kritiken hemeroteka

8.680 kritika

« | »

Kresala / Txomin Agirre / Labayru, 1989

Kresala Jon Arretxe / Idatz & Mintz, 1987-05

Kresala Txomin Agirreren elaberri interesgarria, Bizkaierazko lanik garrantzitsuenak argitaratzeaz arduratzen dan “Sutondoan” sailean kaleratu barri da.

Idazle hau Ondarrun jaio zan 1864an, besteak beste Azkue eta Sabino Aranaren sasoikoa izanik. Euskal giroan buru-belarri sartuta, ardura handia izan eban beti euskera eta euskal gaiekiko.

Poesia apur bat idatzi baeban ere, lanik onenak hitz lauz emon zituan, hiru nobela dirala ezagunenak: Auñemendiko lorea, Garoa eta Kresala hain zuzen ere. Lehenik aipatutakoa Auñemendiko lorea alegia, apur bat atzean gelditu da besteen aldean, irakurlegoaren barruan arrakasta txikiagoa izan daualako.

Garoa gipuzkeraz idatzi eban. Bertan baserritarren bizimodua goraipatzen saiatu zan. Arrakasta handia izan eban nobela honek eta bese biak baino gehiago irakurri zan. Betiko leloa izango litzake Garoa eta Kresala konparatzen hastea. Ez da errez hobea zein dan erabagiten, zertan eta zergaitik, ez horixe! Mota guztietako eritxiak dagoz, baina lerro honeen helburua Kresala eta bere inguruaren azterketa txiki bat egitea baino ez danez, ez gatxakoz gai horri lotuko eta beste bide batetik joko dogu.

Kresala 1901-1904 epean argitaratu zan lehenengoz “Euskalerria” aldizkarian. Bigarrenez 1906an Florentino Elosuren Durangoko inprentan. Batzuk Peredaren erderazko Sotilezaren eragina ikusten dabe nobela honetan.

Txomin Agirre Garrean baserritarren mundua goraipatzen ahalegindu bazan, Kresalaren barruan Euskalerriko betiko beste jatorrizko bizimoduari ekin eutsan, arrantzaleenari hain zuzen ere.

Agirrek jaiotzez ondarrutarra izanik, ondo baino hobeto ezagutzen ebazan euskal arrantzale jendearen eguneroko gorabeherak, baita ederto jaso ere liburu barruan. Kostaldeko giroa ezagutzen dabenentzat ez dira artifizial gertatuko gazte edo zaharren arteko alkarrizketa biziak, ezta sinesgatx irudituko itsasaldeko gertaera harrigarriak. Alderantziz, badirudi Kresalako pertsonaiak bizibizirik dagozala, kostaldeko edozein herritakoak izan leitekezala gaur egun ere. Bestaldetik badago “elaberri arrosa” kutsua, baina hau normala da, zein sasoitan idatzi zan hartzen badogu kontutan.

Jazoerak “Arranondo” izeneko herrian kokatzen dira (Arranondo=Ondarroa, jakina). Bertan gazte bi bizi dira, “Mañasi” eta “Anjel”. Alkarri gustatu eta hartuemonak bideratzeko eta sendotzeko itxuratan dagozanean, “Indianoa” agertzen da. Beronek Mañasi bereganatzeko ahalegin guztiak egingo ditu, aberastasuna aprobetxatuz edo azpi-jokoen bitartez. Anjelek bere aldetik borondate ona eta zintzotasuna ipiniko ditu bere helburua lortzeko.

Xehetasun gehiago ezagutu gura dituanak liburua irakurri dagiala. Iñori ez jako aspergarri gertatuko, seguru ezetz.

Aipagarria eta begi-bistakoa da Txomin Agirreren elaberri barruan eritxiak emoteko eta ideologia sartzeko daukan joera. Narratzailea, orojakilea, bere pentsakeraren islada da. Behin baino gehiagotan idazten deutso zuzen eta artez irukurleari uste edo aholku moralen bat emoteko. Hau gaur egungo nobela baten barregarri gertatuko litzake. Edozein modutan ere hau da Txomin Agirrek bere pentsakera adierazteko erabilten dituen moduetariko bat. Beste bat eritxiak pertsonaien ahotan ezartzea da; sarritan Txomin Agirre bera da berba egiten dauana, eta ez nobelako pertsonaiak.

Idazle honen ideologia hiru ardatz nagusitan kokatzen da: Kristautasuna, Euskaltzaletasuna, Abertzaletasuna.

Behin eta barriro agertzen dira ideiok, beti ere jende apal eta zintzoaren egite edota esateen bidez, hirurak zein baino zein garrantzitsuago izanik.

Hizkera aldetik zoragarria da Kresala, bizkaieraz dago, gitxitan idatzi dan legezko bizkaieraz. Ez dago neolojismo handirik, Txomin Agirre bide horren aldeko ez zan eta; baina bai badagoala ederto zainduta lesikoa; erderakada txikiena ere ez sartzeko kontu handiz ibili zan idazlea beti, euskera freskoa, herrikoia, egiazkoa erabiliz. Ulergarria da eta honekin batera aberatsa, izugarri aberatsa; kostaldeko bizimoduagaz zerikusirik dauken tresna eta elementu guztiak euskerazko berba jatorrakaz izendatzen dira, lesiko mota hau ikasteko elaberri hau berebizko iturri bihurtzen dalarik.

Txomin Agirre bizkaiera literarioa finkatu eta sendotu ebenen artean garrantzitsuenetariko legez aipatu behar da merezimendu osoz.

Azken kritikak

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Nagore Fernandez

Martxoak 3
Jon Martinez Larrea

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak