kritiken hemeroteka

8.662 kritika

« | »

Amodio gutunak oinordetzan / Lydia Flem (Joxan Elosegi) / Alberdania, 2007

Falta direnerako Aritz Galarraga / Gara, 2008-01-19

Lydia Flemek zortea duela iruditzen zait (tira, zortea-edo): hiru urtean hiru liburu euskaratu dizkiote. Horrekin ez dut esan nahi tamaina horretako saririk merezi ez duenik, esan nahi dudana da meritu hori irabazita ere (jar dezagun kasurako Annie Ernaux) zaila dela autore bati hain denbora estuan hainbeste lan euskarara ekartzea. Nahiko luketela izen handiko hainbat idazlek erritmo horretan euskaratuak izan (jar dezagun, kasurako, Amelie Nothomb). Alberdania etxeak itzulpen ugari kaleratu ditu azkenaldion. Harrituta begiratu nion udazken-negu honetako argitalpen katalogoari: sorkuntza lanen artean, itzulpenak barra-barra. Kontua hanpatzen ari naiz, baina egia da itzulpen asko aurkeztu zituztela, eta asko gurean izen ez hain ezagunenak: Dubois, Boyne edo Taylor. Gauza txarrik ere izango du itzulpen politika horrek akaso, baina nik gauza bat ikusten diot onetik, ausartetik eta eskergarritik: gazteleraren irazkitik pasatu behar izan gabe euskaratzen ari direla, ongi euskaratzen gainera.

Esan bezala, Amodio gutunak oinordetzan ez da Lydia Flem idazle eta psikoanalistaren lehenengo lan euskaratua. Aurretik, beste bi titulu ere irakur genitzakeen: Nola hustu nuen gurasoen etxea (2005) eta Izua (2006). Azken hau, Izua, beste biengandik diferente samarra izanagatik ere (bat-bateko herstura krisiak jasaten dituen pertsona baten eguna kontatzen du), Flemek egiten duen literaturaren hainbat zantzuren erakusle da: hizkera zuzena, esperientzian oinarritutako kontakizuna, irakurlearekin konektatzeko desioa. Itzuli zioten lehenengo liburu hark, Nola hustu nuen gurasoen etxea lanak, lotura zuzenagoa du eskuartean dugun honekin, aurrekari dela esateraino. “Ez nion neure azken esaldiari puntua ezarri”, idatzi du Amodio gutunak oinordetzan liburuko lehenengo lerroan, aurreko lanari erreferentzia egin dion esaldiak. Etxea hustu ondoren, beraz, gurasoen amodio eskutitzen irakurketa dator, dolu prozesu beraren fase berri bat.

“Gurasoengandik gelditu zitzaizkidan oroitzapenen artetik, haien ganbaran topatu nituen hiru kutxetan zeuden leku bereziena hartzen zutenak, hauskorrenak agian. Kartoizko kutxak ziren, eta ireki gabe eraman nituen etxera. Banekien han zegoela nire gurasoek hiru urtean, 1946ko irailean elkar ezagutu zutenetik 1949ko abenduaren lehenean ezkondu ziren artean, elkarri trukatu zioten maitasun gutuneria. Zer egin behar nuen, begiratu gabe bota ala irakurri? Indiskrezioa izango ote zen hura? Intzestua beharbada?”. Gutun horiek oinarri, doluaren gaineko hausnarketa ere bada Flemen liburu hau: “Zer bilakatzen da dolua, doluaren ondoren? Nola bizi gara geure hilekin? Nola deitu atsekabe egoera berri honi? Dolua da betiere edo bestela deitu behar ote zaio?”.

Arriskua, egotekotan, esperientzia pribatua dena (gurasoen eskutitz sorta bat aurkitzearena, adibidez) esperientzia unibertsalean bilakatzen ez asmatzea litzateke. Hau da, kontakizun zaiguna behingo kontu pribatu soilean geratzea. Baina asmo zintzoa nabaritzen da Flemen hitzen atzean, irakurlearen sentimenduekin bat egiteko nahia, hitzak falta diren horretan hitzak jartzekoa: “Nire jokalekua bihurtu da idaztea. Hitzen bila abiatzen naiz, haztamuka, eta erritmo batean, melodia batean, entseatzen naiz neure muin sakonenean bizi dudan zerbait, besteekin partekatzeko”. Eta emaitza ere asmoen neurrikoa dela begitandu zait: arina, aringarria, bizia, gertukoa, mamiduna eta, batez ere, zintzoa. Ez da gutxi, gaur egun gauzak dauden bezala egonda.

Azken kritikak

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Asier Urkiza

Ni, laiko
Markos Zapiain

Nagore Fernandez

Zorretan
Agurtzane Intxaurraga

Maialen Sobrino Lopez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Jon Agirre

Emognosia
Mitxelko Uranga

Mikel Asurmendi

Silueta
Harkaitz Cano

Irati Majuelo

Koxka bat estuago
Henry James

Aritz Galarraga

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Hasier Rekondo

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Maddi Galdos Areta

Poesia kaiera
Frank O'Hara

Asier Urkiza

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Nagore Fernandez

Beste urte batez
Samira Azzam

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

Hedabideak