« Xumetasunaren ederra | Lubakia eta herdoila »
Hobbita edo joan-etorri bat / J.R.R. Tolkien (Sergio Ibarrola - Xabier Olarra) / Igela, 2008
Bilbo Hobbita, Euskal Herritarra Karlos Del Olmo / eizie.org, 2009-01-30
Zaila da ezer berririk esatea gaur egun Mendebaldeko kultur tradizioan halako errotuta dagoen lan literario baten gainean, batez ere, Hobbitaren antzera, ipuin folklorikoetatik, fantasia gotikotik eta heroi epikatik edaten badu. Lehen idazketan argia ikusi zuen 1937an, eta 1951ean berridazketa garrantzizko bat izan zuen, Eraztunen Jauna Ingalaterran argitaratzeaz batera; baita 1956ean ere, Estatu Batuetan plazaratzean.
Itzulpenei dagokienez, 1947an suedieraz eman zuten, baina Tolkieni itzulpen askeegia iruditu zitzaion, hobbit berba bera ere ordaindu zutenez gero. Gerokoan, Eraztunen Jauna eleberriak izandako arrakastak Hobbita ere areago itzultzea ekarri zuen, Tolkien bera bizirik zela agertu ziren batzuk: alemanez 1957an eman zuten, nederlanderaz 1960an, polonieraz 1960an, portugesez 1962an, espainieraz 1964an, japonieraz 1965ean, danieraz 1969an, 1969an frantsesez, norvegieraz 1972an, italieraz 1973an.
Itzulpen joera ezberdinak agertzen dira idazlan hau emateko orduan, esaterako, portugesez, gaztelaniaz, frantsesez eta italieraz, itzulpen argia duten patronimikoak eta zenbait toponimo ere itzultzen dituzte (hala jokatu zuen Agustin Otsoa Eribekoak Eraztunen Jauna lanean), euskarazko bertsio honetan ez bezala. Euskarazko protagonista, beraz, ingelesezko berbera izango da, Bilbo Baggins hobbita. Dictionary of Obsolete and Provincial English hiztegiaren arabera, bilbo bat zer eta Euskal Herrian, Bilbon (!) egindako ezpata ospetsu eta bikaina zen! Ezpatariari bilboman zeritzoten. Baggins izenari doakionez, bestalde, Tom Shippeyk The Road to Middle-Earth liburuan aipatu zuenez, baggin terminoak zerikusia ei du arkume larruz eginiko artzain zorro (bag) mota batekin edo hartan eroandako gauzekin.
Zenbait adituri neketsu egiten zaie Tolkienen lanak XX. mendeko kanonean sartzea, baina ezin ukatuzkoa da John Ronald Reuel Tolkien irakasle hegoafrikarraren lana ahozko eta idatzizko tradizioan jasotako Mendebaldeko iruditegi kolektiboan zehar eginiko bidaia aberats-aberatsa dela. Haren eleberriak psikologia, antropologia, folklorea eta beste hainbat jakintzagai oinarri aztertu dituzte, unibertsitate tesietan eta guzti. Begi bistakoa da Hobbitak eta Eraztunen Jaunak eduki inkontziente handia dutela, eta horrek irakurlearen interesa trebe ere trebe harrapatzen duela. Izan ditzakeen eduki ezkutuek egungo kultur parametroekin eta edukiekin zein irakurleen nahiekin zerikusi handia bide dute. Mendebaldeko eta mundu osoko gizakion balioen bilduma erakargarria aurkezten dute, giza eta eme seme-alaba gehienok ezagun ditugun arketipo psikologikoak.
Jaki ederra prestatzen asmatu zuen Oxford Unibertsitatean antzinako ingelesa eta hizkuntza eta literatura ingelesak irakatsi zituen maisuak bere barruko fantasia, tradizio literario eta hizkuntzazkoak, mitoak eta heroiaren arketipoa osagai erabilita.
Egun zaleen artean ia mitiko bihurtu den “Lurrean, zulo batean, hobbit bat bizi zen” esaldi ospetsuarekin hasten den ume ipuin antzeko hau apurka-apurka nagusientzako eleberririk onenaren pareko konplexutasuna irabaziz doa trama berbazko jario jori baten bitartez ehundu ahala.
Mendebaldeko eta munduko literatura betiko aldatu zen 1937an Hobbita mundura jaio zenean.
Bilboren eskutik hainbat nagusik berreskuratu zuten txikitako ipuin eta kontakizunetan datzan lilura, eta hainbat gaztek eta txikik gizakion mito eta heroi handien lurralderako sarbidea eskuratu. Tolkienek istorio bat ez ezik, unibertso oso eta koherente bat eratu ere zuen; guztia antzinako literaturatik edaten duen kalitate handiko hizkera literario batez. Generoaren eta egilearen aurkaririk sutsuenak berak ere ezin uka lezake Hobbita plazaratu osteko urteotan argia ikusi duten fantasiazko liburu gehienak, aldez edo moldez, Tolkienen unibertsoaren zordun direla.
Hainbat hizkuntzatan Tolkienen lanek itzulpen saio bat baino gehiago izan dute. Euskaraz ere bi eskola edo saio ditugu, itzultzaile eta argitaletxe ezberdinek eman dituztelako Eraztunen Jauna eta Hobbita, eta igarri-igarriak dira itzulpen joeren arteko aldeak. Xabier Olarrak eta Sergio Ibarrolak ingelesezko izenei eustea erabaki dute, esaterako, ordea, kanten eta poemen eta enparauen itzulpenak oso modu euskaldunduan ordaindu dituzte. Honako bigarren pauso hau ez da abiaburu makala geroko belaunaldiek edo itzultzaileek Tolkieni euskaraz zor diogun “tornuya” eman ahal izateko. Almarë, enomentuvalmë!
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez