« Eskizofreniaren alderdi eztia | Soroa eta Barriola »
Harripilatan ezkutatzen zeneko apo tipiaren burutazioak / Patziku Perurena / Erein, 1990
Izaki isolatuaren diskurtsoa Josu Landa / Argia, 1990-07-01
Giza gaindiko ahotsa mintzo zaigu Patziku Perurenaren azken liburuan. Tonu profetikodun ahotsa, profeziarik egiten ez badu ere. Gizartearen gaitzen diagnostikoa egiten du, eta konponbideren bat ere eskaintzen du tarteka. Filosofiaren ertzetan murgildu nahirik, ez du gizadiaren salbaziorik bilatzen, baina gutxi falta zaio.
Onaren eta txarraren, ongiaren eta gaizkiaren gainetik, halako diagnosia egin nahi izaten denean, arazo erretoriko bati aurre egin behar zaio: urrundu beharrarena. Zuek gaixook hor, eta ni medikua hemen. Parabola bat hautatzen da horretarako: apo tipiarena. Apo tipiarekin identifikatzen da egilea eta bere hitz-jarioaren bidez egiten du gogoeta. Apo tipia, gizakiek gorrotatu eta harrikatzen duten animalia da, baina aldi berean naturala, memoriarik gabea, itxura narratsekoa baina sentibera, kasik ideala. Malditismo perfektua, baina aldi berean ludikoa, ongi pasa eta atsegina jaso beste xederik ez duen jokua. Ni apo tipia, eta zuek gizartea. Apo tipiaren hitzetan mintzo da filosofoa, literaturgilea.
Alemaniako filosofo irrazionalisten bidetik, kultura kristauaren kontra altxatzen da Perurena, errukia eta zorionaren kontra. Planteamendu eta jokabide kolektiboak ere oro dira kristautasunaren moralaren ondorio. Kristauak dira apo tipiaren etsai naturalak, eta kristautasuna dioenean, mendebaleko kultura dio. Kristo txikien eta apaiz berrien aurka, paganismoa da bidea. Bizitzea sentitzea da, ez pentsatzea. Atsegina bilatu behar da, ez zoriona. Etika moralkeria zomorrotua baizik ez da.
Liburuko apo tipiak ere, harripila baten eta hurrengoaren azpian sartu bitartean, bizi egiten du eta beraz ez du idazten, ez du pentsatzen; sentitu besterik ez du egiten. Bizitzak eta gizarteak irents dezan arriskua nabari orduko bilatzen beste harripila eta haren azpian idazteari eta gogoetatzeari ekin.
Emakumeak ere badu bere presentzia apo tipiaren diskurtsoan. Hamasei urtekoak, hamazazpi urtekoak, gutxi jantzitako neska gazteak… horietako bakoitzak nola sentitzen duen eta zer den ongi daki, misoginoek harrotasunean aurkitzen duten babesetik hitz eginez.
Liburuak guztiz harrapatu egin nau, hitzak gauzarik faltsuenak direla dioenean, izenek gauzak traizionatzen dituztela. Hastapeneko adostasun horrek porrot egin dit bukaerarako, azkenean apo tipia ere hitzen tranpa horren katibu dela ohartu naizenean. Poeta omen da hitzen traiziotik libra gaitzakeena, baina liburu honetako poetak ez behintzat. Hasierako orrialdeetan salatutako iruzur askoren praktikatzaile izaten bukatzen du. Kasu batera, galderak egitearen gaitzetik libre omen dagoen apo tipia, azkenerako gaitz beraren jarraitzaile sutsua gertatzen zaigu. Gizon publikoak gizarteko merkatuan saltzen omen ditu bere haragiak. Liburu guztiak erre behar omen lituzke mundura egokitu nahi duen pertsonak. Etabar, etabar, efektismo sinesgaitz baten atzetik.
Desgizonaren diagnosia egiten duen bitartean, ongi ari da apo tipia. Sinesgarri eta zorrotz. Supergizonaren eredua finkatzen saiatzen denean, aldiz, huts egiten du, ezagutzen ditudan prezedente guztiek bezalaxe, azken finean guztiaren atzean itxurak egitearen saioa besterik ez dagoela pentsatzeraino. Baina ez, liburu hau posea baino harago doa.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi