« Elvis, Lebowski eta beste kontu batzuk | Berandu baina garaiz hala ere »
Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri / Koldo Izagirre / Susa, 1998
Wolframiozko hariaren argi iraultzailearen aldarria: Germinal! Iñaki Sarriugarte / Idatz & Mintz, 1998-07
Itsaso ahantzia (1976), bere lehenengo liburua kaleratu ebanetik, etenik barik joan jaku haziaz Koldo Izagirreren figura literarioa. Apurka-apurka, eta literatur jenerorik gehienak (olerkaritza, narratiba, saiakera, itzulpena, kazetaritza…) landuaz, Koldo Izagirre ezinbesteko erreferentzia bihurtu da gaurko euskal literaturan.
Produkzio aberats honen lekukotza ditugu, azken aldion argitaraturiko hiru liburuok: Non dago Basques’ Harbour (1997), poema liburua; Incursiones en territorio enemigo (1997), saiakera bilduma; eta Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri (1998), idazle pasaitarraren azken nobela.
Nobela honen ardatza, Michelle Angiolillo anarkista italiarra da, 1897.eko abuztuaren 8an, Arrasateko Santa Agedan, Cánovas del Castillo politikari espainiarra tiroz hil ebana, eta urte bereko abuztuaren 20an, Bergaran, urkamendiko garrote bilauan hilgo ebena. Cánovas, agintari espainiar hau izan zan, hain zuzen be, 1876.eko uztailaren 2leko lege zorigaiztoa (Milla urtean izan ditugun / fueroak kendu dituzte) izenpetu ebana. Txirrita bertsolariak bere betiko argitasunaz, ezin zehatzago aurrikusi eban egitada horrek ekarriko euskun ondorio makurra: geroztik ez da egualdi onik / Kantabriako partean.
Hori dala-eta, Kantauri parteko portuaberrian dagoan ume koxkorrak, zeru izarraturik ikusi ez-ta, itaunka daragoio bere buruari erantzunik itxaron barik, gu guztioi, zertan gara?, itandu gura baileuskun:
Non dago Basques’ Harbour / Galdetzen badut / ez dut erantzunik behar / Non dago Basques’ Harbour / Galdetzen badut / Ez baitut galdera bat egiten (Non dago Basques’Harbour, 121.or).
Harrezkero, lehorrean be, euskal gurdia kirrinkadaka jabilku, belarri askorentzako zarata mingarria atereaz: Quizá nuestra carreta suene tan horripilante porque el entorno está mudo, pudiera ser un grito en medio del silencio. Un chillido que denuncia indolencias, Es difícil avanzar sin hacer ruido, mucho menos cuando nuestra carreta avanza torpemente (Incursiones en territorio enemigo, 133. or.).
“Fueruak kendu zituanari” bertso-sortan, kastigatzera bildur ezpanintz / esango nuke izena, inoskun Txirritak. Urte batzuk geroago, Cánovas hilda egoala, honan zelan aurkezten euskun bertsolariak politikaria: Hil da Canovas, joan da Canovas, / pikaro gaizki hazia; / galdu zituan ifar garbiak, / jarri du trumoi nahasia. Emaztearekiko, bertsolaria errukitsuago agertzen jaku: hiru tirotan utzi zizuten / zuri senarra hilotza… / hiru ezpatak zulatzen dute, / señora, zure bihotza!
Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri nobelan, Koldo Izagirrek ekintza politiko bortitz horren azpian eta inguman egon eitekezan arrazoietan arakatu gura izan dan eta, bide batez, ekintzaile politiko batek heriotzaren aurrean izan leikezan pentsamenduak eta sentipenak gureganatu.
Nobelako protagonista nagusia Angiolillo bada be, badago liburuan lehenengo pertsona darabilen narratzaile bat, zenbait momentutan protagonistagaz bat egiten dauana, haren ahotik berba eginaz. Narratzaile hau etakide bat da, Angiolilloren antzera heriotzera kondenatuta dagoana. Ekintzaile han indulto batek salbatuko du heriotzaren atzaparretatik eta handik lasterrera, estraditaturik, Belgikara eroango dabe, luzaro barik etxeratzeko.
Heriotzetik libratzen dan arren, Angiolillogaz bat eginik, bera be zera pentsatzera heldu zan: urkamendian egin eikeala bere ekintzarik inportanteena, wolframio-hari bihurturik, hantxe emon eikeala bere kausaren alde inon baino argi gehiago, eta bertatik esan eikeala bere deiadarrik ozenena: Germinal! Udabarria! Jaioko dira berriak!
Indultuak, baina, aldendu egingo dau protagonista ekintza heroiku horretatik, eta urkamenditik egin gura izan eban aldarria kontakizun bihurtutuko dan Bergara herrian Angiolillok okupatutako ziega berean izandako ekintzaileak: Mozkorren eta parriziden kartzela; gose greba bako kartzela, esango nuke. Zeu izango zinen lehen preso politikoa han. Baina kartzelakoak ahaztu egiten ditu jendeak. Bergara esan eta berehala aipatuko dizkizute Santo Kristo eder bal eta bizkotza beteak, edo 1839ko liberaren ela karlisten arteko besarkada, traizioaren eredu euskaldunontzat… Alabaina, wolframa berton bereziak beste egin zuen Bergara ezagun, une batez, zu herriko kartzelan akabatu izanak (21.or.).
Pertsonaia nagusi biongandik aparte, oso garrantzitsuak begitantzen jakuzan bigarren mailako batzuk be baditugu, idaleak ekintzaile bien psikologian sakontzeko erabili izan dituanak: bateko, Dolors, Angiolillo Bartzelonan apopilo egon zan etxeko ugazabandrea, atentatu baten ondorioz, beste batzukaz batera Montjuich-en torturatua izango zana —izan be, Montjuich-eko jazoera lazgarriok dagoz, Arrasateko atentatuaren atzean—; eta, besteko, Cienfuegos izeneko euskaldun erromantiko eta idealista, italiarraren exekuzioa oztopatu gura izango dauana, eta narratzailearen alter ego-tzat hartu geinkeana: nik heroi nazional bezala ikusten dut, asko maite dut, dinosku egileak berak (Egunkaria, 1998/06/17).
Narratzailaren inguruko pertsonaiarik esanguratsuenak, Txabi Etxebarrieta eta, beste maila baten, Jean Claude kazetari belgiarra izan leitekez, bitzuok be, galtzaileen kastakoak: Musa galduen zaleok erraz ezagutzen dugu elkar (187. or.), erantzungo deutso kazetariak Belgikara estraditatu barriari, honek Bruselara heldu ziranean, kazetaria hainbesteren artean zergaitik joan zan berarengana itauntzerakoan.
Arrasatetik Bergarara garoazan eskenatoki trajiku honetan, narratzailearen hizkuntza be kutsatuta geratuko da. Nabaria da-eta Izagirrek bizkaieraren txertoa batuan mendatzeko egiten dauan ahalegina. Hiztegira eta deklinabidera mugatzen da, gehienbaten, ahalegin eskergarri hau.
Ñabarduraz eta iradokizunez beteriko liburua dugu Koldo Izagirreren azken nobela hau, engaiamendu politikotik haratago joakuna. Ez dago nobelan mezu laurik, errezegirik. Planteamenduz, liburu ausarta da, historian eta literaturtasunean sustraitu, eta fikziozko zipriztinez aberasturik, gure patu historiko ia beti galtzailean arakatu gura izan dauana, euskaldunak geure historia pitin bat hobeto ezagutu ahal izan daigun.
Liburuaren azken orrialdeetan, narratzaileak beste ekintza utopiko batez pentsatzen dau, hau da, Angiolilloren exekuzioaren mendeurrena hurreratzen danean, Bergarako kartzela zaharra egon zaneko patioaren erdian anarkista italiarraren hilduraren aulkia jartzea, haren aldarriaren durundioa guganaino heldu daiten: orduan aginduko dugu zabal daitezela leihoak Olasonekoan ere, amai dadila dolu inkosziente hau, Bergara osoak ikus dezala zelan odol tantak gerezi bilakatzen diren. Cienfuegosek amesten duen uharte librearen sinboloa izango da (186.or).
Non dago Basques’ Harbour liburuko umeak be, “Zoriontasuna Herri Bakarrean” izeneko poeman, uharte horrezaz egiten dau amets: Ez ezazuela ezetz esan / Oraindik badago mundu honetan zapaldu gabeko uharte bat / Inor ez da handikitzuli hori da froga / Gure zain zabal etzana / Urrun (98.or.). Mirandek pozarren lagunduko gindukez uharte horretaraino heltzen, baina betiereko gaztetasunaren lurralde amestura joan gura izan ebana be, kausa galduen aldekoen zakuan sartu behar dalakoan gagoz. Asago, urrun joan barik, badirudi, uharte amestu hori geugan, genre inguru hurrekoan topa beharko dogula euskaldunok, beti be gure gurdi kirrinkariak ezagutzen dituan gurpide eta bidezidorretan barrena.
Seguru gagoz, hemendik aurrera be, Koldo Izagirrek, Victor Hugoren sentsibilitatearen bidetik, doinu literario bihurtuko dituala gurdi zaharraren kirrinka sarkor eta zoliak. Izan be, Izagirrek berak esaten deuskunez, Victor Hugok, gure historia eta euskaldunak ondo be ondo ezagutzen zituanak kontramito batez egin eutsan eraso Dautier-en mitoari (euskal gurdiaren zarata, arrotz, azalgatx, ikaragarri, erlastu eta barregarria da eta belarriak dardarazo egiten ditu): A mi alrededor los viajeros se tapaban los oídos: yo tenía el corazón embelesado. Jamás un coro de Weber, jamás una sinfonía de Beethoven, jamás una melodía de Mozart ha hecho nacer en un alma todo lo que despertaba en mí de angélico y de inefable el chirrido furioso de esas dos ruedas mal engrasadas en un camino mal empedrado (Incursiones…134. or.).
Gurtardatza bakezko koipez igurtzi eta leundu dogun uneon, euskal literatura maite dogunok irrika biziz itxaroten doguz Koldo Izagirreren emoitza barriak. Akulua luma bihurturik, itzain egokia dogu pasaitarra literaturaren gurdia aitzinarazteko, baita gutariko askoren kontzientzia lokartuak kinatzeko be, eta, zer esanik ez, euskaldunon duintasuna lau haizetara aldarrikatzeko.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres