« Esaten jarraitzen du | Eraikinean galdurik »
Galerna / Iratxe Esnaola / Elkar, 2010
Baretasunean biolentzia Ibon Egaña / Deia, 2010-05-22
Ez da zail laburtzen, itxura batean, Iratxe Esnaolaren eleberriaren edukia: senar-emazte atzerritarrak hotel batean daude uda-pasa, sargori dago eta inoiz lehertuko ez dela dirudien eguna lehertzen da halako batean. Galernarekin batera, jakina, barruak, sentimenduak ere askatzen dira, gorrotoak azaleratzen. Gai nagusietakoa, begiratu batean, fideltasun eza eta lau pertsonaren arteko harreman zilegi, ezkutuko edo ia ilegalak dira. Haatik, eta zorionez, Iratxe Esnaolaren estreinako nobelak, Agustin Zubikarai saria irabazi ostean argitaratutakoak, bere laburtasunean, irakurle honengan eragindakoa ez da eskema sinpleegi horretan kabitzen.
Arroztasuna, estrainiamendua izan liteke liburuak bilatzen duen sentsazioetako bat. Istorioa hotelean kokatu izanak (behin-behinekotasunean, maletak hankapean direla), hiria inizialez soilik aipatzeak (S.S) edo pertsonaiak besterik zehaztu gabe atzerritarrak izateak laguntzen dute halako arroztasun bertako bat sortzen; noski, sargoriak ere badu zerikusirik horretan. Aingeru Epaltzaren Rock´n´roll hartan bezala, hiria arroztu egiten du abuztuak, jendez gabetu, egunerokotasunetik atera, espazio kotidianoak tragedia txikien eszenatoki bihurtuz. Biluztu egiten ditu egileak galerna-aurreko giroaz pertsonaiak, eta, neurri batean, amildegira bulkatu. Alde horretatik, lortzen du eleberriak (Linazasoro edo Lizarralderen ildotik) giro itogarri, larridurazkoa sortzea hasieratik bukaerara eta atmosferak gidatzen duen tentsio narratiboari eustea, argumentuari piruetarik eginarazi gabe.
Bare dago hiria, bare itsasoa, baina atezuan bezala daude pertsonaiak, etorriko bide den galernaren zain, lehertuko den barne-ekaitz horren beldur. Izan ere, bigarren kapituluan esaten den bezala, “ezer ez zen zirudiena; baretasuna, ezeren beharrik gabe, biolentzia berbera izan zitekeen.” Baretasun horretan, ustezko normaltasunean dagoen biolentzia ezkutua azaleratzen asmatu izana da, nire ustez, liburuaren bertuteetariko bat. Biolentzia ez da, baina, odolezko edo fisikoa (nahiz hor dagoen hasieratik hondartzan agertutako gorpuaren presentzia mehatxagarria), lausoagoa baizik, ñimiñoagoa. Biolentzia apenas da hautemangarria pertsonaia laukotearen harremanetan, baina horrexetan ipintzen du lupa Esnaolak: hitzetan dago batzuetan bortxa (“Gero, bat-batean oihu egin nahi nizun puta bat zinela”), keinu gehiegizkoetan, erabaki mendekuzkoetan, attrezoan. Fideltasunaz edo bikote harremanez bainoago erlazio horietan dauden botere-rolez eta pertsonaiek rolen aurrean hartzen dituzten jarrera eta erabakiez dihardu egileak; adinak, generoak edo erakargarritasun sexualak ematen duten botereaz, besteak beste. Nobelaren ekarpenik interesgarrienetakoa da, hain zuzen, botere-joko horien aurrean protagonistek jokatzen dituzten paper maiz anbiguo eta espero ez bezalakoek irakurlearengan eragiten duten ziurgabetasuna.
Kontakizunak eskatzen duen estilo eta ahotsez jantzi du Esnaolak eleberria eta harremanetan edo giroan bezala, ahots narratiboan, estiloan eta hizkuntzan ere badago biolentzia sotil horren arrastorik. Konparaketak eta metaforak dira batzuetan biolentoak, bat-batekoak; adjektiboak edo sintaxia bera da inoiz bortxatua, zakarra, kontzienteki zabarra izatera jolasten duena eta maiz esaldiak berrirakurtzera behartzen gaituena: “Eta gero apartamentura jarraitzea ere bai leiho azpitik begiratzeko gizonei eta Norari begirada zakurraz, behetik gora, otoitz bat bezala”.
Amorruz, arriskatuz idatzia, tentsioa eta intentsitatea sortu eta mantentzen dituen nouvelle interesgarria da, finean, Galerna. Distantzia inteligente batetik idatzia izanagatik (edo agian horrexegatik) galderak, ezinegona eta izerdia eragin ditzakeena.
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Amaia Alvarez Uria
Zer egin Miranderekin?
Askoren artean
Irati Majuelo
Azken batean
Lourdes Oñederra
Paloma Rodriguez-Miñambres
Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo
Mikel Asurmendi
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Maialen Sobrino Lopez
Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta
Asier Urkiza
Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu
Nagore Fernandez
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Paloma Rodriguez-Miñambres
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Mikel Asurmendi
Esker onak
Delphine De Vigan
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Enarak
Bernardo Atxaga
Irati Majuelo
Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor
Aritz Galarraga
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Joxe Aldasoro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Mikel Asurmendi