« Hitzakia eta Bidaia/Termitosti | Guardasola ahantzia »
Etiopia / Bernardo Atxaga / Pott Liburutegia, 1978
Etiopia Koldo Izagirre / Zeruko Argia, 1978-08-06
(“Gaiztakeriara oitutzen bagara, onera jarriko garela
Etiopiakoak bere larru beltza, eta katamotzak
edo tigreak bere mantxak utzitzen dituanean”).
Jeremias , 13
Juan Bautista Agirre Asteasukoaren aipamena
Etiopia ez da Patty Smithen Radio Ethiopia diskarekin konfunditu behar, Etiopia Atxagaren (Bernardo) azken emaitza dugu, aspalditik espero genuen liburua: ona omen da. Oso ona gainera. Hala dio jendeak, edo Bilintx liburudendaren inguruan ibiltzen diren euskal aurre eta post unibertsitariek. Unibertsitariek berak nahikoa lana baitute Axularren Gomendiozko Karta aztertzeaz eta porruaren fenomenoari buruzko mintegiak antolatzeaz. Etiopia da malko esentzialaren desparadisuan bizi garenon sendagarri mota bat. Bestea suizidioa da.
Zenbaitek nahiago du suizidioa, suizidatu eta suizidatzea. Bai, gertatzen da geuri ere suizidioa inposatu nahi izatea. Suizidatu nahi gaituztela. Bizi garen Etiopia honetako legedia ezagutzea aski da: gauden egoeran, lujo bat da literatura ona egitea. Eta borrela, besterena minimizatu eta geure burua deskargatu, egiten duguna. Memento hauetan daramagun horroka ez da kalitatearena, kantitatearena baizik, diote. Eta lasai.
Guretzat, literaturan literaturzaletasunez hasi ginenontzat —eta bestela hasi eta geroztik zaletu direnak ere ametitzen ditugu geure kuadrilan— pena handia da berrehunek baino irakur ez gaitzaten, sufrikario gogorra da geure lanak kritika ez ditzaten. Baina ojo amigo, zeren bik besterik irakurriko ez bagaituzte ere, gu literaturan beti, ez gaituzue nolanahi desanimatuko. Adierazi nahi genuena: ez dugula idazten helburu nagusitzat ahalik eta gehienek irakurtzea dugularik. Ez da hori gure ardura lehena. Eta badaezpada ere, esan dezagun gu euskarazko klaseak emanez eta ematetik bizi garela. Jendeari “hau mahaia da” erakustetik halegia. Badaezpada ere, ez zekienak sinis beza. Sinisten ez duenak egin dezala galde.
Argudioak milaka erabil ditzakegu, liburu “on” bakar batek bi “erraz” baino irakurle gehiago egiten dituela, “txarra” ergo “erraza”, eta “zaila” beraz “ona” ez direla oso ekuazio zuzenak… milaka, arrazoiak Gure Etiopiako lege literarioa hautsita erdi klandestinitatean bizi den ia elemento bakarra Bernardo Atxaga da, Atxaga, jendeak dionez. Hura gertutik edo ezagutzeko aukera izan duenak badu haren dedikazioaren berri, haren literaturaganako ixuriaren primizia. Ezagutu ere berehala egingo du, euskarazko irakasle anonimoa gainditzen eta obsesionatzen duen superego literarioa. Piolet poeta. Literatur zorotasun batek bakarrik bultza baitezake inor literatura egitera, orain eta hemen. Profesionala dela entzun dugu oraindik orain irratsaio kultural batetan. Ez dakigu zer esan nahi den horrenbestez, esaldia hitzez hitz hartuz gero parregurea letorkioke euskal literatura erdi ezagutzen duen edonori; bestalde berriz egia da profesionalaren lana dela berea, egunero kuestionatzen eta eztabaidatzen duela bere ihardunaren modua eta etorkizuna. Izan ere, eta ez da txistea, batek baino gehiagok batere lotsarik gabe izenpetuko genituzkeen poemak hautsi eta zakarretara botatzen baititu Pioletek, Atxagak. Literatura ona egin nahi izatearen lujoak noski.
Eta hori nabaritu egiten da. Ezohizko perfekzioz eta osotasunez ageri da Etiopia, lur anonimoaren bihotza, basamortuzko erresuma. Lotsa handiko depurazioak egin dira testuingintzan barrena, ordu luzeren emaitza zaigu eskaintzen, eta aurkezten zaiguna dastatzekoa dela esan behar. Badute zer aztertua gure ikastoletako neska mutiko alaiek.
Joseph Uzzari geografo errumaniarrak zertxobait esana zigun, ozta adierazia hobeki esan, Piolet poeta handiaren lanaz. Orain, Atxagaren pazientziari esker, Pioleten biografia eta poemagintza zuzenetik jakin ahal ditugu, eta Atxagak bere burua Pioleten jarraitzaile aitortzen duenez gero, beldur gara biltzaileak ez ote duen Pioleten alderdiren bat edo beste gehiegizko maitasunak eragindako itsumenez azaldu. Bego hori zalantza intelektualoide bezala.
Atxaga ez da, baiki, Neruda eta Whitman deskubritzen ari den despistatu bat. Ezta ere Ginsberg eta Gimferrer-en ausardiaz txundituta geratzen diren prinzipiante horietako bat. Atxaga “bueltan” dator, gauza esenzialagoetara etorri ere. Aspalditik daki hilekoaren hainbeste inportante bat liburutan gastatzea zer den, badaki zer den irakurmina, baita zer den “berandu iristearen” amorrazioa: denok gorrotatu izan dugu Maiakowsky noizbait. Gertuago dakusagu poeta ingeles metafisikoetatik gaur egungo Marinetti guztietatik baino. Mistiko bat da Atxaga. Mistikoa ez ezik aszeta ere:
Harea lurrik anonimoena
Hareaz eginak desparadisoaren zutabeak
Eta Lurra planetaren aidea ere
Azken finean, izpiritu minbera izaki, infernua bezala sofritzen du Atxagak Etiopia, bederatzi zirkulutan, hareazkoak eta ez Danteren bisitakoak hain zuzen. Han, haruntzago, beste zubi bat ikusten du, etcetera estupido bat baino ez dena haatik. Ez da harritzekoa ez kasualitate, “alferrik” kalifikatiboaren errepikazio klabea, zeren itsasoa bera ere basamortuaren beste izena baizik ez baita:
Irlaren batetara joanen ginateke bestalde
Inon irlarik balego
Edo herri honetako proiektuan murgilduko
Utopia ausartenak ere hain zikoitzak ez balira hemen
Eta esperantzaren esperantzak ere Etiopia honen ironiak besterik ez dira:
Koskortuko dira oraindik itxaropena
Eta balkoiko geranioa
Malditotasun hau, beharbada, gehiegizkoa irudituko zaio bati baino gehiagori, batez ere hasierako Kain-en kantua irakurrita. Hasieratik abisatzen baikaitu Atxagak ezker abertzaleko zein subtaldetan ikusten duen bere burua, ez du inor estonatuko noski España tixiki bat inposatu nahi diguten legaltasunaz kanpo hala aukeratuta, bizi den batek holako jarrera hartuak. Eskapismoa, etsipen gratuitoa, idealismoa esango duzue. Literarioki behintzat, euforiak emaitza triste asko eman dizkigu azken urteotan. Azalduko zaio Atxagari linterna eskuan traidore bila dabilenik. Ez da erantzunik gabe geldituko.
Itzulpenen alferrikakotasuna eta agian landueza, zenbait prosazko pasarte eta “Eguneroko bizitza ikatza…” poema luzea beste nonbait hobe leudekeelako ustea, eta idaztankeran oraindik somatzen diren akats minimoak ez dira, inolaz ere, Atxagaren meritoa eta lana gutxiesteko aitzakiak. Egitura aldetik, esanak esan, liburua borobila da, ZIUTATEAZen gratuito xamar ageri zen hainbat gauza orraztu du, galbahetik pasarazi eta baztertu , disziplina akademikoetan kokildu gabe. Derrigorrezkoa baitu bere sena poetikoak lokarririk gabeko zapatak erabiltzea. Bestalde, liburuaren itxura eta presentazioak pobretasunak dituen errekurtsoak erakusten dizkigu, austeroa behar zuen liburuak. Argazkiak ere egokiak dira, sujerenteak.
Aspaldiko partez, Atxaga. Lehiaketak, pleituak, konkursoak, nork gehiagoak, txapelketak eta sariak maite dituztenek badute erreferentzia bat, beren buruak are gehiago aupatzeko. Lotsa arrastorik duenik inor gutxi geratzen baita Etiopian.
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Asier Urkiza
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Nagore Fernandez
Bisita
Mikel Pagadi
Jon Jimenez
Hamlet
William Shakespeare
Aritz Galarraga
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Hasier Rekondo
Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria
Jon Martin-Etxebeste
Dimisioa
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Hetero
Uxue Alberdi
Irati Majuelo
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Amaia Alvarez Uria
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Patxi Larrion
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro