kritiken hemeroteka

8.767 kritika

« | »

Tigreak hondartzan / Maribel Aiertza / Elkar, 2010

Nino bihurtutako Ander Iker Zaldua / Gara, 2010-06-26

Maribel Aiertzaren lehen eleberria dugu esku artean, ez haren lehen lana ordea. Aurretik badu saiakera-liburu bat (Lertxundi, euskaradun arte unibertsala) argitaratua Mikel Lertxundi eskultorearekin batera. Horrez gain, Idazle Eskolako ikasle izaki, hainbat lan kaleratu ditu hartako Luma Berrien Eleak aldizkarian eta egunkari honetako Mugalari atalean, aipatu Eskolak eta Garak adostutako lankidetzak idazle berriei eskainitako lerroak aprobetxatuz. Honakoa ordea, eleberria da eta Idazle Eskolak eman dituen emaitza ugarien artean, Elkarrek ahalbidetutako argitalpen honi esker, txoko berezia izango du ziurrenik Bergaran kokatutako eskolako hormetan.

Baina noan liburura. Tigreak hondartzan izenburua jarri zion Maribelek, haur zela galdu zen edo bahitua izan zen Zirkuko artista baten istorioa kontatzeko. Lau urte inguru zituela aitonaren eskua askatu eta herrira etorritako zirku bateko tigreak ikustera abiatu zen Ander, han geratu zen ordutik, eta hogeita bost urte inguru igarota, itzuli zen Ander herri hartara, Nino bihurtuta eta 1980ko ekainean balizko bizimodua aldatu zion Leonetti zirkuko gidari gisa, haurtzaroan utzitako herria eta gurasoak besarkatu nahirik, inoiz egindako malabarismo ekintza ausart eta zailenean. Tartean Ander eta Nino bereizten dituen gutuna, korapiloa askatzen duen kapitulu mardula.

Bide batez, amaren etsipena, aitonaren errudun sentimendua eta aitaren patu latza alde batera utzita, zirkuko bizimodua agertzen zaigu; pailazo, akrobaziagile, animalia-hezitzaile, eta haien seme-alabena. Horiez gain, lan-eskaintza orrietan idazten ez diren lanbideak edo, hobe esatera, ogibideak agertzen zaizkigu, hondartzako eskultorea eta sorgina, besteak beste, horiekiko iritzirik utzi gabe eta izan ohi diren aurreiritziak emanez zeharka edo ezkutuan, nahigabe apika.

Liburua bi ordutan irakurtzeko modukoa da, oso laburra, mendi-buelta lasai eta patxadatsu bat eman eta pago baten gerizpean irakurtzeko modukoa, edo agertoki bukolikoak alde batera utzita, norbere etxeko terrazan eserita irakurtzeko modukoa, nik egin dudan bezala. Laburra beraz, eta agian zenbaitetan laburregi geratzen dela esatera ausartuko naiz, istorioaren ardatzean erabakigarriak iruditzen zaizkidan pasarteak aipamen hutsean geratzen baitira, esate baterako, Ninoren amaren heriotza orrialde batetik bestera gertatzen da eta Ander amarekin elkartzen den unea, horixe da unea, hor bukatzen baita istorioa, “Andertxo, etorri zara! Goazen hondartzara!” xume batekin. Agian esaldi triste horrek amaren irudi tristea islatu nahi du, edo agian, bigarren eleberri baterako ateak zabalik utzi ditu, nork daki.

Bestenaz, liburu arina da, labur bezain irakurterraza, Anderrek utzi zuen herrian haren desagerpenarekin lotutako gorabeherak eta Ninoren inguruan eraikitzen den zirkuaren munduko kontuak tartekatzen dituzten kapituluz josia. Aipagarri da, bestalde, hastapen eta amaiera eszena berak lotzen dituela, hots, hondartzan harea hartuta tigreak eraikitzen ari dira, lehen orrialdetan Nino bihurtuko den Ander eta bere lagun Elene eta amaieran, Anderren Lagun Elene eta bigarrenaren semea, Ander. Badirudi zirkulua ixteko ahalegina egin duela Maribelek, lortu duen ala ez jakitea, zuen esku, pagoaren gerizpean edo terrazaren babesean.

Azken kritikak

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak