« Labaien jaunaren azken liburua | Beste bi olerkari gazte »
Orixe-Omenaldi / Askoren artean / Graf. Izarra, 1965
“Euskaldunak” Orixe-ren poema dala-ta San Martin, Juan jaunari erantzuna Antonio M. Labaien / Jakin, 1966
“JAKIN” aldizkariak 21 garren banakoan, zuk neri zuzendutako “karta idiki” bat argitaratu du Orixe-ren EUSKALDUNAK poemari buruz. Bertan komentario luze ta mamitsuak egiten dituzu, nik “Orixe-Omenaldi” deritzan liburuan idatzitakoak bide harturik.
Giza-legeak agintzen duanez “karta idiki” horri erantzuna eman beharrean nago. Eta pozik gaiñera, adiskide miñekin jardutea —nahiz eztabaidan— atsegin bait da; eta are geiago San Martin euskaltzain arduratsuari adierazpen oso bat ematearren.
Honetarako, ahal bezenbat, liskar itxura duen zer nahi bazterrean utziko dut. Zuk humore onez, erromantiko-ameslarien bizkar par egin baduzu, nik era berez, humore txarragoz, noski, zientifiko, berrizale ta ezur zahar biltzalle diranai illea hartu nahi izan nien. Beraz, bego gauza hortan! Orobat, zuk esandako ala nik gaizki ulertutako itzak dirala-ta. Baiñan iñundik ere aiza ditzagun beste norbaitek, gaiztoz, EUSKALDUNAK poema inguruan zabal du nahi izan duan S… usai zikiña. Egilleari itzal aundiagoa zor zaio; eta irakurleai txukun giroa. Hau garbitu ondoren goazen aurrera.
Ez nator zurekin bat, diñozunean, auzia sartzeko ez dala ORIXE-OMENALDI liburua tokirik egokiena. Nere iduriko berriz nun leku oberik aren kaltez esandako iritziak desegiteko? Liburu horren zuzendariak, zerizkion idazleai lanak eskatu zizkien. Nor bera da bere iritziaren jabe. Eta Euskaltzaindiak emandako gabe; eta ardurapeak ez ginduen ezertara lotzen, ezen ez bada elkarganako errespetora. Eta hau liburu hortan guziok gordetzen dugula ez dago esan beharrik.
Bestenaz, nun argitaraz gure lanak? Ez dugu aukera aundirik. Aspaldidanik dabiltza, hor nunbait galduak bere bizpairu lan argitaratu ez dizkidatenak. Ain zuzen, bat JAKIN-era bidaldua Eta beste orrenbeste ta geiago eskuartean ditut nun azaldu ditzataken jakin gabetanik. Ez da arritzekoa, beraz, berandu ta atzeragokoak agertuko badira, iñoiz. Zeorri ere alatsu zabiltzala antzematen diot, zeren EUSKALDUNAK poema 1950 urtean argitaratu zan eta zure EGAN-eko kritika 1962 urtekoa da. Goiz ala berandu ordea, benetako kritika egin beharra dago, honek du ajola aundiena. Eta JAKIN-en orrialdeak lekurik eskeiniko al digute. Kritika oparoa, ordea, zabala ta ez ertsia; sakona ta ez arina, gaingiroki itzul-inguruetan ibilli barik, bada, sar gaitezen gaiean.
Asiera emateko zure baiezpena: “EUSKALDUNAK aspergarria” da esatea, kritikaren ukapena da: “subjetivismo” utsa. Baserriko amona ez jakin bat, ta kaletar jaun ikasi bat, bestaldetik EUSKALDUNAK poema entzun ta irakurriaz ao zabalik eztitan gelditu diranak ezagutzen ditut.
Zuk botatzen dezun aupada, alegia, EUSKALDUNAK poeman agertzen diran gizon-emakumezkoak “motelak eta totelak” ez diranik, desegitea kostako zaidala, ez dot uste. Baiñan bada ezpada ere, gai hortan zuk eta nik baino geiago dakin irizle baten itzal aitatuko dizkitzut: IBAR maixuarenak, “Genio y Lengua” liburuaren egillearenak. Eta erderaz dauden bezela aldatuko ditut labur zurrean. Ona emen IBAR-en iritziak EUSKALDUNAK poemari buruz:
“Obra monumental … trasunto animado del Genio Vasco”… “Cuadro grandioso que realza la acción del poema sin fatiga del espectador… En cuanto a la gente que actua hay profusa diversidad de caracteres … Muchedumbre integrada por seres reales y vivos que se conducen con absoluta naturalidad…. Es “por su forma” una obra maestra de sinceridad humana, talento literario y estética euskaldun… Nítidos y vigorosos son los relieves de sus imágenes… Los retratos de la solterona, Mikela Borda; del carnicero, “Potxolo”, del tamborilero “Petiri”, etc., etc., etc…. El verdadero pueblo euskaldun reconoce la hechura de su genio y se goza en su contemplación”.
Eta ez dot jarrai nahi ez luzatzeagatik. Ez didazu ukatuko IBAR maixua ez danik. Eta ni honen arrazoien alde natzaizu betebetean. Zuk bestela uste baduzu eskubidean zaude. Bainan nerekiko diot arinegi mintzatu zinala EUSKALDUNAK poema irakurri dutenak zuk aiña gutxiesten dutela esanaz. Ezta urrik eman ere! Lengoaz ganera, emen doakizu Arantzazu-ko praile, poeta gallen eta izlari bikaña dan AZTIRI-ren iritzia: “EUSKALDUNAK deritzaion poeman Letari izeneko kantu zoragarria, euskeraz eman dan epiku-kanturik garaiena eta ederrena, neretzat beintzat”.
Eta gai hontan prantziskotar paten aipamena egin dugun ezkero, nola utzi aitatu gabe beste praile olerkari bikain, il berri dugun Salbatore Mitxelena-ren aitormena? Bere liburu punterengo “UNAMUNO TA ABENDATS” dalakoan onela lasatzen du bere barrua
“Asiera batean EUSKALDUNAK etzitzaidan ain betegarri, ain zearo gogoko… Legortxo edo, tramarik eza arkitzen nion… edo zion nirezko dramazaleak. Bainan, orain, sinista D. Migel (Unamuno): orain ez dut uste emen añako sendotasunik xurgatu izan dudanik beste iñungo erdal poemetan. Alako poesia jatorra, alako berezkoa, alako gizati, alako gurea, bai izkuntzaz eta bai baserri giroz! Itzaurrean, egilleak berak dasaigu, ta dagoneko erabat men natzaio: “gure euskera bizkor onek, ondoko erderak baino erri-erriari gauza izkutuagoak eta geiago adierazi baitezaizkio, nik uste” (3). Aurreraxeago (59 orrialdean), gure Salbatore biotz aundiak galdegiten zuan: “noiz, bana noizko noiz, elduko ote atzerria poema ori bear aña txalotzera?” Nik, neuk galdegingo nuke, aldiz: noiz gure erritar zenbaitek? …Erantzupen zuzena Juan Ramón Jiménez poeta gallenak ematen duana da: “Bein eta berriz astiro irakurriaz edertasuna agertu artio”.
Ondo aztertu ta ausnar iritzia eman aurretik. San Martin kritikalariak ez duala poema zeatz irakurri, esango nuke, Orixe-k lapur, gaizkille ta eragilleai ez diela tokirik eman diñonean. Zer da orduan, adiskide maite, Omotz-ko apezgaien historia, senar-emazte ta seme-alabak il zituanaren kanta?…
Orain arte esandako guzia geiago sendotzeko Lizardi-tar Xabier olerkari nagusiaren asmo ta iritziak azaltzea aski zait. Toki askotan esana daukat Orixe poema egitera bultza zuana Lizardi izan zana. Hau EUSKALDUNAK poemaren aurrelaria ta igarle:
“Laister sortzen al duk olerkaria”…
honela mintzatu zan bere “Eusko bidaztiarena” bertsoaldian asmo ta pogo biziaz
“Ta Yaunaren gogoa baledi
nik gogo dudan bezin gartsuki
euskotar azal eta mami
gure Erriaren olerki garaia
norbaitek lenbaillen begi!”
Eta Lizardi-k ezagutu zituan EUSKALDUNAK poemaren kantak puska eder goitar eta aunditzat zeuzkan. BIOTZ-BEGIETAN bururatu zuan egilleak poesia gaiez zerbait ba zekiala banago. Eta aren iritzira makurtzen naiz Salbatore Mitxelena-k men egin zion bezela.
Beste amaika poeta izen eta idazle garai aitatuko nizkitzuke adibidez. Naikoa izango da ordea, Orixe-Omenaldi liburuan lankide agertzen diranak gogoratzea: E. Erkiaga, Gaztelu, A. Ibiñagabeitia, M. Lekuona, Zaitegi… ta guzien gañetik A. Onaindia, olerkizaleak besterik ez ikuturik, ugarien ugariz! Nolako poema bat erri batean “derriorrezkoa” danik ez dizut ukatuko. Ez dakit “rusoen” berri, baina or duzu “Evangeline” Longfellow amerikarraren poema ederra eta europar erri geienak dizute berea…
Beste uste oker asko arkitzen ditut zure idazlanean eta ezin guziak gogoan hartu. Egia da, agian, Orixe mende hontako literaturatik urrun ibilli zala. Bainan kritikalari batek eman dezakean aolkurik txarrena da, honelakori, zure ustez, Walt Whitman-i jarraitu behar ziola esatea. Poeta bakoitzak bere bidetik joan behar du; bere “inspirazioari” jarrai behar dio inoren atzetik ibiltzeke. Eta Orixe-k ala jokatu zuan:
“Zatozkida arnas goiko
Egizu nerekin lan
Erri baten arnasa
Mamitu dezadan”.
Nere euskaltzainkide eibartar, gazte ta urduria, jakinzale orokor dugu, kultura aundikoa ta nere aldean ondo jantzia dago poesia esparruan. Ez nezaioke jarrai, gallurrez-gallur aitatzen dituan poeten ondotik. Poesia, gaur egunean iñoiz baiño gauza sotillagoa da; barrenkoi, goitar, neurtu-eziña. Zahartzen asia naizenez, ez zaizkit beti atsegin molde ta aize berriak. Horrek ez det esan nahi edertasunik ez dutenik, neronek ez dizkiodala nabaritzen baizik. Leiatu egin behar barrua zulatzen. Artearentzako ez bait dago ez denbora ta ez moda jakiñik.
Bestalde, gaurkotasunean murgildurik daudenai gertatzen zaie, ez dutela atzokoaren argitasunik ikusten. Gaur itza euskeraz “gaua” da. Ots!, illunpe ta sarritan nahaspilla. Arritzekoa al da itsumena sortzea? Ez! Eta honekin batera aurre-iritziak sortzen dira. Batik bat, Epika baztartzea. Eta Epika, Lirika ta Mixtikaren lelo xuri, bertsogintza sozialak lelo beltz ta beste edozein olerki motak aita poesia izan dezake. Pakean utzi ditzagun Hegel ta gañerako jainko txikien dialektika guziak. Eztabaida luzatuko bai luteke, batere argitasun berririk eman gabe. Buka zagun, beraz, auzia, irakurleai gogaikarri izan ez gatzaion. Itz gutxi berresateko, EUSKALDUNAK poema, nere irudiko, ta aitatu ditudan idazle geienen iritzira, gure poesi lanarik aundi ta osoena dugula. Eta amaitzeko albiste bat: EUSKALDUNAK poema bigarren aldiz “Auñamendi Editorial-Etxea” argitaratzekoa dala. Euskeraz eta erderaz, merezi duan apaintasun eta edergarriz ornitua. Gaztel itzulpena, benetan dotorea, Orixe berak egina utzi ziguna.
Agertu dedinean erdaldunak aipatuko dute balioa. Nik ez batere duda-mudarik, bigarren edizio horrek Orixe-ren ospea oso gora jasoko duala lengoaz gain. Zeren, Orixe bere akats eta guzti, orixekeriak barne, oraingoz, Euskal Literaturak duan izen goitar eta garaiena dugulako.
Behar bada, jaio da, ta gure artean bizi dugu, bigarko egunean gorago igo araziko duana. Alabitz! Egun hori zorioneko litzake Euskal-Erriarentzat; eta pozgarri euskal elertia lantzen ari geran guziontzat, zu tartean zeralarik.
Orixe-ren aldeko joku ta gorasarrean zu nere iritzikoa ez izatea damu dut eta zure gogoa irabaztearren leiatu natzaizu. Itsusi bait da gerok gure tellatura arririk botatzea.
Asmo horren kariaz zerbait gogortxo astindu bazaitut, barka otoi!, ez bait da izan zuri min emateagatik baizik gure Orixe aundiaren oroimena goratzearren. Besterik gabe, torizu bostekoa!
Esker onak
Delphine De Vigan
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Enarak
Bernardo Atxaga
Irati Majuelo
Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor
Aritz Galarraga
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Joxe Aldasoro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Mikel Asurmendi
Odola kantari
Unai Elorriaga
Asier Urkiza
Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins
Nagore Fernandez
Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Mikel Asurmendi
Silueta
Harkaitz Cano
Iraitz Urkulo
Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"
Mikel Asurmendi
0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar
Maddi Galdos Areta
Hiria gure oinetan
Irati Majuelo Itoiz
Maialen Sobrino Lopez
Silueta
Harkaitz Cano
Aiora Sampedro