kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Folin markesa: marraskiloak eta euskaldunak uharte galduan / Kepa Altonaga / Elhuyar, 1998

Ke-egile Iñaki Irazabalbeitia / Hegats, 2000-06

Zenbait baieztapen entzun edo irakurtzen ditudanean duela hogei bat urte Adolfo Suarezek, Espainiako presidentea orduan, eginiko adierazpen batzuk etortzen zaizkit gogora: No se puede explicar física nuclear en vasco esan ei zueneko hura, hain justu. Antza, estatuko informazio-zerbitzuak ez zebiltzan oso fin eta beren nagusiari Donostiako Kimika Fakultateko ikasleok mekanika euskaraz ikasten ari ginela ez zioten kontatu. Alta bada, Suarezko dukeak ereindako duda-haziak igaliak eman ditu eta hark esandakoaren ezpaleko baieztapenak topa litezke oraindik, atzen Hegatsen esaterako (Hegats 23/24, 135.or.).

Honela dio Ricardo Gomez filologoak Kepa Altonagaren Folin Markesa: marraskiloak eta euskaldunak uharte galduan liburuari egiten dion kritikan, oro har, taxuzko dena bidenabar: “Altonagak ahalegin handia egin du euskaraz landugabeko zientzia-dibulgazioaren genero honetarako idazkera egokia bilatzen eta hein handi batean lortu ere du”. Eta aurrerago. “Gurean hain agorra izaten den saiakera-generoari —are agorrago den zientzi-dibulgazioarenari —…” Gomezen esanak irakurtzean mindu egin naiz. Egia aitortzen dizuet. Gutxietsia sentitu naiz; atzen hogei urteotan egin dudanaren zati handi batek ezertarako balio ez baitu izan. Barka horren pertsonalki hartzea auzia. Ehundaka artikulu eta liburu bat idatzi ditut, Asimov euskaratu dut, dibulgazio-aldizkari bat zuzendu dut eta makina bat irrati-ordu bete ditut euskaraz landugabeko genero batean. Hori marka! Duela urte batzuk, literatoek zein kazetariek kontuan hartzen ez gintuztela ohartzean “letra-juntatzaile ” bataiatu nuen neronek gure jarduera. Leitutakoak leitu ondoren, birbataiatu beharko dut gure afizio/ofizioa. Zelan “keegile “, guk produzitutakoa kea airean bezain fite barreiatzen da eta?

Ricardo Gomez fede txarrez ez dela aritu jakin badakit eta, horrexegatik hain justu, ez diot begizkoa joko, baina informaziorik ezak edo jakinduria ez-osoak makur jo dutela garbi dago. Irudipena daukat, tamalez, ez dela bera bakarra eta zientzia eta euskara elementu arrotz direla uste dutenak uste baino haboro direla.

Duela hilabete batzuk Egunkariako Izarren Hautsa zutabean idatzi nuena ekarriko dut hona segidan (99-12-7): “Terminologia zientifikoa finkatzea euskararen normalizazio-prozesuan eginiko lehen urratsetako bat izan zen. Natur zientziei, fisikari eta kimikari buruzko hiztegiek bi hamarkada baino gehiago dute eta gauza bera esan daiteke formula matematikoak irakurtzeko moldeaz”. Batzuetan gauza hauek ahaztu egiten direla iruditzen zait. Izan ere, euskarazko lehen hiztegi terminologikoa Jakin-en Natur Zientziak izan zen (1976). Horren segidan etorri ziren UZEIren Fisika (1979) eta Kimika (1980) hurrenez hurren. Udako Euskal Unibertsitateak argitaratu zituen lehen liburuen artean (1977) Ekologia, Fisika eta Kimika daude besteak beste. Derradan, bidenabar, hiztegi horiek ez zirela ezerezetik sortu, Euskal Herriko fakultateetan eta ikastetxeetan eskolak euskaraz ematen zituztenen eguneroko lanean izan zutela oinarria baizik. UEUren Uztaritzeko azken urtean (1976) zientzietako mintegien partaideok (Leioako euskal irakasleak, ikastoletako maisu-maistrak eta elhuyarkideok) eragiketa matematikoak euskaraz izendatzeko moduan batasuna hitzartu genuen eta laster formula matematikoak euskaraz irakurtzeko Karlos Santamariak eginiko proposamenak guztion oniritzia izan zuen. Elhuyarrek eta UEUk antolatutako alfabetatze zientifikozko ikastaroen bidez dibulgatu ziren euskarazko eskolasistemari, haziak airean bezala. Elhuyar aldizkariak 25 urte bete zituen iaz. Soka honek luze jo lezake eta ez da hori asmoa, baina zilegi bekit, zerrendari amaiera emateko, Gaiak argitaletxea aipatzea azken hamar-hamabi urteotan hamarka dibulgazio-liburu argitaratu dituena.

Hori guztia eta gehiago euskaraz landugabeko zientzia-dibulgazioan. Erreparatu al dio irakurleak zein mailatan zeuden jakintzaren beste adarrak eta euskara batua bera batasunaren eta estandarizazioaren bidean garai hartan? Egia esateko, Kepa Altonagak liburu honekin euskarari egin dion ekarpenik handiena ez dator zientziaren hizkuntzaren alderditik hizkuntzaren senaren alderditik baizik, ahalegin handia eta eskertzekoa egin baitu mendebaldeko euskararen hainbat forma eta joskera euskara batuaren korronte nagusian txertatzen. Horixe eta horixe da, hizkuntzaren ikuspegitik, liburuaren benetako balio erantsia.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak