguren Elizegik. Beti pentsatu izan dut pertsona bakoitzak nobela bat gordetzen duela. Bere bizitzaren nobela. Bada, liburu honetan pertsonaia ezberdinen nobela kontatzen zaigun irudipena dut. Pertsonaien istorioak dira eta ez istorioetako pertsonaiak. Protagonistak dira abiapuntu, eta horien bizitza hartzen du narratzaileak mintzagai. Ez da une batera, gertakari batera mugatzen; bizitza osoak kontatzen ditu egileak, edo behintzat epealdi luzeak.

Erbestean larriki gaixorik dagoen aita ezezagunaren bila doan emakume gaztea; ebakuntza arriskutsu baten aurretik alabari bere bizitzako amodio sekretua kontatzen dion emakume heldua; aitaren lantegia ixten dutela eta, ikasketak utzi eta mobilizazioak antolatzeko herrira itzultzen den ikasle abertzalea; arrebarekin harreman sexualak dituen mutil gaztea; autoarekin harrapatuta haur bat hil eta errudun sentimendua gainetik kendu ezin duen preso ohia… Adin eta kolore ezberdinetako pertsonaiak agertzen zaizkigu liburuan. Baina badute zerbait amankomunean: pertsonaia arruntak dira, sinpleak, eta bizitzako une edo gertakari batek muturreko egoera batetara eraman ditu. Diren bezala erakusten ditu Mendigurenek, beraien kontraesanekin. Pertsonaia guztien kasuan sumatzen du irakurleak pentsatzen eta egiten dutenaren arteko inkoherentzia. Gainera, kontraesan horiek ia beti gai politikoekin izango dute zerikusia.

Politikak eta langile mugimenduak osatzen dute liburu honetako paisaia. Gehiago zehazte aldera, Euskal Herria eta bere gatazka politikoa da testuingurua. Lantegien itxierak, ezker abertzaleko militanteen asanbladak, errefuxiatuen ezkutuko bizitza, edota presondegietako bisita gelak maiz agertzen dira istorioetan. “Dena da politika” ondorio unibertsala baieztatzen dute nobelatxoek. Ildo honetatik zirraragarria gertatzen da, zazpi istorioetariko batean ageri den pasartea: urritasun psikikoa duten bi pertsona borrokan hasten dira ulertzera iristen ez diren gertakari politiko batengatik.

Lan osoari izena ematen dion Vikingoen sorterrira istorioarekin zabaltzen da liburua. Istorio honek ordea, ez du gainontzekoek baino pisu handiagoa. Are gehiago: zazpi istorioetatik ahulena iruditu zait niri. Badirudi egileak liburuaren azken erdirako utzi nahi izan dituela istoriorik kitzikagarrienak: arestian aipatutako bi pertsona atzeratuen arteko borrokaren pasartea kontatzen duen Normalak bagina bezala, Galeperrak eta +Ezbeharrean zorion* dira irakurle honi gehien eragin dioten narrazioak.

Istorio batetik bestera narratzailearen ikuspuntua aldatu egiten da, baita kontaketa antolatzeko era ere. Hala eta guztiz ere, liburua nahiko monotonoa egiten da. Istorio guztiek ondorio bertsuetara garamatzatelako izango da agian. Aurrez Mendigurenek argitaratuak dituen lanen jarraipen bat dela esango nuke. Oraingo honetan ordea, irakurleari eragitea lortu du.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak