kritiken hemeroteka

8.683 kritika

« | »

Nora ez dakizun hori / Irati Jimenez / Elkar, 2009

Ipuinarekin noranahi Ion Olano / Gara, 2009-06-19

Ipuinak irakurtzen hasi aurretik, ume askok ohean entzun izan ditugu ipuinak. Helduek irakurtzen edo kontatzen dituzte umeek lo egin dezaten, hori da bertsio ofiziala, baina esango nuke kontakizunak baduela beste funtzio garrantzitsu bat ere: amets eginaraztea. Izan ere, begiak zabal-zabalik dituen umeari loa eragin baino, loa galarazten dio ipuinak sarri. Noranahi joango da umea ipuinarekin, berdin du egiazko eta gezurrezko izan, bidean beti azalduko dira nahiak eta beldurrak, irria eta negarra. Baina umeak ez dira tentelak, ez dira edozein ipuinekin konformatzen. Ipuin onak nahi dituzte, begiak zabaltzen dituzten horietakoak. Eta hala, begiak zabal-zabalik irakurri dut, hasi eta buka, Irati Jimenezen (Mundaka, 1977) azken eleberria. 2007an Igartza bekako akzesita eman ziotenean, proiektuak “Ezinen ostatua” zuen izenburua, eta bi urte geroago, Nora ez dakizun hori honetan gauzatu da asmoa. Bada, liburua irakurri dut entzuten ariko banintz bezala, gezurrezko ala egiazko den arduratu gabe, nora doan, nora naraman jakin gabe. Neurri eta tonu egokia erabili ditu Jimenezek, eta egitura tartekatua arrakastaz josi. Lana txukun egiten denean, izan ere, erraz sartzen da irakurlea sarera.

Disko bikoitz baten moduan dago antolatuta liburua: bi atal ditu (“bat” eta “bi”), eta atal bakoitzak bina alde (“a” eta “b”). Lehen atalean, liburuko lau pertsonaia nagusiak aurkezten dira, bikoteka: Elias eta Martin “a” aldean, Rosa eta Nora “b” aldean. Ipuin ezinezkoak kontatzen dituen Elias, aingeru bati arima saldu dion Martin, hozkailuari “frizerra” deitzen dion Rosa, eta irratiko entzuleei “gabon” esaten dien Nora. Irakurleak berehala igarriko du haien artean badagoela lotura ezkuturen bat, hala azaltzen da bigarren atalean, non bikoteak aldatu egiten diren, baita beste hainbat pertsonaiekiko loturak azaldu ere. Istorioaren trama korapilatsua aise jarraitzen eta deskorapilatzen da. Jakinmina pizten du, baina misterio-jokorik erabili gabe. Nabarmentzekoa iruditzen zait Jimenezen idazteko trebezia, erregistro narratibo ugarien erabilera, elkarrizketen jario leuna, eta umorea. Narratzailea lehen eta hirugarren pertsonen artean mugitzen da, denboran atzera eta aurrera, geografian ere batetik bestera: Bilbo, Ameriketako Nebraska eta Maine estatuak, Bartzelona, Berlin, Lisboa, Bagdad eta abar. Eleberriaren soinu-banda egingo bagenu, ez litzateke batere disko makala: Cat Stevens-en “Father and son”, Neil Young-en “Vampire blues”, Leonard Cohen-en “Take this waltz”, Nick Cave-n “Nobody’s baby now” eta abar. Hortaz, girotuta dator liburua ipuinei buruz hitz egiteko. Horixe baita eleberri honen muina: ipuina eta ipuinaren ingurukoak: esate baterako likantropoa, banpiroa, alfonbra hegalaria, ehiztaria, sorgina, magoa, amona, eta nola ez, otsoa.

Ikusitakoak ikusita, oraindik ere nobela hil dela esaten ibiltzea, ipuin hartako “otsoa dator!” esatearen parekoa iruditzen zait. Nire ustez, Irati Jimenezen lan honek erakusten du (beharrik bazegoen, behintzat) gurean oraindik ere lan handia eta interesgarria egin daitekeela nobelagintzan. Izan ere, lana txukun egin, beste aukerarik ez dauka euskal literaturak, biziko bada. “Eleberri hau ez dago bizirik, banpiroa da!” esango du batek. Baina tira, Neil Young-ek banpiroaren bluesean kantatzen duen moduan: “Good times are comin'”.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak