kritiken hemeroteka

8.737 kritika

« | »

100 metro / Ramon Saizarbitoria / Kriselu, 1979

100 metro Joseba Sarrionandia / Zeruko Argia, 1979-05-13

Argitaratu berria da 100 metro nobelaren bigarren edizioa lehengoz bi urte ondoren, Koldo Izagirre-ren hitzaurreaz gain Lourdes Oinederraren azterketa bat duela epilogotzat, lehen edizioan ez bezala, eta lehenengoko 99 orrialdeen ordez 125 dituela. Euskaraz, liburu baten bigarren edizioa agertzea arras harrigarria da eta nobela honek izan duen arrakastaren seinalea.

Ramon Saizarbitoria-ren nobelagintzaz

Ramon Saizarbitoria Donostiar nobelagileak 1969an argitaratu zuen bere lehen obra: Egunero hasten delako. Nobelagintzaren konzepzio berri bat inkorporatu zuen euskal Iiteraturara. Ibon Sarasolak zioenez: “lehen euskal nobela modernoa da, hitzaren zentzurik osoenean”. Txillardegik Elsa Scheelen publikatu zuen urte berberean agertu zen, baina arras desberdina da eta honen nobeletako arazo filosofiko-esistenzialetatik urruti daude Ramon Saizarbitoriaren gai askozaz banalagoak eta irekiagoak eta nobelagintza berriko tekniken baliakera. Nobelagintza berriko teknika eta ikuspegiak euskal literaturara sartu zituena izan zen Ramon Saizarbitoria, edo sartzeko lehen ahalegin koherentea egin zuen bederen. Euskararen onerako bakarrik edo tesis bat defendatzeko idatzi ez duen lehen euskal nobelagilea, literatura autonomoki kontsideratu duen lehena alegia.

Isilaldi luze baten ondoren 100 metro izan zen bere bigarren nobela 1976an argitaratua. Nobela honek eraberritze teknikoa sakondu eta, gainera, gaiagatik batipat, arrakasta handia izan zuen eta du oraindik. Koldo Mitxelenak dixit: “con esta obra ha aparecido algo nuevo entre nosotros en el campo de la novela”.

Hirugarren nobelak oihartzun gutxiago izan duela dirudi, Ene Jesus!, (1976), irakurtzeko zailagoa delako segur. Baina, kutsu resnaisiano eta beckettiano propio bat duen arren, autorearen aurreko nobela biekiko bilakaera koherente bat nabaritzen da. Esan daiteke, halaber, aurreko nobelatako teknikak sakonduz nolabaiteko metanobela bat ere egiten dela azken obra honetan.

Edozelan ere, orokorkerietan ez galtzeko, 100 metro aipatuko dugu apur bat zehaztuago.

Nobela bat ehun metrotan

Ehun Metro delako nobela hau testimoniala da funtsean eta gidoi ardatzean gazte baten (konnotazioz ETAko baten) hilketa azaltzen da. Baina funtsezkoena ez da “gai” hau, baizik eta gai hau “nola” desarroilatzen den. Zeren eta panfleto, homilia, poema nahiz kriminologiazko estudio batetarako gaia izan baitaiteke gai hori. Testimonio hori atzemateko eta eskaintzeko erabiltzen den modua funtsezkoena eta tankera edo estilo honek ematen dio, hain zuzen, testoari literaturtasuna.

Nobela, sei ataletan banatzen da eta atal bakoitzean lau bat plano edo sekuentzia sartzen dira. Sekuentzia ardatz batek hilketaren ekintza agertzen du, beste sekuentzia periferikoetan hilketa honen kontestoa eta gertaera erlazionatuak azaltzen dira. Sekuentzia ardatza, korrika ihes doan biktimaren barnealdetik ematen da, hurbilketazko zenbait teknika narratiboz baliaturik (orainaldia, hiketa eta barne mintzaldia…). Sekuentzia periferikoetan garai eta giro iragan batzu (kolejioa, Michèle-rekiko harremanak…), biharamuneko interrogatorioa (beste mutilari) eta kutsu dokumentalezko albiste eta esaera topifikatuak azaltzen dira.

Nobelan zehar bada zenbait teknika zinematografiko. Batzutan, zineman bezala, ralenti gisa agertzen dira gertaerak. Bestetan, plano eta narrazio ikuspegi desberdinak interkalatzen dira aldizka. Artifizio literarioak baino harantzago, badu tankera dokumental bat ere. Hizkuntza desberdinen erabilkera dokumentalismo honi dagokio, eta leku geografiko konkreto bat aukeratzea ere. Maiz magnetofoia, egunkaria eta fotografia erabiltzen dela dirudi. Sekuentzia periferikoak, hain zuzen, collage dokumental gisa agertzen dira.

Eta collage delarik ez da lineala. Nobelaren gaia eta argumentoa desegituraturik daude, desegituraturik istorioa, desagerturik narradorea, deuseztaturik denbora, konkretaturik eta desplazaturiik espazioa, eta pertsonaiak aurkeztu gabe. Gero, collage baten gisara berregitaraturik, kuadro baten antzera doa koherenzia hartzen.

Amaitzeko, esan daiteke nobela testimonial bat dela funtsean, arras irakurgarria, eta arrakasta izaten dutenetarikoa gainera, zeren eta 100 metro horietan kontatzen den istorioa ez baita ez fantastikoa ez hurruna; baizik eta Euskal Herriko kontzientzia kolektiboan (eta beste gauza batzutaz euskaldunek memoriarik ez badute ere, hontaz bai) aspaldiko partez bizi bizirik den gertaera arketipo bat.

Azken kritikak

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak