« Salbazioko Armada | Larridura deserosoa »
Oker ttiki garrantzigabeak / Antonio Tabucchi (Fernando Rey) / Alberdania-Elkar, 2007
Oker txikien garrantziaz Karlos Del Olmo / Eizie.org, 2007-06-04
Luzaro, Antonio Tabucchi idazle sekretu halako bat izan da ia, literatur minak jotako lagunen erkidego sekretuko kideek elkar ezagutzeko erabiltzen zuten pasahitza. Lurrazpiko idazlea, Pereirak dioenez plazara agertu arte, beharbada hura haren idazlanik biribilena izan ez arren, irakurletza zabalago batenganaino heltzeko osagai guztiak baitzituen, zenbateraino eta Marcello Mastroianniren azken pelikula bihurtu arteraino. Italiar idazle honek gazte-gaztetatik Portugali maitasun sutsua izan dio, hango literaturak —Pessoak— piztu zion grina bitarte zela. Eta, halaxe, Fernando Pessoaren obra eta nortasuna Europan aditzera emateko lan ikaragarria egindako laguna da Antonio. Lantzean behin, Pessoa orakulu moduan darabilela ere pentsa liteke.
Tabucchiren lehenengo irakurraldietan espainiar literaturak garrantzi handia izan zuen, On Kixote lagun, Galdós, Lorca, Borges, Pirandello, Gadda, Sciascia, Pasolini, Svevo, Kafka, Machado… izan zituen bidaide eta gogaide Pessoa deskubritu arte. Eta, nolanahi ere den, literatur prestakuntzaz, narratzailea da, batez ere. Berberak aitortu izan duenez, eskizofrenia kultural eta linguistiko moduko batean murgilduta bizi da, Portugaletik Italiara doan autobide zabaletik abiada bizi bezain lasaian doalarik.
Maitasunaren kontzientzia noraezekoa da bizitzaren bidaia ulertzeko, eta bidaien eta maitasunaren gairik gabe nekez ulertuko dugu Oker ttiki garrantzigabeak idazlana, pertsonaia batek dioenez, lotsagarria delako maitasuna ezagutu ez izana. Liburuan bidaiak dira giltza, idazleak, ordea, inoiz ez omen du bidaiarik egin inspirazio bila, lanak behartuta baino. Gerora, idazten hasterakoan, gomutara etortzen zaizkio bidaldiok iradokitakoak, bakarka, isolaturik geratzen denean. Nolanahi ere den, Tabucchi beste idazle ospetsu askoren biziera frenetikotik, mundua jateko gura asegaitz horretatik urrun bizi ei da, harako “gizon bare” haren antzera. Eta horrexek azaldu dezake, seguru asko, eskuartean dugun narrazio bildumaren erritmoa ulertzeko gakoa. Eleberriko leku eta eszenategiak ezagunak zaizkigun arren —Euskal Herriko zenbait herri ere agertzen dira—, denbora aldetik, kronologia lausoko ipuinak direla esan liteke, idazleak baiesten duenez, literaturak kronologiarik ez duelako.
Tabucchiren mundua begiradaren bidezkoa da, pinturak, museoak, arkitekturak, paisaiak zama handiagoa dutelako bestelako osagaiek baino; hala, emozio estetikoa begietatik helarazten digu idazleak, gainerako zentzumen iradokizunak lanbrotuago daude, usaimena, entzumena eta dastamena lantzean-lantzean aipatu arren. Liburuan, bestalde, den-dena esaten ez digun susmoa izaten dugu, gauzen ifrentzuan zerbait ezkutu, itzal artegagarri bat balego legetxe. Ez da harrigarria, Pessoaren heteronimoak hainbeste maite dituen idazleak gugan ni bat baino gehiago dagoela uste duenez gero, bizitzan pertsona bat baino gehiago garelako inpresioa izan ohi dugula, geure bizialdia beharbada ez dela guk uste ohi dugun modukoa. Alderdi ezezagun horren beldur garenez gero, ordea, maskarak erabili ohi ditugu, babes moduan. Bizitza labirinto moduan aurkezten digu, hura zeharkatzerakoan ezagutzen ditugun pertsonek markatu egiten gaituzte eta, hala, bide buru bihurtzen dira, zedarri biziak. Horrelaxe dabiltza liburuko pertsonaia gehienak, labirinto irteera topatu guran… beharbada ostera ere labirinto barrura sartzeko.
Fernando Reyren itzulpena oso egoki gertatzen da Tabucchiren erritmo biziaren itxurazko egonkortasuna ordaintzeko, erritmoan etenik sortzen ez duelako. Irakurlea berehala konturatuko da hizketa adierazkor eta goxoa lortzeko itzultzaileak egindako ahalegin eskergaz. Eta hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
Harrigarri samar gerta dakioke inori euskal bilduma berean, segituan, egile beraren bi liburu agertu izana, batez ere idazlea bizirik dagoela eta aurreko urtean beste argitaletxe batek Pereirak dioenez bikaina argitaratu ostean. Baina bizitzan bezala, literaturan ezer ez da kasualitate hutsa edo, osterantzean, den-dena kasualitate hutsa da. Inongo istoriorik ezin amaitu omen daiteke, benetan gauza guztiek zabalik dirautelako, nola bizitzan, hala literaturan ere. Halere, gaur ez nauzu ni etorri, Antonio Tabucchi baino, erraten zautan Fernando Pessoak…
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez