kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Manu militari / Jose Agusitn Arrieta / Elkar, 1987

Manu militari: Frankismo osteko mamuak Jon Kortazar / Eguna, 1987-03-05

Aspaldi batean esana nuen, ni neu —nire apaltasun osoan, noski— Eliot izaterik izango banu, eta J. A. Arrietak —bere apaltasunean, noski— Pound izateko betarik izango balu, ez naizen Eliot honek, ez den Pound horri, “Il meglior fabbro” deituko liokeela.

Nobela honetan, literaturaren esku-langintza, artesautza, literaekintza artesaua agertzen du garbi. “Manu militari” nobelaren abiapuntua doblea da: maitasun-istorioa (soldadutza baino “bahiketa hutsa” izena hobeki jarria duen garaian egindako karta multzoa) eta maiteminduen elkarrizketaren gainetik zabaltzen den erreflexio-maila. Saizarbitoria eta Aresti besarkatzeko ahalegina. Euskal narratibagintzan nagusitzen ari zaizkigun lirismo eta metaliteratura. Utopia eta Etiopia.

Eta mailakatzean ez dakit nobelak huts egiten ez duen, zeren ongi baino hobeki, ulertzen dut maitasun historia, eta bere barnetik ari den utopia nahiaren metafora. Erresistentzi nahia, idealismoa. Baina ez dut garbi ikusten maila bien arteko batasun-lotura. Umore izenarekin saldu zaiguna ez da umorea-eta, ironia baino. Eta ironiak isiltasunak sortzen duen izura darama, larrialdira, idealismoa zapuztera, etsipen gorrira. Saizarbitoriarengan gertatzen denez, adibidez. Eta Joxe Austinen kasuan “Arrieta, siempre de berriketa” ez da ironia horretarako erabili, eta idazleari ere isiltasunak beldurra ematen diola susmatzen dut. Bera utopiarako bideetatik abiatu delako.

Maila bien arteko dialektika hori nobelaren ezaugarririk bereziena da. Positiboki, ez pentsa, gehien harritzen nauena. Batez ere Oskarren pertsonaia agertzen denean, erakusten du artifizioak noraino eman dezakeen. Oskarrek, inoiz izan ez dugun tradizio narratiboaren papera betetzen du bere eztenkada zirigarriekin.

Ez nuke alde batera utzi nahi nobelak agertzen duen konpromezu-arazoa. Nobela zabaldu baino lehenago erakusten zaio irakurle izango denari transizio garaiko istorioa duela begi aurrean. Errealitatea oso azalean dago, baina ez dut uste nobelak errealismoaren bidea hartu duenik, pertsonaia nagusien istorioa bera ere kartaz emanda dago, era literario batez. Gehienez intimismoak eta irakurketek hartzen dute toki nagusia.

Intertestualitatea ere garrantzizkoa da. Inguruko literaturetara zabalik egon behar dugu, haiez elikatuz. Baina egia da hori teorain bakarrik gertatzen dela.

Literatura hitzez baliatzen da. Eta nobelagintzaren ofizioa, ezagutzeko, nahitanahiez, ezagutu behar aukeratutako erreminta, euskara bera, eta honen hitzen historia. Eta puntu honetan, Arrietak maisu nagusiaren irakaskuntza ematen digu. Hemen mamitu da hainbatetan amestu dugun prosa moderno hori —ez intimista, ez objetiboa hutsean—. Ez dut sekreturik azalduko: prosa ikaragarri ederra erabiltzen du Arrietak. (Eh! Joxe Austin, zure plazerrerako: asko dakien nire lagun batek Axularrenarekin konparatu dit zure prosa). Handi-mandikeriatan jausi gabe, baina arimaz benetan, harrobi ederra dago hor. Niri, Axular ez, baina Etxaide ekartzen dit gogora.

Eguna, 87-03-05



www.susa-literatura.eus



Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak