« Alfa eta omega | Liburua habitatzen »
Larrua hotz / Albert Sanchez Piñol (Lander Garro / Zigor Garro) / Txalaparta, 2009
Arrotzak munstro Ander Irizar / Diario de Noticias, 2009-07-16
Uharte txiki-txiki bat Atlantikoaren hegoaldean; itsasargi bat eta estazio meteorologiko bat besterik ez bertan; paraje galdu, urrun eta hotza. Lur koskor bakartu horretara iritsiko da, urtebetez egurats-teknikari aritzeko, liburuko protagonista, gazte irlandar bat. Ez du aurreko teknikariaren arrastorik aurkituko, eta itsas seinaleez arduratzen den gizona, Batis Caffo —hitz-joko bitxia—, burutik nahasixea topatuko du… Nondik datorren hobeto omen daki mutilak nora heldu den baino… eta, egiaztatuko duenez, halaxe da. Hogeigarren mendearen hasieran hainbat urtez Irlandaren askatasunaren alde borrokatzen aritu ondoren, hain gertatzen zaio mingarria narratzaileari Britainia Handiarekiko kateak haustean bere herrian sortutako egoera, non, zituen itxaropenak zapuztuta, gizakirik gabeko mundu batera alde egitea erabakiko baitu.
Fantasiazko liburua dugu Larrua hotz, baina ez fantasia hutsezkoa. Sánchez Piñolek hausnarketa eragiteko ere baliatzen du aukera literario hori; arrotzak ditugunekiko harremanei buruz pentsarazteko, esaterako. Hau da, liburua irakur daiteke, noski, abentura-nobela fantastiko soil gisa, baina, nahi izanez gero, bada hor azpian ere beste irakurketa posiblerik. Agian horregatik izango da, edota gehiegikerian ere ez delako erortzen, baina liburua ez da sobera sinesgaitza gertatzen, eta ez da hori meritu txikia horrelako obra batean. Eta, fantasiarekin batera, tarteka, beldurra… eta elementu horrekin ere antzeko zerbait gertatzen da, hots, autoreak, nobela girotzeko eta tentsioari eusteko ez ezik, nobelaren gaietako bat ere bihurtzen du beldurra bera.
Albert Sánchez Piñol antropologoaren lehenbiziko nobela hau fenomeno editorial bat izan da. Katalanez 100.000 aletik gora saldu dira; gaztelaniaz ere bide arrakastatsua izan du liburuak, 2003an RNEren “Ojo Crítico” saria lortu zuenetik; hogeita hemezortzi hizkuntzatara itzuli dute dagoeneko; Hollywooden ere film bat egitekoak omen dira… Best-seller bat dela esan genezake, zergatik ez?, baina irakurleen ahoz ahokoari esker halako bihurtua, eta kritikaren onespena ere jasota. Sánchez Piñolek ez omen zuen asko uste liburu honek halako hedapena eta onarpena izango zuenik, eta, edonola ere, ez omen zuen best-seller esaten zaien horien modura idatzi.
La pell freda Zigor eta Lander Garro anaiek euskaratu dute, zuzenean katalanezkotik abiatuta. Itzulpen bat biren artean eginda, lana arindu egiten da noski, baina bestela azaltzen ez diren zailtasunak ere agertzen dira horrela arituta. Bi anaiak ongi moldatu direla esango nuke: Zigorrek itzultzeko lan beltza egin omen du, eta Lander arduratu omen da, idazlea ere badenez, hasierako emaitza txukundu eta literatura-ukitua emateko lan agian beltzagoaz. Nahi duenarentzat, liburuaren lehenbiziko berrogeita hamar orriak irakurgarri daude Txalapartaren webgunean; arrisku bakarra, liburuko uharte hotzean harrapatuta gelditzea… aurrera egin ezinik.
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Maddi Galdos Areta
Poesia kaiera
Frank O'Hara
Asier Urkiza
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Nagore Fernandez
Beste urte batez
Samira Azzam
Maialen Sobrino Lopez
Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu
Iraitz Urkulo
Auzokinak
Gorka Erostarbe
Mikel Asurmendi
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Amaia Alvarez Uria
Zer egin Miranderekin?
Askoren artean
Irati Majuelo
Azken batean
Lourdes Oñederra
Paloma Rodriguez-Miñambres
Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo
Mikel Asurmendi
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Maialen Sobrino Lopez
Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta
Asier Urkiza
Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu
Nagore Fernandez
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Paloma Rodriguez-Miñambres