kritiken hemeroteka

8.741 kritika

« | »

Horretaz / Txillardegi / Elkar, 2007

Esperientziaren mamia Ion Olano / Gara, 2008-04-12

Gaur hitz egingo dut Txillardegiz. Gaurko pentsalaria da, eta badirudi beti bizi izan dela gaur; ez atzo ez bihar, beti gaur. Honezkero, ia iraina litzateke Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi aurkeztea. Gure artean nabarmena izateko arrazoiak eman dizkigu aski, eta ez naiz hemen zerrendatzen hasiko. Ez da une, ez leku egokia.

Horretaz deitzen da Txillardegiren azken argitalpena, 1965eko Huntaz eta hartaz liburuarekin aldebiko triangelua osatzen duena. Zazpi saiakera labur eman ditu argitara. Jean Paul Sartre, Rosalia de Castro eta Galizia, Ameriketako genozidioa, gizakiaren jatorria, Jainkoa, antropozentrismoaren kritika, eta kosmosaren behaketa. Horiek dira Txillardegik aurkeztu dizkigun gaiak. “Aurkeztu” esan dut, hain zuzen, gaien gaineko digresio eta sakontzean galdu ordez, saiakera laburrotan gaien aurkezpen iradokitzaileak egin dituelako. “Sakondu nahi duenak espezialistetara jotzea dauka. Punttua jartzea dagokit bakarrik. Bertsoa… bestek burutuko”. Argiago ezin zuen idazleak bere asmoa azaldu. Gaiak oro dira interesgarriak, baina besteak baino atsegin biziagoz irakurri ditut “Ameriketako genozidioaz”, “Giza jatorriaz” eta “Gure galaxian barrena” atalak. Aitortu behar dut kosmos kontuetan ia birjina izaki, galdu samar ibili naizela, batez ere liburua ixten duen “Galaxietan barrena” saiakeran. Gauza ezezagun hegalari gehiegi, niretzat.

Gaiak askotarikoak izanik, hobe saiakeron ezaugarri orokorrak azaltzen baditugu. Bi nabarmenduko nituzke: testuen borondate hipertestuala batetik, eta jendarteratzailea bestetik. Hipertestuala, edukien arteko lotura bilatu duelako. Testuaren baitatik testutik irteteko deia egiten duelako, jatorrizkoak ezagutzeko gonbit ugari dagoelako. Egituraren aldetik nahiz ideien antolamendu aldetik batzuetan nahasi samarra suerta daitekeen arren, prosa garbia da Txillardegirena, bere ezagupenak ezagutzera emateko asmoz eraikia. Hipertestuek badute arrisku bat, Internetekoek bereziki: alegia, testutik testura galdu eta hasitako testura ez itzultzeko arriskua, zikloa itxi gabe uztekoa. Baina liburu honekin ez dut sumatu halakorik. Helburu jendarteratzaile argiak ditu, eta hortaz, galtzeko arrisku gutxi. Esan gabe doa, halako gidariarekin… Liburuari itzalen bat ikustekotan, metodologiaren lausotasuna eta itzulpen guztietan koherentziarik gorde ez izana seinalatuko nituzke. Izan ere, liburura ekarritako testu batzuk jatorrizko hizkuntzan utzi ditu (maiz frantsesez), baina beste batzuetan euskarara itzuli ditu, begi-bistako irizpiderik erabili gabe. Metodoaren aldetik, ohitura falta izango da ziurrenik, baina halako lur ezezagunetan sartzean sentitu dut beharra jakiteko gidariak nora eraman nahi nauen.

Saiakerotan egilea gutxitan mintzo da bere ahotik. Liburuan topatu ditugun ideia gehienak ez dira Txillardegik berak esanak, erreferentzia zehatzez aipatutako ehunka egilek baizik. Hau esanik, berriro nabarmentzen da saiakeren borondate hipertestuala. Milaka ate marraztu dizkigu Txillardegik, bere testutik besteetara. Ateak asko dira, ez izutu, asko eta asko dira. Ez daude denak zure zain. Txillardegi fidatzen da irakurlearekin, horrexegatik ez du mamurtu aipatu dituen ideien mamia. Besterik gabe, ideiak aipatu ditu. Ideia mamitsuak. “Mamitsua” esan dut, horixe baita Txillardegik gehien erabili duen kalifikatiboa hizpide dituen lanak baloratzeko garaian. Eta zinez dira mamitsuak egile honen esanak, pentsamendu landuak eta onduak baitira bereak, esperientziaz beteak. Horretaz honetan bertan idatzi duen bezala: “Zilegi bekit bere horretan uztea. Ezen zer nik erantsiko? Erants beza irakurleak ongien deritzona”.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak