kritiken hemeroteka

8.705 kritika

« | »

Galerna / Iratxe Esnaola / Elkar, 2010

Amodiozko lauki baten eszenak Beñat Sarasola / Berria, 2010-04-11

Nobela labur eder askoa osatu du Iratxe Esnaolak. Galerna da Esnaolaren opera prima, zeina Augustin Zubikarai saria medio argitaratu baitu Elkarrek. Bada, ez da ez literatur ibilbide bat hasteko modu kaskarra.

Lau pertsonaien arteko giza eta amodio harremanen arteko endredoak kontatzen ditu nobelak. Nora eta Sebastian Bachener senar-emazte, hoteleko zuzendari eta haren alaba nerabearen artekoak, esan nahi baita. Itsasertzean dagoen S.S. hirian uda bukatzear da, abuztuaren 31a da, bero sapa eta galerna arrisku nabaria. Giro itogarri horretan ikusiko ditugu lau pertsonaiak nola erlazionatzen diren elkarren artean. Nora eta zuzendaria alde batetik, eta Sebastian eta nerabea bestetik. Inbidia, jelosia, gorrotoa eta krudelkeria dira beren artean nagusitzen diren sentimendu eta jokabideak, eta, honenbestez, liburuan ez dugu topatuko amodioaren ikuspegi zorioneko eta xalorik, pasio kontrolagaitz eta mingarriena baizik.

Pertsonaien prozesu psikologikoen disekzio zehatz eta konplexua da, hala, liburuaren dohain nagusiena. Pertsonaia bakoitzaren gogoaren bilakaera kontraesankorra eta ezin aurreikusizkoa da, eta amaieraraino lortzen du narrazioaren tentsioa mantentzea. Nobelan aurrera egin ahala, irakurleak pertsonaia bakoitzaren patuaren inguruan hausnar lezake, baina nekez asmatuko du zein izango den istorioaren ebazpen zehatza. Esnaolak maisutasunez lantzen baitu narratiboki halako sentimendu hauskorren bilakabide aldakorra, eta, ondorioz, inongo momentuan ez dago egoera gobernatzen duen pertsonaiarik. Denek dute zerbait galtzeko, eta inor ez da katramila arrazionalki askatzeko gai. Hori guztia egun bakarrean eta espazio txikian —hotela, hondartza eta apartamentua— kokatua dagoela kontuan izanik, begi bistakoa da arestian aipatu tentsio hori mantentzeko idazleak egin duen lan bikaina. Nabarmentzekoa da, orobat, zeinen ondo girotua dagoen istorioa, narrazio guztiaren gibelean kokatzen den galerna arriskuaren zamarekin, zeinak, bidenabar, funtzio alegoriko nabarmena betetzen baitu.

Istorioaren zati bat —Sebastian eta nerabearen arteko amodioa— eta testuingurua aintzat hartuz, Thomas Mannen Herioa Venezian gogora ekar dezake liburuak. Haatik, gizon-emakumeen arteko harreman gatazkatsu eta sarritan ia sadikoei dagokienez, Ingmar Bergmanen film batzuekin lotuko nuke gehiago, Scener ur ett äktenskap (Ezkonbizitzaren eszenak) batekin esaterako. Izatez, nobela antzerki obra bihurtzeko elementu egoki franko dituela iruditzen zait, eta ez legoke sobera euskal antzerkigintzan dabilen jendeak begiratu bat emango balio testuari. Euskal literaturako autoreekin konparatuz, harreman horien tratamenduan maisuetan maisu den Ramon Saizarbitoria ekarri beharko genuke gogora, edo, belaunaldi gazteagoei erreparatuz gero, Eider Rodriguezen lanarekin erka daiteke nolabait Galerna.

Aitor dut, ordea, idazkerarekin izan dudala zalantza gehien. Iruditu zait narrazioak zenbaitetan kostata egiten duela aurrera, esaldi aldrebes bat edo bestek erritmoa trabatzen duela. Konparazio erretoriko alferrikakoren bat ere badagoela uste dut gainera: “Bere baitara bildua errubera bat bezala”. Ez naiz ni izango, baina, estilo kontuak direla eta garbizalekeriatan ibiliko naizena, eta, ezbairik gabe, literatur ikuspuntu orokor batetik, honakoak txikikeriak baino ez dira lehenago aipatu bertuteen aldean. Esnaolak literaturan zailena dena egiteko gaitasuna duela erakutsi baitu lan horrekin, literatur sen bereziarekin narratzeko gaitasuna, alegia.

Azken kritikak

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Asier Urkiza

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Nagore Fernandez

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Paloma Rodriguez-Miñambres

Landura
Jose Luis Otamendi

Mikel Asurmendi

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Irati Majuelo

Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette

Aritz Galarraga

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak