kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Baina bihotzak dio / Xabier Montoia / Elkar, 2002

Hango eta hemengo bazterrak Amagoia Iban / Euskaldunon Egunkaria, 2002-02-23

13a adur txarreko zenbakia omen da jende askorentzat, eta 13 ipuin ditu Xabier Montoiaren liburuak. Ez dugu adur txarreko ariketatzat hartu Baina bihotzak dio honen irakurketa, haatik. Joxemari Iparragirreren, Urretxuko bardoaren, kanta hitz batzuk dakartza gogora izenburutik beretik idazle gasteiztarrak, eta hura bezala atzerrian ibili diren eta dabiltzan hainbat euskal herritarren bizipenak aletu dizkigu. Madril, Londres, Napoli, Paris, Berlin, Mombai (edo Bombay esatea hobe?), Txogori, Halifax, Irapuato, Buenos Aires, Daytona Beach, Douala eta Meotz dira erbeste gune horiek. Eta gune bakoitzak, pertsonaia bakoitzaren egoerak bezalaxe, ezaugarri propioak ditu erabat, behin-behineko eta behin betiko atzerriratzeen katalogo antzeko zerbait osatuz. Izan ere, atzerrira jotzeko arrazoi asko izan daitezke.

Euskal Herrian ere bai. Ogibide bila, barne bakearen bila, jazarle politikorik gabeko tokiren baten bila, mendi gailur baten bila, maitearen bila, senideren baten bila… abiaturiko pertsonaien bidaia fisikoei baino gehiago, bidaia horien arrazoiei erreparatu nahi izan die Montoiak, eta hamaika erregistro erabili ditu horretarako.

Nerabeekin hasita…

Gurasoak banandu ostean Madrilera bizitzera eraman duten mutil gaztea azaldu digu Montoiak, adibidez, Madrid. Eguberrietako ipuina lehen narrazioan.

Eta helduen miseriez donostiar nerabe batek duen ikuspegi mindua alde batera utzi, eta Londresera eraman gaitu bigarren narrazioan. Montoiaren lanetan ageri ohi den umore beltz ia basatiaren lehen kolpeak jaso ditugu London. Haur ipuinen artista delakoan. Au-pair moduan lan egitera Londresko etxe batera joan den ezpeletar xaloaren pasadizoen kontakizunaren ironia ukituak izenburutik bertatik zirikatu gaitu. Napoliren txanda da jarraian. Napoli. Egia hor kanpoan dago, keinu parapsikologiko eta guzti, bizkaitar lagun biren turista bidaia xumea da. Paris. Oroimenaren ur handietan, berriz, turismoarekin zerikusi gutxi duen egonaldi baten kontaketa dugu. Fleuryko espetxean gogoeta eginez dabilen preso politiko emakumezkoa da protagonista, eta alaba eta bikotekidea ikusteko irrikaz bizi da.

Berlin. Maitasuna oporretan ipuinak ere, maitea gogoan duen gizonezko baten gogoetak azaltzen ditu. Paradoxen paradoxak zer diren, gizonezko protagonistaren alegiazko gogortasunaren atzean ezkutatzen den ahuldadea ere ikusiko dugu. Barre algaraka aritu gara, egia esan, ipuin horretako zenbait pasarte irakurtzerakoan.

Indiara garamatza ondoren Montoiak, Mombai. Haizeak eroanikoa testuan. Anaiaren bila joandako emakume laudioarraren kontakizunak bukaera tristeak ere ez direla hain tristeak erakusten digu. Eta Txogori. Deus ez alpinista nafar batek K-2ra eginiko espedizio baten egunkaria dugu. Halako bidaiei jantzi ohi diegun epikotasun atorrari adabaki bitxia erantsi dio Montoiak. Eta jarraian datorren Halifax. Amaitezina dena narrazioak, berriz, beste modu bateko epikotasuna kontatzen digu: Australiara ogi bila joandako emakume biren arteko maitasun harremana kontatzen digu, elkar ikusi ahal izateko, balentria kutsua duten hitzordu klandestinoak nola antolatu behar izaten dituzten azalduz.

Erbestea han eta hemen

Iheslari politikoen gaiari heltzen dio jarraian Montoiak, Irapuato. Makurkeria nonahi ipuinean. Gizon makurrengandik beti ihesi dabilen familia baten berri ematen du bertan, famili horretako alaba kontalari bilakatuta.

Buenos Aires. Vita Horribilis-en, berriz, inoiz ezagutu gabeko aitaren gutuna jasotzen duen emakumearen gogoeta kontatzen digu gasteiztarrak.

Daytona Beach. Adio horri guztiari AEBetako Jai-Alaietan zebiltzan euskal pilotariek duela bi hamarkada eginiko grebari buruz ari da. Eta Kamerunera itsasontzia hartzera doan marinelaren egonaldia agertzen du Douala. Krokodiloaren ezkatak lanean.

Liburuari amaiera emanez, Nafarroako herri txiki batera bere burua erbesteratu duen pentsalariaren ingurukoa da Meotz. Erbesterik latzena.

Lau lagunek agertzen digute erbeste horren aurpegi zenbait. Montoiak aipatzen duen erbesterik latzena, esan gabe doa, norbere herrian bilatu beharrekoa da.

Pertsonaia bakoitzaren jatorriari dagokion euskalkia erabiltzen eta kontakizun bakoitzari plano eta giro propioa ematen saiatu da Montoia Baina bihotzak dio honetan. Lehendik erakutsia zigun gordintasunetik goxotasunera jauzi egiteko gaitasuna, eta gaitasun hori galdu gabe jarraitzen du, zalantzarik gabe. Zenbait ipuin bereziki biribilak iruditu zaizkigu (K-2koa, Meatzekoa…). Beste zenbaitek, hotz utzi gaituzte (Napolikoak, adibidez).

Eta liburua bukatzean, gehiagoren gogoz geratu gara. Airean joan zaizkigu orrialdeak. Irakurtzea merezi duen lan berri bat eman digula Montoiak, alegia.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak