kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Burbuilak / Irati Elorrieta / Alberdania, 2008

Bakardadea Berlinen Javier Rojo / El Correo, 2008-06-28

Ez dakit literatur genero berri baten aurrean ote gauden, baina ematen du joera deitu genezakeen zerbaitek behintzat bere txokoa aurkitu duela euskal literaturan azken bolada honetan. Joera-edo honek ezaugarri markatuak dituela iruditzen zait. Idazleen ezaugarriei erreparatuz gero, ikusiko genuke joera horretan mugitzen diren idazleak emakumeak direla, 30 urte ingurukoak, eta askotan Euskal Herritik kanpora bizi direla edo bizi izan direla. Haien idazlanek antzeko ezaugarriak erakusten dituzte: Narrazioetan, pertsonen arteko harremanez aritzen dira, bikote-harremanez bereziki; bakardade sentimendua nagusi da haien idazlanetan, batez ere pertsonaiak deserrotuta daudela ematen baitu (berena ez den espazio batean daude, etxetik urrun, era xinplean esateko); eta hizkeraren aldetik, komunikabideetatik hurbil dagoen hizkuntza laua erabiltzen dute, nabarmena izan nahi ez duen estiloa nagusi baita beraien idazlanetan. Ezaugarri hauek orokorrak dira eta, jakina, ez dute ezer adierazten idazlan bakoitzaren kalitateaz.

Hau guztia idatzi dut Irati Elorrietaren lehenengo liburua, “Burbuilak” izenburuko narrazio bilduma hau, halako joera baten barruan kokatuta dagoela iruditu baitzait. Berlinen, beren mundua bilatzen duten pertsonaia batzuk aurkezten dizkigu idazleak bere narrazioetan. Hiria ia mitiko bihurturik ikusten dugu, hainbat naufragioetatik ihes egindako pertsonaiek leku horretan beren salbazio-irla aurkitu izan balute bezala. Hiria babesa da, baina, beste aldetik, arrotzak dira hirian. Ilusio-desilusio dialektikaren erdigunean kokatuta daude pertsonaia horiek, ametsak bizi, gauzatu nahi baitituzte, ametsetarako leku handirik ez dagoen mundu batean. Giro horretan pertsonaien arteko harremanez hitz egiten zaigu narrazio hauetan, haiek lotzen dituzten hariez, bakardadetik ihes egiteko egiten dituzten ahaleginez. Liburu honetan agertzen diren narrazioak beregainak dira, baina pertsonaiak errepikatzen dira, beraien arteko harremanen berri behin eta berriro ematen zaigularik, beraien egoeraren irudi osoago bat eskainiz. Atal bakoitza narrazio bat bada ere, nobela baten zatiak izango balira bezala ere irakur liteke liburua.

Joera baten barruan sartu daiteke liburua, baina, joera horretan, denetarik irakur dezakegu. Kasu honetan, liburu oso interesgarri baten aurrean gaudela iruditu zait, idazleak pertsonaien arimetan begiratu eta haiengan sakontzen jakin baitu.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak