« Dordoka bidaiarien ildotik | Segurtasun osoa bilatzen duen normaltasunari aitzi »
Bizitzarekin solasean / Juan Kruz Igerabide / Elkar, 1989
Etxekotasuna Amaia Iturbide / Hegats, 1989-12
Juan Kruz Igerabide Juan Mari Lekuonaren eskolakoa dugu, hots, Lekuonak mundu-ikuspegia adierazteko erabilitako espresamoldeak eta Igerabidek aukeratuak bide beretsutik doaz. Ene irudiko, eraginak zuzenak dira eta, hein haundi batean, ulertzekoak, lilurak, poeta on batenganako lilurak, bere ordaina duelako. Baina, era batean zein bestean, lilura-menpekotasuna askori gertatu izan zaigu eta ez da izutzekoa eta bai, ostera, poztekoa, zeren, denbora umotu ahala, bakoitzaren izaera ere umotzen bait da eta geroan bakoitzak bere nortasunaren abotsa besarkatzen bait du, hasierako maisu haren eraginen artean esentzialena zainduz eta harenganako eskerrona ezin ahaztuz.
Bizitzarekin solasean-en Juan Kruzek ahozko euskararen tradizioa (errepikazioa eta hitz dekoratiboak eta kopla zaharren teknika) jasoz, erromantzeen moldeak erreskatatuz, herriaren ohitura eta zenbait sinismen oroituz eta gure mitologia mintzaeraziz etxekotasuna sortzen du, atmosfera epela, nire ustez eskertzekoa dena. Giroaren lagungarri, soinu leunen ahaire kateatua eta palatalizazioa (txikiarenganako afektibitatea).
Balantzaren mutur batean baretasuna haztatu ahal badugu, beste muturrean, baretasunaren mugitzaile gisa, irudien arteko kontraste orekatsua. Marcello Pagninik poesiarik helduena poesiarik konplexuena, kontraste-kopuru gehien duena dela dio. Baina nola lortzen du Juan Kruzek kontrajarpena? Nire ustez, hiru baliabideok erabiliz: Hitzak lekuz aldatzean, beraien esanahiak aldatuz; adjetibo landuen, matizatuen bidez; eta bai adierazian, bai adierazlean mamitzen diren hitz jolasen bidez. Imajinak orrietan zehar zirrara-sorten jarioan, ur-jauzika bezala, doaz elkarren ondoan, enkabalgamenduen zaldi lasterren trostara.
Gizaki bizidun oro mugitzen den bezala, poemak ere bere erritmo propioa eramaten du eta erritmoaren nolakotasuna zein poemamoetaren aurrean topatzen garen zehazteko zeinua izango da: zer esaten duen eta nola. Irudien arlo iradokorrean gaudela aprobetxatuz, imajina bat hautatu dut liburu honen niretzako adierazia deskribatzeko: zuhaitzarena, bizitzaren sinboloa den aldetik. Zuhaitz-orpoak sustraiak dauzka (liburuan ere elementu telurikoak nonnahi daude), eta nahiz sendo errotuak egon, Juan Kruzek asmatutako hitzean, “amesgora” doa (kosmoaren beste elementuak ere erruz daude), argalduz, lirainduz, espiralaren higiduraz (hona hemen estilizazioaren garrantzia). Eta enborra komunikazio-eraztuna da, errealitatea dela medio, ikusten eta ezagutzen ditugun objetuak direla medio, beste mundua ulertzeko balio duelarik, beste munduaren erreferentzia argiak objetuen barnean aurkitzen bait dira.
Eritzi honen azken puntua borobiltzeko, zilegi bazait, hauxe eskatuko nioke, besterik gabe, egileari: hurrengo lan poetikorako irudien arteko barne-kateatzea ez dadila izan ha¡ etena, hain presazkoa.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi