kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Asaba zaharren baratzea / (Liburu zehatzik ez)

Asaba zaharren baratzea Gabriel Aresti / Anaitasuna, 1971-08-15

Ni xipiena naiz, aita hil ondoren jaioa. Urrikarri emazurtz hau, ez naiz jaungaia, ez naiz primua, eta horregatik gure asaba zaharren baratzaren gainean ez omen dut eskubiderik; haren heretajea, bart sortu izan banintz bezala ukatu zait. Oihal finezko bandatoz ez ninduten troxatu, eta urrezko sehaskaren ordetan manjadera pobrean eratzan ninduten.

Beraz, aita, gure lur haren atarian, mendirik mendi lau urte-giroetan zeihar ibili ondoren, atseden hartzera gelditu zenean, ez nintzen ni presente egon. Ene belarriok ez zituzten haren ele ozenak entzun, asaba zaharren baratza otoitzez bezala salutatzen zuenean; huntzadun ormez eta paret aihentsuez eraikitako hesiak inguraturik eta xedaturik zegoela zekusanean, ez nituen haren begitarte dirdiranteak kariziatu; egunez eguzkiak eta gauez ilargiak eta zeru goibelaren azpian haize bero, epel eta hotzak maite ukana izan zela ohartu zenean, ez nuen haren gizontasunaren usain maitakorrik susmatu. Hotzaldi zoro batetik bertara itzuli zenean, baratzeari bertako atea joka zegokionean, ni ausentziarik hutsenean nengoen, oraindik esistentziarik ez ukateko ausentzia nabarmenean nengoen.

Ez dut hau ongi konprenitzen, nola oroit ahal ditzakedan hain zehaztasun neurtuarekin inoiz ene belarrietara heldu ez diren hitzak, inoiz ene aurrean esan ez diren eleak nola orain ene memoria gogoratzailearen amiltegi sakon eta harleze meharretan durundio ozenetan oihartzunztatzen zaizkidan honen preseski, honen berdinzki: “Joka nagokik atea, ate gorri zurezkoa, euri zaharrek usteldua, marraskiloen bide bihurriek apaindua”.

Ai ene, ene aitaren boz finkoa, firmoa, kapitainaren ezpata bezain zorrotza, ola gizonaren mailu pisua bezain bortitza horrela mintzatu zen, jainkotegitik merkatariak zihor kolpeka eta uhe kolpeka jaurtikitzen dituen profetaren adorearekin…! Baina, bide batez, otzana zen, apal, laztangarri, triste. Malenkonia zahar batez horniturik zetorkidan neure gordaleku ezteusera:

Nuen amona zahar bat,
zazpi begiko baratzain;
deihadarkari yayoa,
marrubi-lapur banindakusan…
Bizi ote dut gaisoa?

Orkume bat banitz bezala nindoakion atzera, orpoak humilki eta eztiki limikatzen nizkiola; edo, propioago, zakur gidari bat balitz bezala zihoakidan aurrera, niri, begirik eta izaerarik gabeko itsu soraio honi.

Berak baratzera sarrera hartu zuen. Bertara sartu ginen, eta… hara! geure begi nekatuoz ikusi genituen zuhaitz jantziak, arbola sendoak, zuhamu ederrak, Euskal Herrian erlijio atzerritarrik sartu baino lehenagokotik geure lur maitea apaindu, laudatu, hornitu eta ohoratu duten haritzak, lizarrak, arteak, fagoak… Baina urrats bat aurrerago egin genuen, eta han dena zen adar huts eta abarraska eihar. Adar haik, oroitzapen ahaztuak zekazkiten xoriez zeuden beterik; aita eta biok ikusi gintuzten, ni ere ikusi ninduten; bat batean, gutien uste eta espero nuenean, hegoei eragin zieten. Agur, agur, adio, usa-kolunba ume-ar, hik dakianari ene diosala eramokl

Sarrera hargatik aitak geroxeago esandako hitzak hauk ziren:

Nigana datoz, nahaska,
adiskide min maiteak!
Barru-muineko gauean,
su itzalia gar gorri bizi
dabil bihurtu nahian.

Kasik negarrez zegoen, zotinez eta heiagoraka:

Belar gaiztoak jan ditu
ene bide ezkutuak.
Ale bakanak dakazki
bide gaineko mahatsak,
eta ez dago ezein eguzki.

Ondikoz eta tristuraz erostaka zebilan:

Urte joanen zitala!
Zaharkitu duzuena,
nola berrizta liteke?
Hain zabal nuen baratze hura,
honen hertsi, honen gabe!

Eta aurrera diraut, aurrera nakio, neure alta espiritualaren, neure aita poetikoaren ondikoak eta heiagora elderniatuak entzuteari eta konprenitzeari narraika, arrainak harrapatzeko sareak utz ditzadan, berari jarraiki nakion, lege berri batean iraun dezadan eta fede bortitzago bati ekin nakion diostan profeta Jainko-seme bat balitz bezala, honela esplikatzen dautalarik lehena zer zen, zer izan zen, nola baratz-erdian aurkitu zuen amona, nola alderoka, zutik jaiki ezin zitekeela zetorkion, nola zetorkion begi galduak noranahi galtzen zitzaizkiola, nola heriotzeak zekarren besa-ondotik laguntzen ziola, bera bere buruz eta bere indar apurrez ez baitzen gai aurrera urrats bat ere, pauso sinple bat ere, atzera pauso bat ere, urrats sinple bat ere egiteko ez gai eta ez kapaz.

Eta dio:

Amona, zatozkit, otoi!
Iloba laztan ezazu,
deit iezadazu “iloba”.
Hitz hori ontzen zait zahartzeaz,
ardo zumela bezala.

Jira eta biraka hasi zen, dei eta dei egiten ziola, ez dakit nori, aireari edo haizeari, lurrari edo leihorrari, urari, euriari edo itsasorik gabeko ekaitzari; aitari dei egiten ziola, amari dei egiten ziola, hoik guztiok baitzitzaizkion lurrak (edo aireak edo itsasoak) irentsi zizkion bere haurtzaroko lagunakZaharraren indarrez bir-umetu, berriz haurtu eta hartzara infantetu denez gero, bere menpeko darabila lehengo zirrada bederak.

Urrikarri urrikarri sentitzen dut hura neure bihotzaren barrenean. Lausorik eta ez besterik ez du berak, giza-leinuak dakarkeen argi bizia ilundurik datozkidan itsu-begietan… Hala konturatzen naiz diotsala ene aitaren adimendu poetikoak bere buruari. Non nahi den barrentzen ari da iragan aldiaren zerrena eta sitsa.

Eta zuka, hitanorik gabeko zuka mordoilo batez, zoroki mintzatu zitzaion, gaztelu gaitz bat errendatu ondoren printzesa kastetate-gerrikoko bat bortxatzera doan zaldun (zaldi-dun, zela-dun) arrotza bailitzen.

Laztan egiten du haren maxela zimeletan, urte betea konplitutako sagar zimel haietan. Bera (eta bera amona zen, mundu bakan hartan nain berber eta bakoitz), harrituta, harri bihurtuta, bihotza harri bezalakotuta, begi eta begi eta begira zegokion. Gero, geldiro, “Nor zaitut?” diotsa. Berriz etortzen zaizkit gogora aitaren pentsamenduaren uhinak: “Euskaraz hark niri galdegina, gogoan besterik ez dut!”.

Bere begien suz sutu nahiz hari bereak, ba diotsa: “Iloba nauzu, zaharrena… Zure marrubi gorriak inoiz ohosten (hura izan zen lapurreta, ohorgoa makala!) ohi nituena…”

Oroit ote da? Begietan, bai zalantza egiten dut, duda handia eta izugarria egiten dut, ximist-ikararik iragan zitzaiolako duda eta zalantza beldurgarria. Eta burua igurtzi zion astiro, esanez: “Zu?… Zu?… Gaisoa!”

Hasi zen biraka berriz,
hil zaharrei dei-negarrez,
heriotzearen egarri…
Bizitzearen hondar aleak
larrainean eultzen ari!

Ai, bai! Orduko oraina! Oraindik ez zen zerua diamitaz lehertu; oraindik euskaldunak ez ziren tradituak izan beraien erlijio-kideez… (Ai, hura baitzen atzipamendu eta desenganio, batera biak, sakrifikadore subiranoak ez zituenean errezibitu nahi ukan Galileatik igorritako antziano eta printzipal fariseo debotak!).

Ekaitzarekin batean (eta Jainkoak ez zion gure aita poetikoari ekaitza ezagutzeko atsekaberik ez oinazerik eman; dohatsua hura!), beste poeta (kontuz hemen! irakurleak irakur beza O eta E, eta ez U) nagusiago (!) batek (hobeki joan zitzaion zeru-azpiko denboran) kaletik iturrinora zebilan eztebe proto-martiri batek honela kantatzen zuen:

“Y el Verbo se hizo luz, y Adolfo Hitler…”

Horregatik,

Hara, bidean, baldarño,
muttiko bat guregana:
Hark bir-iloba, nik seme.

Lehen aipatutako ene anaia nagusia zen, Eladio, geroago ni, Filipe hau, honen higuin, honen gorroto ukanen ninduena. (Beste egun batean esplikatuko dut bi anaiok asaba zaharren baratzean zertan iharduki genuen, hark loregintzan, nik laboragintzan, eta zein akabaera zitala eduki zuen gure jardin-guduak; bai, kantuzko bertso lanetan azalduko dut!).

Ikusi zuen amonak, bertan gelditu zen, eta hura zen haren eztizko irribarre gozoa!

Hara zer dakusadan, bai, nola laztan egiten duen, bere hezur hauskorrak pozak zoratzen dizkiolarik, eta diotsan:

Hi haut,
orain hakusat
ongi;
hi haut,
bai,
holako!

(Ez zion bere grazia naturalaz aipatu, orain nik ahaztu nahi dudanaz —Eladio, nik jarri diodan etiketa bat da, Filiperena ere intentzio gaiztoko beste etiketa bat den bezala—, ezpada aitaren izen sakratuaz…).

Eta izen hartaz kontsakratu olioaz igurtzi zuen burutik oinetaragino, erregetan, profetatan eta apaizetan.

Guztion lehen denbora desiratua zegoen ele gozoka orduko orain arrosa-kolorekoaz. Bitzuok (amona zaharrak eta haur gazteak) mintzo ber-bakoitzaz, hizkuntza bereaz zihardukaten. Aitaren asaben lokarri zaharra (Goikojaun jaunari eskerrak eman zizkion) ez zen eten, ez ebaki, ez apurtu!

Eta orduan gure aitak etorkizunaren bisio bat eduki zuen, aurrera-ikuste bat. Gure aita Xabier, zenbait moldez eta taiuz Jaunaren graziazko urte honetako hainbeste seme barreiatu edo xedaturen guraso propioa haizena, ametsik ederrenetako zeran haizena, izena benedikatu dauaguna, asaba zaharren baratzerako gutiziatu huen miraria orain gorpuztu duk. Bai, nola eduki huen etorkizunaren admonizio hura? Nola jakin huen, orduan (orain) eguzkiz jantziko zela asaba zaharren baratzea? Orduan (orain) zuhaitzak frutuz beteko zirela? Orduan (orain) baratza leheneratuko zela, mundu guztira bere mugak berriro zabalduz? (Zeren, hemen gaudela, hemen sufritzen dugula, poloetako jelak eta desertuetako hareak eta itsasoetako uharteak eta orain lau mila eta hiru mila eta bi mila urte landatutako harriak ere enteratu baitira). Bai, jauna, gure jaun eternal eta oroitzapen-guztietakoa, nola jakin huen, lehen inoiz bertan ikusi gabeko zuhaitz berri bat egonen zela, ekaitz eta tormenta eta baje guztien erdian, burruka gorrera doazen soldatu-kide guztien buru…? Nola jakin huen, haren gerizak herri-baratzak inmortal eginen zituela?

¡Oh, Tabor mío; oh, transfiguración del viejo huerto! ¡Hazte carne y realidad! ¡Qué la esencia del pasado mude el huerto viejo en huerto nuevo!

Eta hara, Tabor mendia egia eta mamia da!

Eta hara, baratze zaharra baratze berri da!

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak