kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Burbuilak / Irati Elorrieta / Alberdania, 2008

Espazioak kontalari Beñat Sarasola / Berria, 2008-06-01

“Ikuskizunak gora eta behera egin zuen, denetarik egin zuen, buelta osoa eman zuen. Sentimendu-sorta zabala sortu zuen nigan. Denetarik, baina batasun batekin. Eta ezin nion neure galderari erantzun. Ezin nuen jakin zer zen itxurazko nahaste-borrasteari eusten zion hori”. Hauexek dira Burbuilak-eko protagonistak, Sirak, dioena liburuaren bukaera aldera bere lagun batzuen jazz kontzertu baten inguruan. Hitzok, liburu honen poetika gisa uler daitezkeela iruditzen zait, halaber. Inazio Mujika Iraola liburuaren editoreak ipuinez osatutako nobelatzat hartu du liburu hau, eta liburu honen berezitasunetako bat horretan datza, hain zuzen, ipuinen eta nobelaren arteko muga horretan, nahaste-borrastearen eta batasunaren mugan.

Liburuan, funtsean, Siraren ibilerak kontatzen dira, batez ere Berlinen bizitako boladak (badira beste zenbait aipamen Bartzelona edo Bilbori eginikoak, besteak beste). Bertan gazte giro post-unibertsitarioa azaltzen da, pertsonaia ugarirekin, baina denek ere halako bizitza aldakorra daramatenak: zinema zuzendari hasiberriak, musikariak… Neurri batean, egungo mundu globalizatuaren erretratua eskaintzen da bertan, egonkortasuna baino bidaia eta mugimendua nagusi duena. Hala, ez da harritzekoa erbestea izatea nobelako gai nagusienetakoa, aitatasun eta amatasunarekin batera. Eta, pentsatzen jarrita, ez da kasualitatea; zer beste da izan erbestea jaiotza berri bat baino?

Narrazioak hari fin baten gainean egiten du aurrera, elementu kateatu gehiegi gabe, gutxieneko elementu errepikakor batzuen bidez: Berlin, etxeko patioa, abrikotondoa, Negativeland bideo-denda, Sira protagonista, ama eta aitatasunaren gaiak… Elementu horiek oinarri hartuta, be-bop kontzertu bateko melodia bailitzan, narrazioak bere bide inprobisatua jorratzen du, burbuilek airean bezala, non irudiek gertakizunen bilakaerak baino garrantzia handiagoa duten. Izan ere, definizio laburrak ematen hasita, Burbuilak nobela liriko gisa defini liteke segur aski. Esan bezala, irudi eta sinboloak narrazioaren erdigunean kokatzen dira, eta horiek dira batez ere kontakizunari aurrera eragiten diotenak. Izatez, badira kapituluak ia poesia kontsidera litezkeenak (Posta txartel bat: Mo). Horregatik koka daiteke liburu hau nobela eta ipuin-bilduma artean; ohiko nobela izateko argumentu kateatu sendoa falta zaiolako, eta ipuin-bilduma izateko, berriz, elementu errepikari gehiegi dituelako.

Edonola ere, iruditzen zait liburuari on gehiago egiten diola nobelatzat hartzea ipuin-liburutzat baino. Izan ere, inpresioa dut ipuinok liburuko atmosfera horretatik kanpo, solte, indar dezente galduko luketela. Labur-labur esateko, atmosfera horrek osatzen baitu liburu honetako benetako muina. Elorrieta bera honen kontziente dela ematen du, gainera, Sirak momentu batean “Istorioak kontatzeko gaitasuna dute espazioek” dioenean. Eta pentsa daiteke espazio hauek osatzeko agian ipuinak motz geratzen direla.

Euskal literaturan nahiko emaitza ezohikoa da liburu hau. Beste libururen batekin erkatzekotan Ixiar Rozasen Negutegia-rekin erkatuko nuke agian. Ez bakarrik Berlingo hiria kontakizuneko gune geografiko garrantzitsuenetakoa delako, arestian aipatu osaera narratibo sakabanatu eta zatikatu antzekoa dutelako orobat. Baina hortik landa, ez dut uste tankera honetako liburu askorik topatu daitezkeenik euskaraz. Horregatik, interesgarria iruditu zait idazleak halako apustu narratibo bereziari heldu izana, eta uste dut Elorrietaren mundu eta ahots propio bat osatzeko abilezia azpimarratu behar dela.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak