kritiken hemeroteka

8.683 kritika

« | »

Suminez / Philip Roth (Nagore Tolosa) / Meetttok, 2009

Balizko oleak… Ander Arana / Diario de Noticias, 2009-08-02

Philip Roth-en lan hautatuen lehen bi liburukiak argitaratu dira orain dela gutxi Library of America-n —azkena, zortzigarrena, 2013an argitaratuko bide da—, eta hori omen da Estatu Batuetan idazle bati egiten ahal zaion aintzarik handiena; izan ere, Roth, askoren ustez, Estatu Batuetako literatura garaikideko egilerik garrantzitsuena da. Hark irabazitako sarien zerrenda egiten hasita lerrook sarien izenez beteko liratekeenez, horietako apur batzuen aipamena baino ez dugu egingo: Pulitzer saria, Arteen Domina Nazionala, AEBetako Arteen eta Letren Sari Nazionala, Narrazio Sari Nazionala (birritan), PEN klubaren saria eta abar.

Suminez egilearen hogeita bederatzigarren liburua da, eta euskarara ekarritako lehena. Asko dago oraindik euskaratzeko, besteak beste Philip Roth beraren liburuak, baina, zorionez, gero eta ohikoagoa da erdarazko eleberrien gaztelaniazko nahiz euskarazko bertsioen argitalpenak batera iristea merkatura. Ondo egongo litzateke Nagore Tolosa deliberatuko balitz Suminez itzuli duen bezain polito itzultzera euskaraz egon beharko luketen Philip Rothen beste eleberri batzuk, esaterako Portnoy’s Complaint, The Plot Against America, American Pastoral… Bestela, ikusita Philip Roth urtero agertzen dela Nobel saria irabazteko hautagaien artean, zain egon beharko dugu Rothi Nobel saria eman arte eta Jokin Zaitegi bekari esker haren beste lanen bat euskaraz gozatu ahal izan arte.

Suminez irakurtzean, Rothen beste eleberri batzuetako oihartzuna helduko zaio irakurleari, bere liburuetan behin eta berriro ageri diren obsesio ia guztiak jorratzen dituelako honetan ere: familia-harremanak, sexu-harremanak, judu izatearen zama —“zer ari dira egiten gizon hau isilarazteko?” galdetu omen zuen errabino ospetsu batek Rothen lehen liburua argitaratu eta gutxira—, eguneroko bizitzan bero-beroan hartutako erabaki txikiek izan ohi dituzten ondorio lazgarriak… Heriotzaz haratagotik ari den ahotsa ere ez da berria haren lanetan, Everyman (2006) eleberrian erabili zuen-eta Rothek. Eta ia bere eleberri guztietan bezala ere, bere bizitzatik hartutako xehetasunak emango dizkio Rothek eleberriko protagonista Marcus Messner-i (bera bezala, judua da, eta Newark-en 1933an jaioa), baina oraingoan jaioterritik urrun eramango du, Winesburg-eko campusera; alegia, Sherwood Anderson idazleak (Ohio, 1876-1941) asmatutako hirian girotuko du kontakizuna. Hau da, Suminez Rothen betiko liburua dela esan daiteke, baina baita sekula idatzi ez duena ere.

Liburuko protagonista Marcus Messner, Newark-eko kosher harakinaren semea, edozeinek nahiko lukeen semea da: argia, azkarra, langilea, prestua… baina baita menderakaitza ere, eta horrek galbidean jarriko du. Aitak ezarri nahi dion kate motzetik ihesi, urrutiko unibertsitate batera doa emaitzarik onenak lortzera, hartara Koreako gerra saihestuko duelako esperantzan. Baina bere izaera menderakaitz horrek gelakideengandik ere ihes egitera eramango du, Caudwell errektoreari aurre egitera eramango du —harekin duen eztabaida sutsuaren zati handi bat Bertrand Russell-en Why I am not a Christian hitzaldi gogoangarritik hartua da—, zainak moztu zituen Oliviarengana eramango du eta, azken finean, Korean, Sarraskiaren Mendian, aitaren harategiko oilasko baten modura odolustera eramango du.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak