« Heriotza eta esperantza | (Afrikako) lur joriko sorkuntza biluzia »
Oscar Wilde eta biok / Alfred Douglas (Aitor Arana) / Hiria, 2008
Morboa Bixente Serrano Izko / Berria, 2009-04-05
Nire erudizio apurrean, banekien Lord Alfred Douglas poeta uranista bat izan zela, hau da, homosexualitatearen inguruko sentikortasuna gai gisa hartzen zuen multzo hartakoa. Banekien, aldi berean, Oscar Wilderen amorantea izan zela, eta amodio haiek eraman zutela Wilde kartzelara eta Ingalaterra viktoriar puritano haren garaietako bazterkeriaren biktima izatera, erbestera, izena bera ere aldatzera eta hondamendi psikiko eta fisiko gorrian hiltzera; baina baita ere De profundis prosazko poema ahaztezina idaztera. Nire ezjakintza zabalean, ordea, ez nuen ezagutzen Douglasen poema bat ere. Horrela, bada, eta barkatuko dit irakurleak istoriotxo hau kontatzea, pozaren pozez hartu nuen nire ohiko liburu dendan Lord Alfred Douglasen Oscar Wilde eta biok izeneko liburua, zein hizkuntzatan eta gurean. Wilderen De profundis hura irakurria, espero nuen bertze harribitxi literario batekin topo egitea: Wilderena bezain sakona agian ez izanik ere (barkatuko dit Victor Morenok, baina ezin dut saihestu sakon izenondo iluna De profundis tituluaren aurrean), bai behintzat sentikortasun berri eta apurtzaile, literarioki iraultzaile, izan zitekeen bertze obra batekin topo egitea espero nuen. Eta bitan pentsatu gabe jakinarazi nien Berriako sail honetako kideei prest nengoela Douglasen gutun honi txoko honetan iruzkina egiteko.
Damurik orain, baina hitza bete behar. Ez gaudelako, zintzo erran behar dut, interes literario gutxienik ere duen obra baten aurrean. Gehienez jota, dokumentu historiko baten aurrean gaude. Mikrohistoria hutsal bati dagokiona. Eruditu hutsentzat estimagarria, agian. Literatura erudituentzat, moral arloko erudituentzat, psikologia erudituentzat… Tira, eta barkamena eskatu behar berriro, morbozaleentzat ere bai, paparazzi generoko erreportaje zaleentzat, nolabait barkagarriago dena edonola ere Douglasen kasu hau avant la lettre-ko paparazzi estilokoa denez. Oscar Wilde eta biok gutun luzea berez horrela izatea gutxi izanen bailitzan, Hitzatzea izeneko amaierako oharrean, itzultzailearen eskutik argitaletxeak eskaintzen diguna ez da egileari buruzko iritzi literariorik batere, baizik eta Wilde eta Douglasen arteko ika-mika ziztrinak, morbosoak: bietako nor izan ote zen gezurti edo egiatiago, nor izan ote zitzaion bertzeari leialago edo infidelago, nor baino nor kapritxosoago.
Kontua da bi amorante homosexualen arteko errieta hartan, amodio harreman hausle haiek sorrarazi zituzten desengainu eta hondamendi sentimental, psikiko eta fisiko haien aurrean, jeinu literario bat, Oscar Wilde alegia, De profundis bezalako gutuna, prosazko poema paregabea, idazteko gai izan zela, eta Alfred Douglas, ordea, amorante arrunt baten destaina arruntak aletzeko gauza baizik ez zela izan bere Oscar Wilde eta biok gutun ezin arruntagoan, ez poesia ez gogoeta sortzaile izpi batere gabe. Bi amoranteen arteko erdeinuzko hitzak eta salaketak arruntak eta hitzaren zentzurik gaiztoenean guztiz humanoak dira; baina bere amorrazioak literatura gailur batera eraman bazuen Wilde, Douglas, aldiz, mendeku hutsezko amildegietan hondatu zen bere erantzunean. Kasurik onenean, apurturiko amodioen kalteetan aditu psikologoen bazka da Douglasen idazkia.
Izatez, bera ez zen gai izan gutun hau idazteko: depresio sakon batek kolpatuegia zegoen, omen, eta bere zerbitzuko kazetari batek, T.W.H. Croslandek, erredaktatu ei zuen 1914an argitaratzeko. Douglasen ideiak, herra, desengainuak eta kritikak bildu bide zituen, morbo bila dabilen kazetari trebe baten estiloan.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez