kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Burbuilak / Irati Elorrieta / Alberdania, 2008

Kultura eta misterioa lotuta Ion Olano / Gara, 2008-07-26

Hamahiru ipuinez edo atalez osatutako nobela berezia da Irati Elorrietaren (Algorta, 1979) lehenengo liburua: Burbuilak. Nobela berezia diot, ipuinen arteko harremanak ematen diolako batasuna, gertakizunek ez dutelako ia pisurik, ez bada pertsonaia bakoitzaren barruan uzten dutena. Idazpuruak iradokitzen duen irudiak isolamenduarekin baino zerikusi gehiago du babesarekin, norberak leku egiteko sortzen dituen behin-behineko babeslekuekin, deserria ez baita drama Elorrietaren liburuan. Deserria halabeharra da, behartutako aberria.

Sira izeneko gaztea da liburuko kontakizunetako protagonista nagusia. Berlingo deserriko ibilbidean topatu ditu hainbat pertsonaia, esate baterako Hermann eta Sagran musikariak, Frank eta Cesar zinemagileak, Mifu marrazkilaria, eta abar eta abar. Norberak du bere burbuila, eta posible dutenean elkartzen dituzte Berlinek eskuzabal eskaintzen dizkien espazioetan: abrikotondoz jantzitako patioan, leiho zabalera ematen duen ohe beltzean, Negativeland bideoklubean, Luna pizzerian, kalean orobat. Liburuko pertsonaia gehienak gazteak dira, airean dabiltza, galduta. Badute, ordea, denek espazio bakoitza betetzeko era, zalantzaka-balantzaka doaz, baina badoaz.

Irudien munduan bizi gara hizkienean bainoago. Horren adibide da Burbuilak narrazio liburua, non ez den ageri ia literatur erreferentziarik. Zinema da jaun eta jabe: “Lost in Translation”, “Swimming Pool”, “A tale of two sisters”, “Le Mépris”, “Der Himmel über Berlin”. Lumaren ordez kamera hartu eta, gertakizunei garrantzia kenduz, pertsonaien barrua arakatzen aritu da egilea. Ipuinetako narratzaileak ez du Sira begi-bistatik galtzen, ia. Lehenengo bi narrazioetan hirugarren pertsonan aurkeztu digu, eta hurrengoetan (bigarren pertsonaren agerraldiren bat eta beste salbuespenen bat salbu), lehenengo pertsonan kontatzen ditu Sirak eguneroko gertaera xumeak, era xumean. Batez ere, burbuila bakoitza nolakoa den, barruan gertatzen dena fokatzen du Sirak. Irudien garrantziaren beste adibide bat azalean eta liburu barruan dauden ilustrazioak dira. Fumi M.Y.-k egin ditu (liburuko Mifu ote?), eta egokiak iruditu zaizkit kontakizunen tonuarekiko.

Nobela berezia dela esan dut arestian. Ez baitira ohikoak gurean ipuinez osatutako eleberriak. Burbuilak-eko narrazio bakoitzak badu nolabaiteko autonomia, baina denek behar dute elkar mezu bat osatuko badute. Liburuko pertsonaiek bezala, beharbada. Zabaltzen eta ixten duten bi ipuinek, S.I. eta deserriko burbuilak eta Post H. Pop, hurrenez hurren, sari bana jaso dute Tene Mujika eta Gabriel Aresti lehiaketetan. Orri bat betetzera heltzen ez den posta txartel bat: Mo izan da niri atseginen egin zaidanetako bat, azken ipuinarekin batera. Nolanahi den ere, nago liburutik atera orduko itolarria sentituko luketela liburua osatzen duten zenbait ipuinek. Liburuaren irakurketak ez du abstrakzio lan konplikaturik eskatzen, sentimenduez ari delarik, bisuala da oso. Pertsonaiak gehiago ezagutzean oinarritzen da irakurketaren jakin-mina, ez-ohiko korapiloetan (“Korapiloak askatzean, soka apurtuta egon daiteke”, irakur dezakegu liburuan).

Hala ere, aitor dut kontatzeko erak eta kontakizunak berak ez nautela sobera harrapatu. Liburuan errepikatu egiten dira pertsonaiak, lekuak, motiboak eta hori lagungarri suertatzen da irakurketak aurrera jarrai dezan, atseginagoa izan dadin. Batzuetan, ordea, azalpen gehiegi jasotzen nituela iruditu zait eta, ondorioz, trabagarria egin zait imajina nezakeena irakurri beharra. Alegia, narrazioetan kontu xumeak era xumean irakurtzea atsegin zaidan arren, oro har, deseroso samar sentitu naiz burbuilen barruan.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak