kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Ispiluak / Mikel Hernández Abaitua / Hordago, 1985

“Ispiluak” L. Anselmi / Pamiela, 1985-07

Zenbaitetan, altxatutakoan, eguneroko mundu aspergarriari aurre emateko prestatzen garen artean, gure begirada murgiltzen da mirailaz bestaldeko paraje liluragarri eta antzemanezin horretan. Orduan, irten berri garen amets-hondamenetik Aliziaren ahots eztia somatzen dugu, guri deika, bere erresumara iragan gaitezela gomitatuz. Hala ere, azkenean ur hotza garaile ateratzen da gatazka ttipi horretan, gabean eraikitako hare-gazteluak deuseztatzen dituela eta goibel gelditzen gara, ispiluak bestaldeko leiho eta bortek nora jotzen duten jakiteke.

Baina hona hemen abagadune horretan gure irudimenari laguntza ematera etorri den liburu bat, “Ispiluak” hain zuzen ere. Mikelek erakutsi nahi izan dizkigu bertan idoro dituen mundu magikoak. Esaten digunez “ez dago mugarik ez kristalik ispiluaren mundua eta munduaren ispiluaren artean eta edonork trabesa dezake bere ispilua…” Eta horixe da liburua irakurtzean egiten duguna, bi zatitan banandurik baitago. Lehenengoan ispiluaren mundua, pertsonaia xarmangarriz hornitua, elezaharretako errege zikoitz, printzesa eder eta suge beldurgarriak isladatzen direnekoa. Bigarrenean, aldiz, munduaren ispilua dugu: benetako pertsonaiak eta inguruneak, eguneroko arazo eta gorabeherak.

Idazle gaztea dugu Mikel Hernandez Abaitua, halabaina aski ezaguna jadanik, zenbait lehiaketetan saritua izan baita azkenengo bost urte hauetan. Bestalde bere lanak —kritikak eta ipuinak batik bat— irakurtzeko aukera izan dugu Susan eta Oh Euskadin, hala nola 1983an Hordago-k ere plazaratutako bere lehenengo liburuan, “Panpinen erreinua” alegia.

Lehen esan bezala bi zati ditu azken liburu honek, eta bietako maitagarrien izan zaidana bigarrena da. Ez dut esango, ezta hurrik eman ere, bestea txarra denik, baina ipuin horien iturburua literatura denez, batzutan beste idazleen eragina nabarmenegia zaie, besteek duten freskura galtzen dutelarik. Horixe gertatzen da, esaterako, Ispilu- artisaua” izenekoan, non eta Sarrionandiaren “Enperadore eroa” ren oihartzuna ukaezina baita.

Bigarren zatian, berriz, bizitzen duen munduko pasadizoak birsortzeko ahalmen miresgarriaz baliaturik, eta bere irudimenaren poderioz, aise lortzen du irakurlea hunkitzea. Miresgarria halaber idazleak duen gaitasuna pertsonaia batzuengan haragitzeko, berrien baitan sartuz. Horrela, gehien gustatu zaizkidanak “Neguko ipuina” eta “Semaforoan” izan dira. Ederrak benetan, bidenabar, eta sasi-literatura politikoan erortzeke, eguneroko bizitzaren errepresio ñimiñoak —senarrarena emaztearekiko; gurasoena umeekiko— salatuz. Gainera, ez al dira, bada, hari mehe hauek bizitzaren soka itogarria txirikordatzen dutenak?

Mikelek ez du konplexurik bat ere sentitzen erderakadak erabiltzeko, momentu batean hitz berrien hutsa igartzen badu, edo inguratzen gaituen mundu konplexu honetako atalen bat izendatzeko premia sortzen bazaio, neologismo irrigarrietara jo barik. Literatoa da, eta literatur hizkuntza malgu bat eraikitzeko lanean dihardu. Bere liburua ez da gramatika edo morfosintaxi ariketaz osatutako adreilu bat. “Ispiluak” ipuin laburrek, ongi landuek hornitzen dute, liburua amaitzen duzunean aho-sabaian zapore gezamina uzten dizutenetarikoek: bukaeraren mina, irakurriaren eztitasunaz nahastuta.

Soldadutzan dugu orain Mikel. Hemendik egonaldi laburra eta itzulera lasterra opa dizkiogu bere lan berrien zain gelditzen garelarik.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak