kritiken hemeroteka

8.680 kritika

« | »

Bizi! / Patxi Zabaleta / Pamiela, 2009

Bizipoza bizipenenetan barna Ainara Maia / Gara, 2010-04-16

Ederra eta mamitsua Patxi Zabaletaren azken olerki-liburua; badira zenbait olerki eder, baina, bertzalde, badira bertze zenbait ez nituzkeenak olerki purutzat hartuko, politika poetikarekin nahasten den liburu honetan; halaber, denek dute oroi-minarekin bizirik segitzeko aldarrikapena.

Patxi Zabaleta politikaria, baina, batez ere, historialaria agertzen da, eta olerki guztiei idatzitako sarreratxo poetikoak gauzak argi erran dizkit, badaezpada ere, olerkiek gaizki-ulerturik edo ez-ulerturik sor ez dezaten.

Gainera, autoreak berak hitzaurre luze eta mamitsu xamarra idatzi du, eta bizi dugun harrizko euskal herri honen errealitateaz hausnarrarazi dit. Herri normalizatu ez izateak arruntak garela aldarrikatzeko beharra sentitu du Zabaletak normalizazio-bide horretan. Olerki hauek ez dira bat-batean botatako bertsoak, ongi pentsatutakoak baizik, eta euskal historiako senean oinarriturik daude, Nafarroako ikuspegitik galdera iradokitzaileak eginez mundua aldatzeko gogoz.

Mundu globalizatu honetan, aberriagatik eta iraultzagatik bizi nahi duen olerkari baten pozak eta penak, ezinak eta gabeziak kontatzen dira poema epiko-liriko hauetan, jakinik bizitzak heriotza duela bikotekide leial. Denok hil behar, zahar edo gazte, denok. Heriotzak eta bizitzak munduko bikoterik leialena osatzen dute. Gainerako guztia poligamia kaotikoa bertzerik ez da, ala?

Horregatik gure euskal historian zehar aberriagatik hil bertze biderik ez zutenak oroituz, gaur egun aberriagatik bizi bertze biderik ez dugula erran nahi izan dit olerkariak. Olerkariak bizipozari kantatu nahiko lioke tristuraren eta malenkoniaren bidetik bada ere, urak bere bidea egiten baitu, eta bizipozez ibiltzeko aholkuak ere ematen dizkit, bere eskarmentuaren eta bizipenen arabera.

Euskal senaz idatzirik daude ongi pentsatutako hitzok, tiriki-trauki haren doinuan, eta odoletan blaitu naute, olerkizko mailuaz konstanteki nire kontzientzia kolpatu ondoren. Baina mailukada eta kolpe horiek bizirik dagoela oroitarazi diote maiteminez dagoen olerkari xume honi. Maitasun galduari edo ezinari askotan idatzi dion honek minez irakurri ditu olerkiok, baina min horiek guztiak bizirik iraun dezadan daude nigan, eta olerkizko hitz hauek bizi-minez etorri zaizkit.

Berandua beti beranduegi da, Axular euskal idazle klasikoa oroituz, eta niri ere joandako denboraren etsipenaren arantza sartu dit; beranduegi, beharbada, baina berandu bada ere, maitatuari ongia opa diot bihotz-bihotzez. Maitasuna baizik ez baita ezer, zenbat eta gehiago eman, orduan eta gehiago dena. Hasi ez dena ez da bukatzen, hori egia biribila, eta beraz, eutsi maitasunaren lotura askeari!

Bakartasunez eta bakardadean irakurri ditut olerki eta aholku guztiok, maiteari dei egiteko arrazoi bat eman dit, eta Telesforo Monzonen makila harturik, euskaldunok elkar harturik, olerki horitu ahaztu batzuetan amatxiz eta aitaz oroitu naiz ni ere geroaren zain, maitearen zain. Bizipozez zain ez naiz zorionaren bila joanen, olerkia eta alaitasuna baititut neurekin, musika eta edertasunaren bidez.

Olerkariak bizipozari kantatzeko asmoz, hizkuntza-arauak puskatzen ditu, elkarri musuka gaitezen. Idazlearen xedea iradokizunak egitea eta hausnarraraztea izan dela esaten digu epilogoan. Niri, bederen, pentsarazi dit, eta nire aberri bakarra euskara dela oroitarazi. Arbasoekin eta ondorengoekin bizitzari lotzen nauen bakarra hitza, euskal hitza, baita.

Azken kritikak

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Nagore Fernandez

Martxoak 3
Jon Martinez Larrea

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak