kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Ispiluaren kalteak / Edorta Jimenez / Elkar, 2008

Ispiluaren kalteak Jon Martin / Beterriko Liburua, 2009-03

Eguneroko ariketa da ispiluaren aurrean jartzea. Pasadako errutina. Tartetxo bat azalari begira. Ispiluaren kalteak (Elkar, 2008) liburuan, ordea, Edorta Jimenez (1953) ispiluaren bestaldetik beha duen horri begietara begira jartzen zaio.

Inuzenteak dira ispiluak, parean jartzen zaiena islatu besterik ez dute egiten. Idazle honen ipuinek, aldiz, gutxi dute inuzentetik. Mundakarrak espresuki aukeratuak ditu ispiluak: distorsio xumeak dituzten ispilu inperfektuak. Protagonisten izaeraren zati zehatzak handituko dituzten ispilu zatiak. Eta zer islatuko duten ere mimo pozoituz aukeratu du. Min ematen duten kokaguneak aukeratu ditu, gaur egungo egoera errealak, eta ispiluaren aurrean jartzera derrigortu ditu. Ispiluek dagoena erakutsi besterik ezin dute egin, beste alde batera begiratzeko tentazioa sentituko badute ere.

Jorratzen dituen gaien gordinak engainatu dezake irakurlea hasi aurretik; baina kontaketa ez da batere bortitza. Idazlea edertasunaren bilaketan abila dela igartzen zaio. Minaren eta malenkoniaren edertasuna zer den dakien pertsona dela frogatzen du ipuinetan eta irakurlea zaletasun horretaz kutsatzen saiatzen da. Hitz goxoz eta narrazio landuz gidatzen du Jimenezek irakurlea orrietan barrena, ispilu zatiekin ziztada anestesiatuak emanaz. Erizainak istripu bat izan eta aurpegia desitxuratuta daukanari ispilua eman aurreko hitzak bezain neurtuak dira liburu honen egilearen hitzak. Baina gero… Ispiluaren kalteak.

Zenbait ipuin irakurlearen gogoan tatuaturik geratuko dira, lehenengo ipuineko bi tximeletak bezala. Azkar kontsumitu, baina motel kontsumitzen diren ipuinak dira; iraunkorrak, orbainak bezala. Zauri bat da ipuin bakoitza, zauri garbi bat, min gutxi erasaten duena jasotakoan, baina gero gaiztotu litekeena.

Literaturaren bidez besteen orbainak ikusi ostean, ispiluaren aurrean jarri eta gureei begiratzeko gonbitea da liburu hau. Tartetxo bat mamiari begira.

“Anestesia orokorraren baitatik alde honetara etortzean sabelaldeko zauria aztertzeari ekin dio emakumeak. Astiro. Ebatondoa itzela da. Hortik atera diote umontzia. Ziklo baten itxiera dela otu zaio (…)”. Askok egungo gaiei buruzko liburu bat besterik ez dela pentsatuko du, baina irakurle sentiberak inozentzia zati bat estirpatu diotela sentituko du. Guk behintzat bai.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak