kritiken hemeroteka

8.544 kritika

« | »

Mugarri estaliak / Castillo Suarez / Susa, 2000

Ezkutukoak desestaliz Ana Urkiza / Euskaldunon Egunkaria, 2000-12-30

Egia bezain gordina, bizitza bezain bortitza eta errealitatea bezain ironikoa da Castillo Suarezen Mugarri estaliak poemategia. Bere laugarren poesia liburua duen honetan, altsasuarrak egunerokotasuna du iturri, egunerokotasuna delako bizitzaren motorra eta egunerokotasunean den-denak duelako lekua: bai maitasunak, bai zalantzek, bai sufrimenduak, eta baita mugek ere.

Hogei poemako hiru ataletan dago banatuta liburua: Bidaia antolatuak, Maitasuna zedarritzen dute eta Sententzia baliogabeak. Poema liburu orekatua da, bai atal bakoitzean bilbatu dituen poema kopuruari dagokionez eta baita gaiaren tratamenduari dagokionez ere.

Poema bakoitza gorputz bat da, poema bukatu bat, eta sufrimenduaren deskribapena oinarri duela, poema liburuak hiru muga eta hiru memento deskribatzen ditu: muga bezala aurkeztuko dituen antolaketa, lurraldetasuna eta maitasuna batetik, eta leku batean kokatuta dagoenaren, bidaiariaren eta ihes egin nahi duenaren erabakitze mementoa bestetik.

Castillo Suarezen poesiak ez du edergarririk, ez adjektiborik. Ideiak eta sentimenduak iradoki baino areago sententziatu egiten ditu. Egunerokotasuna bezain gai arrunta ironiaz tratatzen du idazleak: ironia eta antitesiaren erabilerari esker, gai bakoitzaren bi aurpegiak erakutsi nahi izango dizkigu altsasuarrak: errealitatea eta errealitatea ez denaren munduan mugitzen dena: ustea, ametsa, hipokresia, nahia… Ironia erabiltzen du halaber egiaren gordintasuna amiñi bat leuntzeko.

Idazle gazteari halako tristura egoera konstante bat nabari dio irakurleak poemategi osoan zehar. Eta ezinaren edo mugen aurrean gogaituta agertzen zaion poetaren hitzetan murgil egitean, poetaren itolarria sentitzen du irakurleak ere.

Berritasuna aldarrikatzen

Lehenengo atalean, Castillo Suarezek BIDAIA du gai eta kezka. Bere esanetan, poeta gazteak dira bidaien desantolatzaileak edo sentimendu ezkutukoen aurrean oraindik hipotekatzeke daudenak. Erantzuna, hala ere, poeta zaharren hitzetan aurkitu asmo dugu. Altsasuarrak, erantzunen bilaketarako bidaia bat antolatuko du, baina antolatutako bidaiak ez direla berritzaileak esango digu, ez direla sortzaileak, ez naturalak. Antolatzea mugak jartzea dela dio, adulteratzea, eta poetak libre izan behar duela sortzeko. Mugak jarriz gero, ihes egiteko aukerak murrizten ditugula eta orekaren barruan sartzen garela azaltzen digu, eta beraz, sortzeari uzten zaiola. Antolaketa, finean, muga bat da.

Bidaiaren ideia janzteko, pertsonaia ezberdinak (bidaiaria, turista, erromes galdua edo eta noraezean dabilen marinel bat edo bidaia liburu bat) eta garraiobide ezberdinak (trena, autobusa, hegazkina) izango ditu lagun poetak.

Castillo Suarez ez da apaingarrietan galtzen eta bortitz azalduko ditu bere ideiak eta kezkak, ideia eta kezka horien azpian dagoen sufrimendua tapakirik gabe azaleratuz: minaz, debekuaz, beldurraz, horditasunaz, depresioaz, malenkoniaz, larriminaz edo desesperatuen erreinuaz mintzatuko zaigu.

Bigarren atalean, LEKUA edo KOKAPENA du kezka poetak: etxe ataria, auzoa, herria, estazioa, hiria, ziutatea, inoren lekua, gela hutsa eta toki propioa aipatzen ditu, besteak beste.

Aurreko atalean landutako bidaiaren ideia kokatu beharrean dago oraingoan idazlea. Bidaiaria leku batetik bestera mugitzen da; turista, bestalde, leku berera bueltatzen da.

Atal honetako mugak oso egunerokoak dira: maitasun eza, bakardadea, zalantzak, ezagutza eza, denbora, espazioa, distantzia, tradizioa, heriotza, mina, ahulezia…

Atal hauxe da antitesi gehien erabiltzen duena, eta lehenengo ataletik hirugarrenera jauzi egiteko balioko dion bitartekaria.

Hirugarren atalean, sufrimenduak aurreko atal bietan bezala konstantea izaten jarraitzen du, eta ohiko mugen artean, lurraldetasunak markatzen dituenak gainjartzen ditu.

Atal honetan, “hemengoak” (auzokoak, herrikoak, lagunak), “bidean direnak” (bisitariak, turistak eta bidaideak) eta “hangoak” (arrotzak, erbesteratuak, atzerritarrak) bereizten ditu. Mugaz hangoak eta hemengoak izango ditu bisitari.

Lehenengo atalean iradoki bezala, hirugarren honetan, idazleari kanporatu nahia antzematen zaio, ihes egiteko desioa, itolarriaren aurrean berritasun premia. Egunerokotasunetik at joan nahia eta mugak ahantzi beharra.

Ni/Zu formulan oinarritua, Castillo Suarezek estalkirik gabeko poesia eskaintzen digu. Mugarri estaliak desestaltzen dizkigu. Gordinegi edo bortitzegi iruditzeko beldurrik gabe, poesia zorrotz eta kritikoa egiten digu altsasuarrak, hipotekatutakoengandik urrun dauden sententziak azpimarratuz. Hori bai, ironia apur batez janzten ditu sententziok, irakurleak, begiak orritik jaso eta idazleak esandakoez hausnartzerakoan, irribarre estali edo ezkutuko bat desestaltzen harrapa dezan bere burua.

Azken kritikak

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak