« Naufrago absurdoak | Sarrionandiari gorazarre »
Musika airean / Karmele Jaio / Elkar, 2009
Errukia eta erospena Beñat Sarasola / Berria, 2009-11-08
Elena etxean bakarrik bizi den alarguna da, eta azken aldian belauna gaiztotu zaionez, beren seme-alabek laguntzaile bat hartzea deliberatzen dute, ama zaindu eta etxeko lanak egin ditzan. Halaxe iristen da Beatriz izeneko gazte ekuadortarra Elenaren etxera. Nobelaren erdigunea Elenaren oroitzapen eta hausnarketek osatzen dute; bizitzaren amaierara iristen ari dela oharturik, iraganaren errepasoa egiten du, haurtzaro zorionekotik —eta idealizatutik— helduaro zorigaitzekora. Gaztetako lagun min Carmenekin haserretu eta harekin hitz egiten ez duela hogeita hamar urte pasa dira dagoeneko, eta adiskidetzeko garaia iritsi ez ote zaien zalantza egiten du. Hala, liburuan aurrera egin ahala, bien arteko haserrealdiaren xehetasunak eta ebazpena jakinez joango da irakurlea, beste zenbait bigarren mailako istorio ezagutzeaz batera —Beatrizen familia eta maite-kontuak—.
Kontaketa hiru narrazio formetan banatua dago. Alde batetik, Elenaren bakarrizketak daude —garrantzirik handiena hartzen duena—; bigarrenik, narratzaile heterodiegetikoak kontatzen dituenak liburuko hainbat pertsonaiaren inguruan; eta azkenik, elkarrizketa motz batzuk, horietako asko aitorlekuan gauzatutakoak. Hiru narrazio molde horien bidez joaten da bilbatzen, hortaz, istorioa, baina esan bezala, Elenaren bakarrizketak dira liburuaren habe nagusia. Haiei esker barneratuko gara protagonistaren gogoan eta ezagutuko dugu haren iragana nolakoa izan zen.
Metafora eta konparazio etengabez idazten du Karmele Jaiok, eta izatez, Musika airean izenburuak ere funtzio nahiko metaforikoa du —esamoldea liburuan lehen aldiz azaltzen denean alderaketa bat egiteko da—. Konparazio horiek, ordea, gehien-gehientsuenak, edo topifikatuegiak edo behartuegiak dira —“Arrain zopa egiteko ez dagoen modura, bizitzarako ere ez dago errezetarik”—, eta gutxitan dute irakurlea harritu eta liluratzeko gaitasuna. Horretaz gain, paragrafoak izen sintagma laburrez hasteko eta errepikapenak zein esaldi laburrak erabiltzeko joera du Jaiok —bidenabar, euskal literaturan arrakasta izan duen estiloa—, eta idazkera hau zenbaitentzat irakurterraza eta bizia bada ere, niri gogaikarria egiten zait, xalotasunean mozorroturiko sinplekeria.
Edukia eta forma zeinen loturik dauden ikusteko adibide ona da Musika airean, zeren bere idazmoldea ahala, istorioa bera ere topikoa eta aurreikusteko modua egin zait, oro har, eta pertsonaia gehienak estereotipatuak. Elenaren bakarrizketetako zati ugari sinesgaitzak eta gatzgabeak diren modu berean, istorioaren bilakabideak ere dezenteko egiantzekotasun falta duela iruditu zait behin baino gehiagotan; Carmenen alabaren aitatasunaren harira Elenak eta Kontxak —herriko ile-apaintzailea— izandako elkarrizketa kasu. Elenaren seme Sabinen eta haren emaztearen —Inma— artekoak ere artifizialegiak egin zaizkit, eta ematen den Ertzaintzaren irudia —Inma ertzaina da— guztiz arrakero eta merkea. Beste zenbait egiturazko ahulgune ere badira, esaterako, Juanjo supermerkatuko mutila, zeina istorioaren garapenerako oztopo bihurtzen denean bat-batean desagertu egiten baita.
Bestalde, testuinguru katoliko bat aurkezten digu nobelak, liburuko pertsonaia nagusiekin eta haien gazte garaiekin bat datorrena. Erruduntasuna eta damua liburua goitik behera zeharkatzen duten ideiak dira. Baina moral katoliko horrekiko distantziamendu edo zalantzan jartze handirik ez da sumatzen, eta areago, nobelaren happy-end moduko amaierak moral horretan sakontzen du, errukia eta erospena goratzen dituelarik.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez