kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Orbel eta orri / Alfontso Irigoien / Egile editore, 1980

Alfonso Irigoien: poeta arkitektoa denean Josu Landa / Argia, 1981-04-05

Honetan ere, saridun datorkigu Alfonso Irigoien. Orbel eta orri liburuaz irabazi zuen eta iazko Felipe Arrese Beitia saria. Eta liburu horren inguruan, hain zuzen, egingo ditugu geronek zerbait burutazio.

Baina hasi baino lehen akaso gomendagarria izango genuke memoria apur bat estutzea, eta ildo horretatik iaz publikatu zuen Herrian gara bizi hartaz gogoratzea. Linea berdinetik abiatu ez ezik, era eta kalitate berdintsuko erresultatuetara iristen bait da. Liburu horretaz dagoeneko artikulu bat irakurtzeko astirik izan genuen Z.A.n, 880. zenbakian. Jexux Kaminok egin zuen orduko hura, eta aldez aurretik esan behar dugu gaurko honetarako balio handikoa suertatuko zaigula, han isurtzen ziren ideiaren batzuek hemen aplikatuko bait ditugu.

Poeta itxura baino arkitekto itxura handiagoa hartzen du Orbel eta orri liburuaren egileak. Lehen aipatutako artikuluak zioen iadanik: “Berez poesia forma bat aukeratzeak (sonetoa, bertsoak, bertso libreak, etabar) derrigorrez beste estilozko ondorioak ekarri behar ez dituen arren, honetan argi eta garbi planteiamendu formal akademiko horiek —nolabait deitzearren— espero zitekeen gaiaren tratamendu berezi bat dakarte dudarik gabe”. Sonetoak dira liburuan zehar arki daitezkeen ia poema guztiak, eta aipatu dugun zitak dioen bezala sonetoak izateak ezer gutxi esan behar badu ere, oraingoan garbi aski nabari da horrek mugatzen duela dena.

Neurria eta errima —eta erritmoa noski—, hona hemen Irigoienen poesiaren oinarria. Horiek dira korsetaren neurriak, eta sonetootan ikusten denez, inportanteena eta idaztiari poetikotasuna ematen dion faktorerik garrantzizkoena neurri horien barnean sartzea litzateke. Konklusioa: poema batzuetan izugarrizko maisutza ageri du; maisutza elkarrekin errimatzen duten hitz batzuen inguruan hamabi silabatako bertsoak (zesura eta guzti) osatzean datzala onartzen badugu. Hori bait da Alfonso Irigoienek bere poemetan egiten duen oinarrizko lanik inportanteena.

Beraz, arkitektoa esan dugu, eta ez dugu damu. Bere ofizioaren erregela aseptikoak ongi —eta oso ongi— ikasi dituen arkitekto poemagilea. Detaile formal hauetatik at, ezer gutxik urrutiratuko lituzke Orbel eta orri liburuaren poemak arruntasunik arruntenetik.

Beste ezagugarri bat jartzen bait zaigu aurrean aurrekoak bezain garden: irudimen falta. Imajinazioa urri dabilela Alfonso Irigoienen sonetoetan alegia. Azkenean, produktoa topikoz josita ageri zaio irakurleari.

Hori bai, arrazoina duzu, erabiltzen duen euskara gorenetakoa dela esan beharra dago. Darabilen hizkuntza —ez hizkuntza poetikoa, bestea— posibilitate handikoa izateaz aparte, trebetasun handiz erabiltzen du egileak. Euskararen aldetik, beraz, eragozpenik ez. Baina, dena den, bada ordua nire eritziz euskara baino urrutiago dagoen zerbait hori eskatzeko. Denei ez bada ere, Alfonso Irigoien bezalako tipo “konsagratuei” bai.

Hala eta guztiz ere, ez ginateke hainbeste larrituko guk ematen ez diogun garrantzi hori beste inon jasoko ez balu. Baina Orbel eta orri liburuaren kasuan beharbada detailerik txarrena honako hau da: saririk inportanteenetako bat jaso duela, eta horrek esan nahi du baduela eritzi sektore zabal bat bere atzean. Ez da kasu isladatu bat gainera. Honelako obra batentzat literatur sarien ateak beti zabalik izango bait dira.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak