kritiken hemeroteka

8.475 kritika

« | »

Gazigozoak / Tomas Agirre "Barrensoro" / GEU, 1984

Gazigozoak Eusebio Erkiaga / Idatz & Mintz, 1985-05

Barriro heldu jaku euskeraren gizartera, gure eleder zelaira Tomas Agirre, “Barrensoro”. Hau berau hil ondoren, haren alaba Begoñak, izenburuak adierazoten dauan liburutxuaren bigarren argitalpena egin dau, GEU argitaldariaren bitartez.

Adinez egingarri daitekena izan arren, Euskalerri txiki honetan ez da beti aukerarik izaten euskal idazleok alkar ezagutzeko.

“Barrensoro” ikusi izan genduan guztietan, hemen Bilbon ikusia dogu. Errezilen jaioa, gazterik agertu zan hona, eta hemen bizi, batez be gure elederrak, errepublika aldian, pizkunde nabaria erakutsi ebanean.

Idazle apal antzera hasi zan, bere burua izenordepean gordeta. Horraitino laster susmatu genduan une haretan “Euzkadi” egunkariaren atal gero ta zabalagoetan ziharduenetarik bat edonor ez zana. Haren idaztelanek edertasuna ta gozoa ekarren.

Gerratea hasi izan zan arte, ez genduan arpegiz ezagutu. “Orixe”-gaz batean, “Barrensoro” izan genduan aldi haretan, gipuzkoeraz ezezik bizkaieraz be idazten ebana. Jazoera bakana, benetan.

Agirre Errezilgoak neurtitzez eta hizlauz jardun eban. Goi mailan beti be. Lehenengo liburutxua, “Gazigozoak” 1933 g. urtean kalera atara eban. Lan berekiak eta itzulpenak ekazan txorta atsegin haretan.

Ganera, beti gure giro estuan jarduteke, hemendik eremu zabalagoetara, urrunekoetara be jo eban.

Liburu horretan 26 orrialdeko ipuin luzea dakar, zazpi ataletan uzitua dan maitetasun istorioa. Jarraian lantxu laburrak eta Walter Scott-en poema bat, Moringer zalduna; hurrena, Barojaren, Papiniren eta Silvio Pellico-ren lanen atalak. Guztia jasean eta irakurterrez. Lanok, gorago adierazo dogunez, euskalki bitan maneaturikoak.

Hain irakurgai gitxi egoan unada haretan, labatik harako arto gozoa bailitzan hartu genduan. Eta hainbat bidar irakurri.

Etxegerrate luzea 1936 g. urtean hasi eta hank laster, 1937 urteango lehen asteetan, egun baten, Correo kalean egoan “Eguna” goiz aldizkariaren erredazinora agertu jakun Tomas, eta “Eguna”-ko idazle ginanoi bere “Uztaro” nobela luze samarraren ale bana emon euskun, 300 orrialde eta gehiagoko elebarria, gipuzkeraz idatzia.

Gerotxuago, tamalaren handiz, bagilean bestetarikoen gudasailak Bilbon sartu ziranean, batzuok batera, besteak bestera, alkarren azterrena galdu genduan. Hurrengo urtean, horraitino, Agirre han lur giputzetan zelan halan bizi zala jakin genduan. Barri pozgarria lehenengo behinean. Baina estureak, ardureak eta bizi beharrak bultzatuta, Sevillaruntz joan jakun, bere sendi ta guzti. Han lan eginez bizi zala, 1950 g. urtean, bere “Uztaro”-ren bigarren agerraldia eskeini eutsan euskal irakurlegoari.

Eleski eta zehazkuntza jasekoak egiten ditu elebarri, luzeago honetan. Bere kera ta joerak argiro erakusten ditu. Orrialdeak, patxaraz irakurtekoak be, ba dira. Jakina, ordurik harrezkero leitekena da oraingo idazleak eta irakuleak be, beste era eta ahoa izatea, ausaz, laburtasuna, zailutasuna gura izanik, jazoeren agerpenean eta joaneran.

Halan be, elebarria luzea danean, gura ta gura ez, idazleak idatzi izan dauan guztia iruntsi behar dogu, edota, liburua bertan behera laga. Gure artean, oraintsuenetariko bat, harako poliedroen zera izan da, irakurlearentzat bide erreza ez zana.

Kontakera luzakariak bere aldeak ditu, batzuetan astun gerta arren. Idazleak esateko ugari baldin badau, jakingarriak badira, eta batez be, irakurlearentzat guztiz aldapa eta koskatsu ez izan ezkero, nekez bada be, jarraitu egingo dau orrialderik orrialde azkeneraino.

Gure elederrean, ostera… Irakurribarri dogu Eusko Jaurlaritzaren eleder sariketan, nobela sailerako lan batik be, ez dala sari-bila agertu. Azalpen hau osotuteko, antzerkia eta saiakerea be, maila makaleko etsi epaile-taldeak, eta horra, bost sailetik, hiru… basamortu bihurtu.

Beraz, eleberri luze samarra egiteak nekea dakarrela dirudi, gure artean behintzat. Izan be, “barriketea balitz gorua”…

Horraitino, dendetako kristal ostean joan dan neguan egon da elebarri mardulik; beste hizkuntzetakoak. Berbarako L. Alas-en “La Regenta” liburu totoloa, letra txikerra izan arren, 800 orrialde dituana, gaztelaniaz jatorra. Eta itzulpenen artean Umberto Eco-ren “Larrosearen izena”. Norbaitek Agirregaitik kontakera luzakari samarra dauala esan ebanean, aitatubarri ditugun liburu biokaitik ez dakigu zer iruzkinduko eban. Idazle bion kontatubeharra, sakontasuna eta itzulingurua guztiz oparoa da. Honeetan ez da jazoten sarri agertu ohi dana, zera, eskuan hartu eta laga ezinak dirala. Laga ez? Beharko.

“Gazigozoak” honetan huts nabarmena zertu da. Arean, irakurlearentzako egin dan aurkespen barri horren egilea Lino Akesolo izan arren, irartaldian, parkatuezineko okerrez, GEU ipini dabe, konturatzeke, ziur asko. Hor dozu, beraz, irakurle, liburutxu zahar barria, tarte bitarteetan edo udako arratsalde baten errez ta gozaro maminez zeuganatu daikezuna.

Azken kritikak

Zero
Aitor Zuberogoitia

Amaia Alvarez Uria

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Aiora Sampedro

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Mikel Asurmendi

Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez

Jon Jimenez

Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi

Asier Urkiza

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Nagore Fernandez

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Aiora Sampedro

Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi

Mikel Asurmendi

Haize beltza
Amaiur Epher

Jon Jimenez

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Asier Urkiza

Girgileria
Juana Dolores

Nagore Fernandez

Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin

Aritz Galarraga

Teatro-lanak
Rosvita

Amaia Alvarez Uria

Artxiboa

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

Hedabideak