« Itxaropena eta etsipena | Ez da posible »
Lehen bilduma 82-84 / Mikel Antza / Susa, 1985
Antzaren bidea Gorka Bereziartua / Argia, 2008-01-11
Eztabaida izan dut nire buruarekin, zilegi ote den liburu iruzkin baten hasieran “literaturan dena esana dago” topikotzarra jartzea. Mikel Antzaren Lehen bilduma 82-84 liburuko “Amodiozko istorio bat” ipuina irakurri bitartean etorri zitzaidan topikoa burura. Izan ere, queer mugimendua gu guztion ahotan den honetan, gutxienez bitxia da atzera begiratu, eta ikustea 1983rako, zuri gainean beltz, narratzaile euskaldun batek idatzia zuela katu transexual batekin maitemindu zeneko istorioa. Ez dugu ezer asmatuko.
Liburua 1985ean argitaratu zen, aski forma bitxian: bi azal ditu, eta binilozko disko bat bezala, A eta B aldeak. Alde bateko ipuinak bukatu eta bestekoak irakurri nahi izanez gero buelta eman behar diozu liburuari. Kanpoko itxuran behintzat geroz eta liburu estandarragoak publikatzen diren honetan —uste dut argitaletxeek sailen batasunari lehentasuna eman diotela, obra indibidualaren kaltetan— artisau lanaren tankera hartzen du Antzaren honek.
Baina itzul gaitezen mamira —testu hau bai aldrebesa ari dela ateratzen, mon dieu—.
Idatzi ziren urteez aparte elkarren artean lotura handirik ez duten ipuinak dira, eta liburu bakarrean bilduta, osatzen dute, musikan single bilduma bat izango litzatekeenaren antzeko zerbait. A aldeko lehen bi ipuinek, alegoriak baliatzen dituzte, idatzi ziren garaiaz jarduteko: adibidez, “Suzko gezi bat bezala” ipuin ezagunean azaltzen den editoreak poesia mespretxatzen du, garaiko euskal editore batek egin zuen maneran.
Matrioshka tankerakoak dira liburuko beste hiru: ipuinen barruan ipuinak gordetzen dituzte. Horietan borobilena, nire irudiko, “Irrati lokutore baten heriotza” da, bere sinplean K.O. azkarra lortzen duelako, irratiko eskaleta baten tankerara osatutako narrazioarekin. “Xabi Metal Agirreren istorio labur eta tristea”-k punk giroko klixe estetiko batzuk erreproduzitzen ditu —sexua, droga, rock-and-rolla— eta esango nuke urteek ez diotela onik egin.
Denetan estilo lauena, molde narratibo sinpleena erabiltzen duen “Itzulerarik gabeko gunean” da, ene ustez, gutxien higatu dena. Eta paradoxikoa ere bada, zahartzaroaz diharduen ipuina izanik. Liburuko istorioen artean azkena izan zen, 1984ko abuztuko data dauka: Antzak, narratiban, sasirik gabeko bidea dauka aurretik momentu hartan. 1987an publikatu zuen Odolaren usainak konfirmatzen du, lan borobilagoa izan baitzen, Xabier Mendigurenek aldizkari honetan egin zion kritikan irakur daitekeenez.
Ez dakit orain, kartzelan, Mikel Antzak idazten jarraitzen ote duen. Eta jakin nahi nuke.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi