« Erretorika hizlarientzat | Solasaldi platonikoa »
Oraina galdua / Juan Ramon Makuso / Erein, 2008
Orain eta hemen Bixente Serrano Izko / Berria, 2008-07-27
Filosofia eta poesia airoso ibili dira sarri besotik elkarri helduak. Parmenidesen poema dugu, kasurako, mendebaldeko filosofiaren poema fundatzailerik handiena; edo Platonen leize-zuloaren mito ospetsua, arazo filosofiko baten adierazpen poetikoenetako bat dena, Juan Ramon Makusorentzat ere bai; Makuso ez dakit poeta filosofoa dugun, ala filosofo poeta. Edonola ere, poeta bezain filosofo ageri zaigu. Eta eskuartean dugun liburua, Oraina galdua, saiakera bat da, baina bere zama poetikoak xarma berezia ematen dio. Victor Gomez Pinek argi dio hitzaurrean: “Alderdi kontzeptuala eta alderdi poetikoa bereizezin agertzen zaizkigu Juan Ramon Makusok aurkezten digun testuan”. Makusok berak ere berdintsu diosku, liburu honetan gaueko ilargipean filosofatzen hasirik: “Poesian babestuko naiz. Poesian sortuko dut niretzat izango den mundua”.
Denborari buruzko gogoeta bat da, giza denborari buruzkoa, arrazoizko eta sentimenduzkoa aldi berean, gure orainaren bizipen iheskorrari buruzko gogoeta. Giza asmazioa da denbora eta hori “gure etsipena da. Aurreratu, atzean geratzeko beti”. Orainetik eratzen dugu iragana, jada ez den hori, eta orain asmatzen dugu, proiektatzen dugu, etorkizuna, oraindik ez den hori, berez deus ere ez den hori. Baina oraingo unea, zerbait baldin bada, geltokirik eza baizik ez da: “trenak denboraren zurrunbiloan ez du aurkitu bere geltokia”, horratx.
Oraina mintzoak, euskaraz, denbora hutsa islatzen digu. Gaztelaniazko eta frantsesezko presente eta présent mintzoek ez bezala: hauek, denbora ez ezik, espazioa ere adierazten dute, orain eta hemen, hic et nunc ideia dute sabelean. Makuso euskaldunarentzat ere, “orainak agerpena behar du”, eta agerpenak, jakina, nonbait gertatu behar. Orainari buruzko gogoeta, hortaz, ez da gelditzen tradizio kristauaren ezkortasun hartan, bizitzaren hutsalkeriagatik-eta auhen haietan. Orainaren galkortasunaz, iraganarekiko mesfidantzaz eta etorkizunaren ez-existentziari buruzko “hitz horiek ez dute inongo ikuspegi ezkorrik azaltzen”. Orain honetan, azken finean, ni bat dago, begirada bat dago, errealitate bat ikusten duena, “simulakroa” den errealitate bat, baina agertoki bat, non zu eta bertzeak ere agertzen diren. Horrela, subjektu artekotasuna, identitatea, alteritatea, hitza, komunikazioa, gizaria, gizarte eta kosmosaren amarauna, hiria…, kontzeptu anitz joanen da aletzen Makuso, edozein solipsismotatik ihesean, den-dena orain eta hemen, agian eterno edo bederen geltoki patxadatsuago nahiko genukeen presente batean.
Platon, Parmenides, Nietzsche, Kant, Schopenhauer, Descartes, Freud, Sartre, Witehead…, denak oroimenean (bai eta Camilo Anxio bere lagun eta gogaide bat ere, hau distantzian e-mailen bidez), ditu aldizka solaskide, Solasaldi platonikoa azpititulu duen lan labur eta gozagarri honetan; hori bai, behin baino gehiagotan leitzera eramaten duen lana da. Irakurketa samurtze aldera, lau idazleren hitzak jarri ditu atal bakoitzaren sarreran, guztiz esanguratsuak: Ixiar Rozas, balio poetikoez beteriko nobelagilea; Txillida, espazioaren artista handienetako bat dugun hori; Axular, geroaz gure espezialista klasiko hura; eta Hugo Mujica, poeta filosofo argentinarra, alegia.
Amaieran, “orainaren unea heltzen zait”, dio egileak. Orain galkor bat, oroi-minez eta oroimenez betea. Baina “oroimena ikerkuntza bat da niretzat, ez etengabeko atzerapauso bat”, “galdera bat da”. Eta irakurleak pausalekurik ez duen galdera segida luze bat gehi dezake, oraingoz deus ez den etorkizuna ere diseinatzen temati.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi