« Hango eta hemengo bazterrak | Bertsolaritzaren hiru mosketeroek egindako lanaren fruitu berria »
Lagun izoztua / Joseba Sarrionandia / Elkar, 2001
“Lagun izoztua”rentzat Tere Irastortza / Argia, 2002-02-24
Azkena, nahiz eta “Goio”k, Joseba Sarrionandiak ez oso aspaldian bere liburu batean erlojuei buruz ziona errepikatuz dion “Erlojuak desakreditatuta daudela” Markos Zapiainek gaurko egunkarian gogoratzen duen bezala. Azkena, besteak beste, orri hau idazteko azken eguna joan zaidalako, eta azken gauari eskapatzen ezin utzi diodalako, liburu batetaz aritu gabe… Maribelek ia ezer irakurri gabe erre zuen gutuna salbatu eta irakurtzera emateagatik eskerrak emateko, besteak beste.
Horretarako, gaur goizean irakurri diat Zapiainek liburuari buruz egindako iruzkina. Aspaldi honetan iruzkinen zain nengoen. Baina Zapiainek eta biok ez diagu liburua modu berean irakurri, eta ziurrena ezta irakurri duten beste askok ere. Gaur goizeko artikulua irakurri aurretik, gauza asko pentsatuta neukean liburu honi buruz esateko.
Aurrenik eta behin edertasunaz mintzatu nahi nian. Nola geldi-geldi irakurri dudan liburuak tira egin zidan, hizkuntzak memoriaren eta bizitzaren o sinetik urari jalgitzen laguntzen zion eran. Deskribatu beharrak eta gogoratu beharrak eta irudikatu beharrak hizkuntzaren bidez lortzen duen solidotasunaz, izotzarenaz.
Euskaldun izanaz harro egoteaz mintzatu nahi nian bigarrengoz. Tokiz eta garaiz kanpo bizitzearen sentsazioak larritu beharrean harro sentiarazten gaiztek batzuetan eta barkazak, Euskal Herrian bizi naizela horrelakorik esateagatik- iada 100 literatur-lan klasiko itzuliak ditut euskarara, eta ez zakiat inongo kritikok 101.tzat hartuko duen “Lagun izoztua”. Tamalez, horretarako idazleek politikoki zuzenxeagoak beharko ditek. Baina zorionez, idazle periferikoek bakarrik egin ditzaketen lanek salbatzen gaituztek mendebaldeko kulturaren kronika sinpleetatik. Paperik gabeko idazleen paperetan solidifikatzen duk literatur-ura. Eta euskaraz, idatzi izanagatik, behingoz, aurreneko iritsi izanaren sentsazioa ematen zidak. Behingoz, beraz, irabazle gaituk, euskaraz irakurtzen dugunok.
Euskaraz eta euskal literaturaren historia ahaztu gabe idazten ari den literaturaz mintzatu nahi nian hurrena. Mendebaldeko literatura aintzakotzat hartu arren, aurretik “Garoa” gabe, “Haizeaz bestaldetik” gabe, “Obabakoak” gabe liburu hau ia ezinezkoa izango zela pentsatu izan diat hainbat eta hainbat deskribapen eta pasadizo irakurtzean, azken urteetako literatura “Narrazioak” gabe bestelakoa izango zen bezala. Eta euskal literatura osasuntsu sentitzen dudala aldarrikatu nahi nian “Lagun izoztua” bezala, Aurelia Arkotxaren “Septentrio” ere batera irakurri dudanez, bi liburuetan bidaia, iparra, iritsi nahiak, denboraren ur-lorratzei segika euskal testuen tradiziora murgil egiten dakiten idazleek, behingoz, ez dutelako apaindura filologikoa bakarrik erakusten.
Baina Zapiainek egindako iruzkinaren ondoren, azkenean, beste zerbaitetaz ere idatzi nahi diat. Liburu honekin, besteen esperientzia oparo jaso ahal izan diat eta egia gezurraren alderantzi moduan erabiltzen den erresuma zahar honetan, egoten, bizitzen, pentsatzen, lagundu zidak. Literaturak bakarrik solidifika zitzakek haizeak sakabanatzen dakien hitzak. Irakurzaleok literaturan aurkitu diagu askotan “Lagun izoztua”, sentimenduak gorde alde, izoztuak mantentzea erabakitzen duen laguna, adi edukiko duen irakurleren baten zain. Demagun, azken hau, dena hitzaren galbahetik iragaztera behartzen gaituen mundualdian, entzuteko betarik hartzen ez duen jende artean bizi garelako ere gertatzen dela, hein batean. Baina azkenerako, nago, irakurtzea dela beste bati adi-adi entzuteko modu onenetarikoa. Eta hik horregatik salbatu duala Maribelek nobelaren 39.atalean ia ezer irakurri gabe erretzera zihoan gutunaren kopia. Azkeneraino eraman daitekeen entzuketa duk irakurketa. Eta azkeneraino eramaten dugunean, irakurketa bat bestearengandik hainbeste urruntzen duen errealitatearekin egindako entzunaldia duk.
Azkenik konprenitu diat, laguna izoztu egiten dela askotan azkeneraino lagun izan behar duenean. Bere malkoak isuri beharrean solidifikatu egin nahi izaten dituela, adiskidantzaren egia gezurtatu beharra gertatu aurretik. Zeren eta, gaur, gaur bezala, etxetzat gezurra hartzen duenak nahiago dik hango aterpea, errealitatearen babesik ezaren ordez, egia gezurraren alderantzirako erabiltzen den erresuma honetan.
Konprenitu diat, azken finean, aterperik eza duk, azkena askorentzat. Aterperik ezean erabakitzen diate, zenbaitek batzuetan, etena. Baina beste batzuk, etenik nahi ez dutenek beti aterpea salbatzera jotzen diate. Horrelakoetan nahiago aterpea: ezin izana, besteen erruaz eraikitako auto-errukizko hormekin.
Adiskide, lagun izoztu, iritsiko al zaik erantzun hau! Eskerrak, hemen guk oraindik ARGIA pizturik dugun. Bitartean, gau ilunetan, euskal irakurle batzuk, bazakiagu lagun izoztu batek behin itsasargi bat piztuta uzteko adinako lana hartu zuela, euskal literaturaren bazterrean, eta hire hondartzara iristen ez garen bitartean, besarkada bat
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez