« Ahanzturaren artxipelagoa | Loyola »
Auñemendiko lorea / Txomin Agirre / Labayru, 1985
Auñemendiko lorea Igone Etxebarria / Idatz & Mintz, 1987-05
Txomin Agirre idazleak ez dau aurkezpen handirik behar euskalzaleen artean, bere lanak oso ezagunak baitira. Baina behar bada hemen tratatzen dogun lana ez da hain ezaguna izango irakurle guztientzat, Kresala eta Garoa lanen arrakastaren itzalpean egon da ta hainbeste urtetan. Honeek dira Txomin Agirre ezagutu arazo eta euskal literaturaren gailurrera eroan dabenak.
Auñemendiko lorea Agirrek idatzi eban lehenengo nobela da, eta hóri igarri egiten jako. Hurrengo bietan jarraituko dituan pausu eta erizpideak somatu daikeguz hemen be, baina maila apalago baten, esan behar. Rosa Mari Aranok liburu honi egin deutsan sarreran esaten dau nobela honetako zenbait deskripziok ez deutsela bat ere zorrik Kresala-n eta Garoa-n egiten dituanei. Eta halan da, izan be, baina deskripzio honeek ez dabe nobela osoa betetzen, eta euskera aldetik oso ona dan arren beste arlo batzutan ez dau hain gorengo mailarik erakusten.
Nobela hau historiko-erromantikoa dogu, eta dirudienez Navarro Villosladaren Amaya o los vascos en el siglo VIII-k urte batzuk lehenago izan eban arrakasta handiak bultzatuta idatzi eban hau Txomin Agirrek.
Izatez nobela historikoa da, VII. mendean kokatua hain zuzen, baina beste aldetik Txominek bere garaiko pantsaera agertzen dau nobela honetan.
Auñemendiko lorea lehenengoz Euzkalzale aldizkarian argitaratu zan 1898an. Urte berean kaleratu zan liburu moduan be Resurrección M. Azkueri esker, eta harrezkero ez dau beste ediziorik izan 1966koa eta oraingo hau baino. Honek, alde batetik, nobela honek izan dauan arrakasta adierazten deusku, baina beste aldetik, lehenengp edizioaren datari begiratzen badeutsagu, laster konturatuko gara Txomin Agirrek bere garaiko pentsamoldea papereratu baino ez dauala egin, holako idazlana egiteko giro aproposa bait egoan. Giro hau Euskal Herriari foruak kendu eutsezanean sortu zan abertzaletasun mobimenduan datza. Garai honetan Europan be holako mobimendu abertzaleak sortuak ziran, eta horren eragina somatzen da gure herriaren pentsaeran. Beraz, Txomin Agirrek nobela honetan defenditzen dauan morala eta didaktika giro eta egoera honetan kokatu behar dogu, behar bezala ulertzeko.
Lanari berari lotzen bagaiakoz, lehenengo ta behin esango dogu historiak euskaldun eta frankotarren arteko guduak oinarritzat harturik mundu zabalago bat adierazten deuskula. Borroka honeetan badago maitasunerako lekua ere, eta hau da idazleak defenditzen dauan tesia: borroka eta interes guztien gainetik Jaungoikoaren maitasun mezua eta euskaldunen izaera zintzoa dagozala.
Nobelan zehar Riktrudis euskalduna, eta Adalbaldo frankotarra dira, borrokan dagozan alde banako pertsonaiak izanda, maitasuna eta zintzotasuna adierazten dabenak. Euren artean ez dago gudarik, azken baten, lurreko eta momentuko gauza guztien gainetik Jaungoikoa dagoalako.
Nobela honetako pertsonaien artean talde bi ikusi daikeguz oso argi: onak eta txarrak. Banaketa hau oso sinplea baina era berean oso argia dogu liburu osoan zehar. Baina, banaketa hau ez dago bandoei lotuta, onak euskaldunak eta txarrak frankotarrak, lehenengo inpresio baten pentsatu leiteken moduan, ezpabere ze idazleak sakonagoko erizpidea jarraitzen dau, ideologiak barik giza baloreak kontutan hartzen ditualarik. Beraz, alde bietan dagoz onak eta txarrak, bata edo bestea izatea maitasun, zintzotasun eta kristautasunari lotuta dagoala. Holan ba, onak interesen gainetik beste birtute batzuk estimatzen dabezanak izango dira, txarrak ostera, euren onerako dana bakarrik ikusten dabenak.
Bestalde, pertsonaiak nahiko topifikatuak dirala esan behar. Euren deskribapen zehatzak emoten deuskuz Agirrek, jokaera aldetik be ezaugarri bardinak erakutsiz. Pertsonáien izakera garrantzitsua da orokorrean erakutsi nahi dan morala eta mezua adierazteko balio dauan neurrian, hau da, liburuaren irakaspenaren menpean dagoz.
Pertsonaiekin batera narratzailearen papera eta garrantzia ere aipagarria dogu. Narratzailea kasu honetan idazlea bera dogu eta ez dauka batere arazorik edozein momentutan bere burua agertzeko historiaren hariagaz guztiz lotzen ez bada be. Kresala-n eta Garoa-n gertatzen dan bezalaxe Auñemendiko lorea-n be Txomin Agirrek pieza guztiak gura dauzan moduan mobitzen ditu; narratzaile orojakilea dogu. Momentu guztietan pertsonaiek zer egingo daben, zelan pentsatzen daben, eurei dagokien guztiaren jabe da, berak nahi dauan pertsonai moldera egokitzen ditu igeltsuzko irudiak bailiran. Erabilera honek bere akatsak ditu pertsonaiak errealitate kutsua, berezko bizia eta izakera galdu leikielako itxura hutsean geldituz.
Estilo aldetik nobela honek aurreratu egiten deuskuz Txomin Agirreren idazle traiektorian konstante izango diran ezaugarri batzuk, oraindik oso finkatu barik ageri badira be. Ezaugarri honeen artean aipatu geinkez tradizio, ohitura eta gai historikoetaz daukan zaletasuna. Herri izakera eta bizimodua lan guztietan sakon landu dauan gaia dogu. Bestalde, pertsonaien banaketa onak eta txarrak, eta euren izakera neurtua helburu bateri zuzendua ere konstantea dogu. Ideologia morala eta didaktikoa be bere lan guztien helburua da euskaldun fededun zintzoaren irudia goratu nahia agertzen daualarik. Azkenez, hizkuntzari aipamen berezia egin beharrean gagoz.
Txomin Agirrek ardura handia erakutsi eban hizkuntzari dagokionean, maisukiro erabiltzen daualarik. Izan ere hau da liburuaren baliorik handiena: euskera bere mailarik gorenera eroan eban Txomin Agirrek, Bizkaiko euskera hain zuzen be. Esan izan da bizkaiera literarioa, hain labana zan arazoa, sortzera heldu zala, eta bere ondorengoak neurri handi baten bere eredua jarraitu ebela ikusita, guk be afirmazio hori baieztu beharrean gagoz. Herri hizkera ondo jasotzeaz gain literario bihurtu ere egingo eban gure idazleak, hizkuntzaren bizitasuna eta adierazgarritasuna gorde eta indartuz.
Batzutan badirudi aberatsa izan gureak astun bihurtzen dauala irakurketa. Txomin Agirrek, Axular eta beste askoren antzera, berba sinonimoak erabili zalea dogu, eta holan, sinonimo piloak egiten ditu “edo” hitzagaz lotuta. Hau bere helburu didaktikoari egotzi behar deutsagu, holan herriko jendearentzat ulertzea errezago, eta irakurlearentzat aberasgarri izango baitzan.
Guztira ba, esan daikegu Txomin Agirreren idazlan atsegin honetan idazle moduan egin zituan lehen hurratsak ikusi daitekezala hurrengo lanetan ibilbide honen ondorio eta fruiturik onenak ditualarik.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres