kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Bai mundu berria / Aldous Huxley (Xabier Amuriza) / Lur, 1971

Aldous Huxley-ren Brave new world nobelaren itzulpenari buruz Xabier Amuriza / Anaitasuna, 1970-08-15

Irakurleari nekez kostako zaio nobela hau irakurtzea, niri itzultzea kosta zaitan aina. Ba dakit neure ezjakintasunaren kontua dela zerbait, jakiteak ez baitu lorrik. Baina ez dut nahi apaltasun faltsoz benetako gaitza estaltzerik. Nire ezjakitasuna baino oztopo latzagorik eta desesperagarriagorik aurkitu dut: hizkuntzaren beraren ezintasuna. Eta honek erretzen daukit gibelak, zeren ezjakintasuna ikasiaz konpontzen baita; baina euskaraz zer da ikasi behar dudana eta zer ahaztu beher dudana?

Euskal literaturan Txomin Agirre, Orixe, Lizardi eta abar ditugula eta euskara —plazara jalkitzeko— moduan dagoela uste dutenek, har bezate Huxley edo honelako beste zenbait idazle, eta gero eginen dugu hitz. Norbaitek esan dezake, lehenago ere egin direla itzulpenak. Hala da, bai. Neuk ere aisa egin nezakeen Huxley-ren itzulpena neure buruarentzat, edo linguistentzat edo agian “euskaltzaleentzat”. Baina nik herriarentzat idatzi nahi dut, eta hementxe dago kakoa, alegia, nahi eta ere ezin dudala herriarentzat idatzi, neurri haundi batean behintzat. Eta, “herria” esatean, ba dakit zer diodan: ez euskaraz dakiten guztiak, oraindik zoritxarrez minoria diren euskaldun alfabetatuak baino. Eta bildur naiz, minoria horrexentzat ere ezin dudala idatzi. Ahalik eta konprenierrezen itzultzen saiatu naiz, baina ba dakit askori gehiegi kostako zaiola.

Non dago koska? Hizkuntzan bertan. Alferreko deritzat afirmazio hau oinarritzen hasteari. “Intelligenti pauca”. Askok beste gabe konprenituko du zer nahi dudan esan, eta beste asko mila arrazoiz ere ez da konbentzituko. Ez dezala inork uste, hitz hauek euskararenganako gaitzespenik edo gutiespenik estaltzen dutenik. Ez horixe. Baina bai esan behar dut, euskararen ezintasun horrek geure ezintasuna eta geldotasuna salatzen dituela; geuk dadukagula euskararen egoeraren errurik gehiena. Eta honekin nator nahi nuen harira. Batasunaren auzira.

Ez da hau lekua —eta nahi ere ez dut horretan denbora galtzerik— Batasunari buruz betiko topikoak esaten jarduteko. Ahalik eta bortitzen esan nahi dudana zera da, alegia, Batasuna urriki gabe aurrera eraman behar dela. Hauxe ere topiko gerta daiteke, baina niretzat guztiz konkretoa da bidea.

Batasunaren mugimenduak eman du pauso haundi bat: “Batasunaren Kutxa” Mitxelenaren promesaren pean. Bi gauza ikusten ditut bertan, zein baino zein inportanteagoak: liburua bera, alegia, ortografia, deklinazioa, aditza eta hiztegi bateratua. Eta bigarrena, lehenengoa bezain inportantea, batasuna aurrera eramateko zin egin duten idazleen zerrenda. Zerrenda horretan beste izen haundi bat sartu beharko litzateke: Herria.

Batasunaren auzia, beraz, oso konkretoa da niretzat. Utz polemikak alde batera, utz behingoz denok bat egiteko amets utopiko eta iheskoia. Talde haundi batek bide bat badakusa, bera ma aurrera urriki gabe. Batasunaren konplejidadeaz eta zailtasunaz ez kargutzeko bezain inozentea ez naiz. Baina uste dut, eragozpen teknikoez aparte, ausartziaren gorabehera dela gehiago. Erabaki bat hartzerakoan, gaiaren beraren zailtasunari baino bildur gehiago izan ohi zaio sarritan, ondoren sortuko den iskanbila eta nahasketari. Gaitz hau euskararen tradizioan patologikoa dugu zoritxarrez.

Baina pausoak azkar eman beharra dago. Gauzek beren denbora behar dutela atxakiaz denbora pasatzen uzteak ez du beste ondoriorik, denbora alferrik galdu dugula konturatzea baizik. Eta bildur naiz, askok, ohartuz edo oharkabez, hizkuntzaren auziak sekulorun sekulotan segi dezala nahi ez ote lukeen, kausa bikain bati zerbitzen diolakoan. Baina ba dugu hizkuntzaz beste zereginik ugari eta aurreragokorik ere.

Eta honez gero proposamendu konkreto bat egitera nator, behar beharrezko eta luza ezineko deritzadana. Lehen bai lehen erdaratik euskararako hiztegi elemental bat behar dugu. Elementalak ez du xikia esan nahi. Uste dut, milaka batzuk hitz hartzeko, ez dela askorik nekatu behar. Hiztegi horretan euskal hitz jatorrak letozke, bai eta zenbait hitz arrotz ere (eta askok uste baino askoz gahiago izanen dira). Hitzak banaka ez ezik hitzen familiak ere ondo osatzeari beharrezko deritzat. Esaterako, inork ez du dudan jarriko, erdarazko ver euskaraz ikusi dela. Baina vista, vision, vidente, visible, invisible, visiblemente eta abar esan behar ditugu euskaraz. Beste adibide bat jartzeko, hor dugu jan, denok erabilia, bai herriak eta bai idazle guztiek. Baina comestible, incomestible, comedor eta abar ere esan behar dira. Eta horra herririk gehienak komedore esaten duela. Eta ondo egiten du gainera, edo ez dezake besterik egin, zeren, hiztegira edo idazleengana badoa, sei-zazpi hitz aurkituko baititu: jantoki, jangela, jangu, janleku, jantegi, bazkalgu, bazkaldegi, eta abar. Alferrik da esatea, hitz hauk elkarren antzekoak direla eta beraz aberastasun bat dela. Hitz hauk antzekoak badira ere, beti izanen dira diferenteak; eta ugaritasun hau aberastasuntzat jotzea, neurri gabeko disparatea da, linguistikarik elementaienean. Ez dut uste, beste inongo hizkuntzatan honelakorik gertatzen denik, geurean eta geurearen antzera daudenetan izan ezik.

Beste hitz asko, dudarik gabe, kanpotik hartu beharra dago. Eta hauk ere izendatu egin behar dira. Eta izendatzeko eta fijatzeko, ez dago beste bide egokirik hiztegi bat baizik. Hitz hauexetan ere, familien problema dago. Har dezagun, adibidez, aborto. Hitz hau denok onartzea, pauso haundi bat izanik, ez da nahikoa, hortxe baitaude abortivo, abortable, abortante, inabortable, antiabortivo, eta abar. Honekin ez dut esan nahi, erdararen plagiorik edo itzulpenik egin behar dugunik. Gauza askotan ez dago paralelismorik. Neuk ere eginak ditut neure lanak honetaz, Mitxelenaren esku jarri ditudanak. Lan haietan disparaterik franko egonen dela ere ba dakit. Horrexegatik jarri ditut gizon konpetenteen eskuetan, ezjakintasuna sarriegi eta ozenegi mintzo baita euskal tradizioan. Bost axola zait gainera, lan haiek askorik balio ez badute ere, lan haik egitera bultzatu ninduten asmoak betetzen baldin badira.

Hiztegi hori idazleok beharrezko dugu, txitean pitean darabiltzagun hitzak era berdinez esan ditzagun. Baina hiztegi hori ikasleek dute batez ere beharrezko. Eta idazleok ere neurri haundi batean ikasie gara. Zer egin behar du ikasle batek, Mujikaren Hiztegira joanda? Zer hartu eta zer utzi behar du? Mujikaren hiztegia guztiz ona da, baina ez ikasleentzat, ikasientzat baizik, kriterio ondo eginak dituenarentzat. Baina urriki dut, ikasi nahiz, Mujikaren hiztegira doana, eta urrikiago oraindik Mendizabalenera jotzen duena. Eta nork ez du hiztegi hoietara mila aldiz jotzen? Dagoenera jo behar, besterik ez den bitartean. Eta nork ez du hainbeste hitz eta neologismo alferrik ikasi?

Erdaratik euskararako hiztegia urjentea dugu, jaunak. Galde, bestela, herriari. Zaila deia? “Batasunaren Kutxa”n datorren aditza onartu dugunok ez ahal genuke honelako hiztegi bat ere kopiarik gabe onartuko, han datorren euskal hiztegi bateratuaz batera? Batasunak bere esigentziak ditu, eta berdintsu ikusten dugunok ez dezakegu atzera edo albora begira eta luzamenduetan denborarik gal. Aditza beti jo izan da eragozpenik haundienetarikotzat. Eta benetan ere harriturik geratu nintzen, baturik lehenengoz ikusi nuenean; baina pozez herriturik. Denak edo asko ez daudela konforme? Eta zer axola du horrek, konforme gaudenok ere asko bagara? (nork aditzean galtzerik edukitzekotan, bizkaitarrok dadukagu. Hala ere, dudarik gabe eta ondo etorrika hartu dut, zeren askozaz lehenago baita niretzat euskaldun izatea, bizkaialdun edo gipuzkaldun izatea baino.

Aditz batuari bezain urjente deritzat nik, eta are gehiago beharbada, erdal-euskal hiztegi bati ere. Hitz asko utzi egin beharko litzateke oraingoz. Baina, milaka batzuk biltzeko, ez da bururik apurtu behar. Oinarri hori ez litzateke pauso makala, bai idazleontzat eta bai herriarentzat batez ere, hala hitzen fijaziorako, nola hainitz neologismo oker behingoz desterratzeko. Eta seguru egon, herriak ikasiko duela, lehen ere hamaika gauza alferreko eta prejuizio inozente sartu diogu eta.

Hiztegi honen aldeko arrazoiak ematen ekiteaz ere lotsatu egiten naz ia. Eguerdiko hamabietan eguzkia behar dugula defenditzen jardutea bezalatsu deritzat nik kontu honi.

Beste zenbait auzirik ere ba da euskaran, lehendik garbi ikusi arren, itzulpen honek askozaz garbiago ikusarazi dautana. Hala, adibidez, “euskal kutsua” delakoaren egia eta gezurra, sintaxia, euskal frasearen lotutasuna eta moldagaiztasuna, beste hizkuntzetako prosaren ondoan; abstraziorako edo hitz abstraktoetarako zer guti landurik dagoen oraindik gure hizkuntza, eta abar eta abar. Eta zein ateka zabaldu behar zaizkion, nire ustez, euskararen barruti hestuari, munduko prosaren plazara jalkiko baldin bada. Baina hauk, kontu luzeak lirateke.. Gainera, beste asko ere ohartu da gauza hauetaz, eta zenbait idazlek benetako ahaieginak egiten dihardu, ideia hauk burutik lumara pasatzeko.

Bukatzeko, hiztegi hori zaila dela? Ez dugu askorik belie orduan. Ez dela aurrera aterako, edo ez dela onartua izanen? “Batasunaren Kutxa”ko firmak gezurrak ez baldin badira, bai. Honegatik, horregatik edo besteagatik oraindik ezineko dela? EGIN DEZAGUN APROBA.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak