« Klik-klak! | Bera izanik, ez da berdin »
Off-On / Yolanda Arrieta / Erein, 2009
Irakurlea nolakoa zaren, horrelako nobela duzu ediren Mikel Asurmendi / Irunero, 2009-10
Off-On izena du Yolanda Arrieta idazlearen nobela honek. Lea-Artibaiko Etxabarrin (Bizkaia) jaioa da. Usurbilen bizi da egun. Izenburua nolakoa halakoxea ere nobela: bitxia. Bitxia, bi adieretan. Haur eta gazteen munduan buru-belarri dabilen idazle honek helduen mundura begira paratu du bere burua oraingoan.
Zaila da ideia berriak hausnartzea. Zaila da ezer berririk sortzea eta plazaratzea. Pentsamendua antzutu samar ei dago. Literaturarenean ez da aise ere hitz eta irudien lanketa berririk topatzea. Hitza biziki maiseatuta dago. Hitz xahutuak darabiltzate/gu hitzak lantzen dituztenek/ditugunok.
Yolanda Arrieta idazleak ez du etsi ordea. Haur eta gazteen munduan aritzeak imajinazioa zorrozten dio, antza. Hitza, irudia eta musika gertu-gertuko lanabesak ditu, eta beraiek, ageri denez, adimena zoli atxikitzen laguntzen diote. Helduentzako idatzitako Off-On nobela dugu berba sorta honen adibide eta froga.
Literaturarenean ez dela aise ideia berrien lanketa erran dut. Ideien xerka tinko aritzeak hitzen sortzea dakar ordea. Hitzen bilatze saiatuak eta landuak ideien forma berrien antolaketa dakarte. Ideia eta forma berrien peskizan, aurrerabide ona da laburrean aritzea. Yolanda Arrietak horrela jokatu du, laburrean.
Bere pentsamendutik jalgiriko ideiak laburrean taxutu ditu hitzegile honek, baita motzean forma eman ere. Izenburu beretik, hitzen higaduran erreparatuz, hitzekin jostetan hasi da idazlea. Off-On, piztu eta itzali, abiatu da jokoaren hasmentan. Ez du aldez aurretik jokoa mugatu ordea, alegia, ez ditu ideiak marko edo genero jakin baten barruan sartu eta mugatu.
Ideiak testu hiper-laburrean errenditu ditu batzuetan. Bestetan, hitzak ipuin labur modukoak bihurtu ditu. Elkarrizketa txikiak ondu ditu halaber, aforismoak eta epigrafeak ere ekarri ditu. Zuzen jardun nahi izan du. Nahiz eta batzuetan bistan da, zuzen jokatzeko itzuli-mitzulin ibiltzea saihestezin izan zaion.
Literaturenean esatean, literaturaren etxean gaudela esan nahi dugu. Hartara, Yolanda Arrietak etxea eraiki du aipatutako txatal eta jokamoldearekin. Azalean berean erakutsi digu etxea. Etxeko teilatu zahar samarra, eta bertan ageri diren eguzki-plaka berriak. Iragana eta geroa. Tradizioa eta berrikuntza. Munduaren bilakabidea, gizakion bizitza existentzia eta erresistentzia legez.
Tradiziotik edan ohi duen idazle hau etorkizunari begira paratu da. Tradizioari bizkarra eman gabe, begirada pausatua —haur eta gazteekiko begirada pausatua atxikiz betiere— eta aburuak gogoan tinko eramanez, etxe-nobela eraikiz joan da. Hamaika pertsonaia asmatu ditu. Alabaina, bera ere etxean barrena menturatu da. Menturatu eta bertan bizitzen jarri ere. Begiak zoli eta gogoa erne.
Garajetik hasi da. Etxabean dautzan mamutxak aintzat hartu ditu hasteko. Izaki eta izakariek leku hartu dute eraikuntzan. Izenak duena izatea dauka idazle honen langintzan. Behetik hasita, solairuz solairu, etxe bat ez ezik mundu bat eraiki du. Etxean mundua baitago. Pizten eta itzaltzen den mundua. Batzuetan txuri eta bestetan beltz ageri den mundua. Pertsonak, ez garela onak ez txarrak adieraziz. Ez guztiz txar ez guztiz on, bederen.
Pertsonok ez gara soilik haragia eta pentsamendua. Pertsonok espirituak ere osatuak gara. Horregatik, idazleak iraganeko pertsonak irudikatu ditu etxean, bere munduan, eta haiekin batera zerurantz egin du bide. Bide irekia. Ez etxea ez nobela, ez baitaude bukatuta. Gure existentzian hasiera eta amaiera guztizkorik ez dagoela adierazi digu idazleak.
Nolanahi den ere, idazleak ez du dena esaten, zuk irakurle aurkitu behar duzu. Egungo errealitatearen hamaikatxo pieza eta mosaiko aurkituko dituzu. Ez zaude liburuaren antolaketaren bide bakarra —ezta bide zuzena ere— segitzera behartuta. Liburuko txatalak hartu behar dituzu, zuk zeuk puzzle gisara antolatu, eta zuretzako moduko eleberri-etxea eraiki.
Hona, azkenik, testu honen izenburua lema gisa: “Irakurlea nolakoa zaren, horrelako nobela duzu ediren”.
Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Maialen Sobrino Lopez
Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap
Asier Urkiza
Espekulazioak
Arrate Egaña
Nagore Fernandez
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Txani Rodríguez
Azken batean
Lourdes Oñederra
Mikel Asurmendi
Auzokinak
Gorka Erostarbe
Maddi Galdos Areta
Esker onak
Delphine De Vigan
Irati Majuelo
Meditazioneak gei premiatsuen gainean...
Martin Duhalde
Gorka Bereziartua Mitxelena
Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"
Hasier Rekondo
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Maialen Sobrino Lopez
Erroen izerdia
Jone Bordato
Nagore Fernandez
Azken batean
Lourdes Oñederra
Asier Urkiza
Izena eta izana
Jon Gerediaga
Jon Martin-Etxebeste