kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Bizian argitaratuak / Franz Kafka (Naroa Zubillaga) / Alberdania-Elkar, 2007

Kafkaren sugetzar sintaktikoak Bixente Serrano Izko / Berria, 2007-12-16

Nietzschek filosofia ilustratua hankaz goratu zuen, XIX. mendeko azkenaurreko hamarkadan. 1900ean, antropologia hasi zen jartzen hankaz gora Freud, ametsak psikologikoki interpretatzean. Handik bortz urtera, unibertso fisikoaren zientziei iritsi zitzaien txanda, Einsteinen eskutik. Alerik ere ez zen tente gelditu hortik aitzina. Eta ezagutzaren iraultza hura sormenaren arlo guztietara hedatu zen hurrengo urteetan. Bertzeak bertze, literaturara. Hiru idazle erraldoi aipatuko nituzke nik bereziki: Joyce, Proust eta Kafka, alegia, XX. mendeko bigarren eta hirugarren hamarraldietan, ordura arte aldez edo moldez burgesiak hierarkizaturiko estetikaren umea izan zen narratiba osoa desegituratu zutenak, paradigma berriak eraikiz mendebaldar literaturarentzat. Nork bere modura. Kafkak Ilustrazioak sorturiko munduaren zentzugabetasuna, absurdoa eta eromena jarri zituen begi-bistan, horretarako bere idazkera bera ere sugetzar ero baten gisa jantzirik.

Umezurtz gaude oraindik irakurle euskaldunok sormen mundu berriaren obra fundatzaileak irakurtzeko orduan. Oker ez banago, Proustengandik ezer ez dugu oraindik, eta, Joyceri dagokionez, Artistaren gaztetako portreta eta Dublindarrak baino ez. Zorionekoagoak gara Kafkarekin, Metamorfosia (bi bertsiotan), Prozesua eta zenbait ipuin (itzultzaile desberdinen gustu-azareen arabera hautaturik) aspaldian baititugu euskaraz irakurgai. Ez dakit noraino ibil daitekeen buru tente gure hizkuntzazko literatura, Proust eta Joyceren lan nagusiak euskaraz bizitzeko aukera ez izan arte, arazoak arazo. Orain berri, ustekabe atsegina eman digu Naroa Zubillagak, irizpide metodiko batekin Kafkaren Bizian argitaratuak ipuin bilduma hau euskaratzean.

Zaila izan behar du Kafka edozein hizkuntzara itzultzeak. Haren idazkeratik euskarara ekarritako ipuin hauetan gogo biziz murgildu naizen honek ezer ez daki alemanieraz, eta ezin neurtu, beraz, zer galdu den pasabidean. Baina Kafkaren zale amorratua naizenez, aldera ditzaket elkarrekin ipuin hauetariko gehienen gaztelerazko eta euskal itzulpenak. Konparatu, eta harro gelditu naiz, irakurle euskaldun bezala, Naroa Zubillagaren emaitzaz.

Ezin aipatu orain ipuin bilduma honen pizgarri literarioak. Baina bi gauza gutxienez bai. Lehenbizi, liburu honetako zenbait ipuinek, euren laburrean, Kafkaren obra zentraletako balio nagusiak eskaintzen dizkigutela: atari ederra dugu Kafkari euskaraz irakurtzen treba gaitezen. Eta bigarrenik: deskripzioak eta arrazoibideen sigi-sagak direnez egile honen lanen betegarri nagusiak, korapilatsuak direla deskripzioak, gauzak eta mugimenduak perspektiba anitz eta etengabe aldakorretatik ikustarazten dizkigun espazio mugikor batean kokaturik; eta korapilatsuak direla protagonisten arrazoibideak, alde guztietatik hel dakizkiekeen hariak behin eta berriz deslotuz eta katramilatuz, ondorio zehatzetara inoiz ere ez iritsi eta bizimodu absurdo horretan etsitzeko azken buruan. Bada, korapilo horiek adierazte aldera, funtzio berezia betetzen du Kafkaren idazkerak: deskripzio eta arrazoibideen enbor eta adarrei atxiki zaie sintaxia, sugetzar baten antza, sigi-saga amaigabeetan garatuz pasarteak, perpaus nagusien atzetik menpekoetako tren luzeak jarriz, azken hauek berriz ere elkarrekin hierarkizatuz… Horrek zailtzen du itzulpen lana, hitz- edo metafora-jolasek baino hagitz gehiago. Eta neke horretatik atera da airoso Naroa Zubillaga: Kafkari irakurtzeak beti eskatuko dizkigu ahalegin sortzaileak, baina kasu honetan ez dizkio euskarak oztopo handiagoak jarriko irakurle gogotsuari.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak