kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Ezten gorriak / Gorka Trintxerpe / Idatz, 1975

Ezten gorriak Joxe M. Aranalde / Zeruko Argia, 1976-05-30

Hona hemen poesiazko beste liburuxka berri bat. Bigarrena badu hau gure Gorka Trintxerpek. Leitzar idazle gaztea ari zaigu bere fruituak ematen Nafarroako lurretan. Horrelaxe gertatu beharko du “Nekazaria” olerkian dion harako esperantzazko igerkun hura:

“Bildurikan berriro beren umeen bitxiorra
landuko dute bizkorki
eta hazi hortatik
sortuko da herria”.

Gorka Trintxerpe bezelakoek eraman beharko dute Nafarroa bere nortasun jatorrera.

Liburuak “Ezten gorriak” du izena. Deitura berriz “Liburu pobre bat” ezarri dio egileak. Ez da egia, beraz, ume txarrik ez dela guraso batentzat. Gorka Trintxerpeki ez dirudio eder eta on bere haur berria. Hala ere ez dut uste inor, nornahi dela ere, berea duela esaten lotsa litekenik.

Zer da olerki-xorta hau? Nik nerea esango dizut, irakurle, eta zuk zurea esan ahal izateko, irakur zazu eta ia biok bat jotzen dugun.

Liburuari hari bat aurkitzekotan, gure Herria jarriko nioke nik hari. Harako “Latinez du kantatu gure harriak” hartatik hasi eta “okabilak hertsi dira” delakoa bitartean, gure herriaren kondaira dago. Eta zuk badakizu, irakurle, gure herriaren kondaira ez dela egunargizkoa bakarrik izan. Ez dela bide ezagunetan barna bakarrik ibili. Gure inguruko gizarteek onartu ez duten eta ezin duten bide berriak ere urratu dituela. Hargatik nik diodan hari hori arkitzerakoan, alegiazko aztarna askori behatu beharko diozu, eta zenbait alditan zure irudimeneko eta adimeneko begiak zerbait nekatuak sumatzea ez harritu. Poesia ere ez bait dezake gure herriak egin ohizko moldetan bakarrik, burruka egin ez dezakeen bezalaxe. Gure herrigintza gure inguruak baldintzatua dago. Poesigintza ere bai, beraz.

Baina ez duzu alegiakeriarik arkituko Gorkaren olerkietan. Metaforak eta konparazioak laxterrak ditu gure leitzarrak. Ez da bakoitzaren kontenplaziotan ibiltzen. Olerki osoaren kontextoan ezartzen du bakoitza eta olerkiaren joanaren zerbitzuan. Ez du narzisismorik. Ez du zenbaitek bezela behartzen konparaziorik eta beste erretorika-motarik. Zenbait hari batera darabilzkianean ere, ez ditu nahasten, bakoitzaren bidea garbi gelditzen da, “igandea” deitu olerkiko zati hontan bezala:

“Sugeak inguraturik besoak soinari loturik
sugezko eraztuna lepoan
eta atzetik aurrera itzulirik
bere buru txiki zapalez
musuan hozka”.

Ikusten duzunez, ez ditu ideak nahasi eta ez da bera nahasi. Argi daude bakoitza dijoaneko zirrikuak. Inoiz —gutxitan— sumatzen zaizkio, bai, halako konparazio nabarmen batzuk, ohizko direnak urratuz ere bai, honako hontan bezala:

“Gaztanberaren bihotzean… haltzaren ezurrari…”.

Baina holakorik gutxi du.

Kopla zaharren tajua ere hartzen zaie tarteka Gorkaren olerkiei. Kopla zahar modura hasten ditu askotan edo tarteka olerkiak, harako “Osteguna” deitu hura bezela:

“Ez du edozein zulo egilek
urre mehatza topatzen!
Ez da
nahi duen guztirik
aberasten”.

Ez da bakarra, noski, hortan gure olerkarietan. Askok jo du hortara, eta ez gutxik egokitasunez, nahiz zaharretan, nahiz gazteetan. Gure olerki-era berriaren aitzindari den Arestik badu egoki asmatutako kopla-modukorik.

Nolabait erabateko iritzia emateko, olerkari egokia eta aberatsa dela esango nuke gure Gorka Trintxerpe. Badu grazizko ateraldirik, honako hau bezela:

“Euskeraz ordea euskeraz izan da bizi bizi ote?
bizi ala hil?
hilek ez dute eulirik ahotik bialtzen”.

Ez omen den gure Herriak eman izan dituen astinaldiak adierazteko zer esaera egokiagorik? Ez da ere aldrebesa bere burua agure zahar bati diruaren truke saldu dion bere maiteari esaten dion hura:

“Poema honen hariak gogoeraz iezaizuke
argazki hartan mototxak zenituela
ez besteren kalparrezko
tontor aize-putzak!”.

Arkituko dio ere zorroztasunik irakurleak. Ikus “Jainkoa delako horri” izeneko poesian dion hau:

“Baldin bahaiz, ona haiz mundua hobeagotzen doakelako
baina ez baldin bahaiz ere
hola zoak”.

Badu era guzitako egokitasunik. Beraz, segi dezala hortik.

Eta bukatzeko, nik eredutzat Gorkaren poesiaren bat jartzekotan —besteak baino hobeak direnik esan gabe—, bi hauek hartuko nituzke: “II kapituloaren haserakoa” eta lehen aitatu dugun “Jainkoa delako horri”. Bigarren hau, guzizko errespetoz egina egotez gainera, guzizko egokitasunez egina dagoela esango nuke.

Eta hontan bukatzen dut. Bada ez bada ere esan behar dut Gorka Trintxerpe izen-orde bikoitz bat besterik ez dela. Gure idazlearen etxeko izen-deiturak Patxi Zabaleta dira. Aurrera. Patxi. Bejondaizula?

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak